Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikerketa-talde bat Pirinioen inguruko mugaz gaindiko eskualdeetako osasun-baliabideak biltzeko mapa bat prestatzen ari da larrialdi-egoeretan erabaki logistikoak hartzea errazagoa izateko. Tresna hori, Navarrabiomed erakunde laguntzailearen bitartez EGALURG europar lankidetza-sarearen esparruan garatua eta FEDER funtsekin finantzatua, oso erabilgarria izanen da ekitaldi handietarako osasun-baliabideak antolatzeko. Pirinioen bi aldeetako larrialdietarako, hondamendietarako eta komunitate bakartuentzako arreta medikoan ekitatea sustatzea da proiektuaren helburua.

zoom Algunos integrantes del proyecto

EGALURG proiektuko partaideetako batzuk, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Martín Gastón, Laura Frías, Fermín Mallor eta Marta Cildoz.

“Osasun-zerbitzuen errendimendua hobetzeko metodo kuantitatiboak (q-UPHS)” izeneko NUPeko ikerketa-taldearen aldetik, honako hauek hartu dute parte proiektuan: Fermín Mallor Giménez Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedraduna, Cristina Azcárate Camio, Laura Frías Paredes, Marta Cildoz Esquíroz eta Martín Gastón Romeo irakasleak eta Daniel García de Vicuña doktoretzako ikaslea. 

Larrialdietarako baliabideak Nafarroan

Mapak, gaur egun Nafarroako baliabideak biltzen dituena eta 2021ean mugaz gaindiko gainerako eskualdeekin osatuko dena, osasun-larrialdiak kudeatzeko baliabide medikoak biltzeko eta bistaratzeko prozesuaren hasierako fasea erakusten du. Maila desberdinetan eskuragarri dauden larrialdi-baliabideak kokatzen ditu: “OBE_anbulantziak” (oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziak), “BEA_anbulantziak” (bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak), “Ospitaleak”, “Larrialdi_zerbitzuak” eta “EAG” (etengabeko arretako guneak). Udalerri bakoitzetik eskualdeko baliabide hurbilenetara iristeko behar den batez besteko denbora ere erakusten du.

Mapa sortzeko, ikerketa-taldeak datu-base publikoak erabili ditu. Ikertzaileek, erakunde bazkideek helarazten dizkieten datuez gain, informazio geografikoa erabiltzen dute: “Nafarroako Gobernuak informazio-geruza eskuragarriak eskaintzen ditu, eta mugaz gaindiko beste eskualdeetako datuak aurkitzea espero dugu, mapan sartzeko”, zehaztu dute.  Gainera, Open Street Map aplikazioa erabiltzen dute bidaiak eta distantziak kalkulatzeko: “Informazio hori guztia tresna oso eta erabilgarri batean sartzen dugu, erabaki eraginkorrak hartzeko balioko duena”, gaineratu dute.

EGALURG proiektua

EGALURG sarea Centre Hospitalier de la Côte Basque erakundeak zuzentzen du (Akitania Berria), eta partzuergoa osatzen duten gainerako erakunde kideak ditu laguntzaile: Tolosako Unibertsitate Ospitalea (Okzitania), Navarrabiomed eta Kataluniako Larrialdi Medikoen Sistema. 

POCTEFAren helburua aipatutako hiru herrialdeen arteko mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Zehazki, jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen dira mugaz gaindiko lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko estrategia bateratuak inplementatuz.