Joan eduki nagusira

Rosa María Canals Tresserras Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko irakasle titularra eta IS-FOOD Institutuko  zein  Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeko kidea UNESCOren Gizakia eta Biosfera Programaren Espainiako Batzordeko kide izendatu dute berriki (Man and the Biosphere, MaB) Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkari gisa.

zoom Rosa María Canals Tresserras

Rosa María Canals Tresserras

UNESCOren MaB Programaren Espainiako Batzordea ministerioarteko kide anitzeko organo aholku-emaile bat da. Bi batzorde ditu: Batzorde Zientifikoa eta Biosferaren Erreserben Kudeatzaileen Batzordea. Batzorde Zientifikoa ikerketa-zentroetako eta unibertsitateetako hogeita bi zientzialarik osatzen dute, zeinak Parke Nazionalen Organismo Autonomoak izendatzen baititu (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa), eta aholkua ematen dio Programako kudeatzaileen batzordeari. Izan ere, munduan biosferaren erreserba gehien dituen herrialdea da Espainia: guztira, 714 erreserba daude 129 herrialdetan, eta horietatik 52 Espainian; besteak beste, Nafarroako Errege Bardea.

Biosferaren erreserbak jasangarritasunaren zerbitzura jarduteko zientziak babestutako guneak dira, eta UNESCOren MaB Programaren postulatuak aplikatzen dira horietan. 70eko hamarkadan abiarazitako programa iraultzaile horrek bide berri bat zabaldu zuen naturaren kontserbaziorako. Izan ere, biosferen erreserbek helburu hauek dituzte: batetik, erreserbetako eragile sozial guztiei konpromisoa harraraztea hango baliabideak erabiltzeko moduak ziurta dezan denbora luzez mantenduko direla eta geroagoko belaunaldiek erabiltzen ahalko dituztela; bestetik, jakintza zientifikoaz eta tradizionalaz baliatzea ingurumena hobeki ulertzeko; eta, azkenik, zientzialariek konpromiso handiagoa hartzea biodibertsitate biologikoa eta baliabide naturalak arrazoiz erabiltzeko politikak egiteko. Azken batean, lurralde eredugarriak izan nahi dute, esperimentazioko eta ekimen sozialeko lekuak, hau da, eredu izan nahi dute beste leku batzuentzat baliabideak nola kudeatzea komeni den ikus dezaten.

Curriculum vitaea

Rosa María Canals Baso ingeniaria da, eta Nekazaritzako ingeniari doktorea NUPen. Gaur egun, irakasle ari da Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduan eta Ingurumeneko Agrobiologiako Unibertsitatearteko Masterrean (EHU-NUP). Ekologiako Udako Eskola Nafarraren zuzendarietako bat ere bada (2015ean eratua), eta aktiboki hartzen du parte ingurumen zientzia zabaltzearren Unibertsitatean antolatzen diren programetan.

Bere ibilbide profesionalean, klima aldaketaren ondoriozko egoeretan ekologia eta baliabide naturalak modu jasangarrian kudeatzeari buruzko gaiekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetan hartu du parte edo izan da lider, bai Espainiako bai nazioarteko organismoek finantzatutako proiektuetan. Arlo anitzeko taldeetan ere ibili da Nafarroako komunal handietako baso eta larreetako baliabideak antolatzeko planak prestatzen. Elkarte zientifiko bateko baino gehiagotako kide da, eta egonaldi luzeak egin ditu Austriako Institüt fur Botanik der Universität de Innsbruck institutuan eta Berkeley Kaliforniako Unibertsitateko ESPM Dpt. Division Ecosystem Sciences sailean (AEB).