Joan eduki nagusira

Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna Zientzien eta Arteen Europako Akademiako kide izendatu dute (EASA). Elkarte europar hori 1990ean sortu zen, eta ikerketa berritzailean, diziplinarteko lankidetza transnazionalean eta jakintzaren trukean eta zabalkundean diharduten gobernantzako zientzialari, artista eta profesional nabarmenek osatzen dute. Akademiako kide berriek 2022ko martxoan hartuko dute kargua, Salzburgon (Austria).

zoom Humberto Bustince

Humberto Bustince katedraduna (artxiboko argazkia)

Guztira, 2.000 bat kide ditu elkarteak, eta horietako 34 Nobel saridun europarrak dira. Humberto Bustincek dioenez, “akademia horretako kide izateko irizpide nagusia arlo jakin batean bikaintasun akademikoa lortzea da, zeren eta nazioartean ospea duten zientzialari, akademiko eta adituak aukeratzen baititu EASAk, edozein dela ere haien nazionalitatea, sexua eta jakintza-arlo edo diziplina”.

Salzburgon dago EASAren egoitza (Austrian), eta 22 ordezkaritza ditu Europan, ordezkaritza bat Estatu Batuetan eta beste bat Jordanian. EASArako hautagai berriak lehendik Zientzien eta Akademien Elkarteko kide direnek baino ezin dituzte proposatu. Kasu honetan, Humberto Bustinceren hautagaitza Krzysztof J. Cios irakasle poloniar-estatubatuarrak proposatu du, zeina Virginia Commonwealth Universityko Ingeniaritza Fakultateko Informatika Sailaren burua baita gaur egun (Virginia, AEB).

Akademiako kideak honako zortzi arlo hauetan daude sailkatuak: Giza Zientziak, Medikuntza, Letrak, Natura Zientziak, Gizarte Zientziak, Juridikoak eta Ekonomikoak, Zientzia Teknikoak eta Ingurumenekoak, Munduko Erlijioak, eta Gobernantza eta Erakunde Publikoak.

Humberto Bustince katedraduna, NUPeko Smart Cities Institutuari atxikia (ISC), mundu mailan eragin handiena eta aipu gehien dituen zientzialarietako bat da bere jakintza-arloan, Clarivate Analytics-ek 2018an argitaratutako zerrendaren arabera. Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983), eta Matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994). 1991z geroztik, NUPen ari da irakasle eta ikertzaile, ohorezko irakaslea da Nottinghameko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Jakiunde akademiako kidea ere bada. 2019an, José García Santesmases Informatikako Sari Nazionala eman zioten Espainiako Sozietate Zientifiko eta Informatikoak eta BBVA Fundazioak bere ibilbide profesional oparoagatik, eta, urte berean, Matematika Lausoetako Bikaintasunaren Sari Europarra eman zion Logika eta Teknologia Lausoen Europako Sozietateak, Pragan (EUSFLAT).