Joan eduki nagusira

Javier Alemán Alonso Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Gizarte Zientzietako doktorea da, eta bere doktoretza-tesian Espainiako banku etikoaren egoera ikertu du, “orain arte oso gutxi, partzialki eta zatika baino ez baita aztertu”, adierazi du. Bere ikerketaren alderdi garrantzitsuen artean, honako hau nabarmentzen du: “gure herrialdeko banku etikoko erakunde guztiak banku tradizionalaren oinarrizko helburutik (irabazi maximoaren bila) urruntzen dira, eta haien iritzian ez dute banku tradizionalaren ezaugarririk. Gainera, kaudimen handiko erakundeak dira horiek guztiak, eta asko hazi dira kapitalizazioan eta bezeroetan finantza-krisiaren garaian, hain zuzen ere, bankuak diru publikoarekin erreskatatu zituenean estatuak”.

zoom Javier Alemán

Javier Alemán Alonso

Tesiaren izenburua “Banca ética: clasificación, definición y prácticas bancarias éticas en España” da. José María Uribe Oyarbide NUPeko Gizarte Antropologiako irakasle titularrak eta Txetxu Ausín Díez CSICeko Filosofia Institutuko ikertzaileak zuzendu dute batera, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Bere azterketan, Javier Alemanek azaltzen du nola 2007ko finantza-krisiak eta haren ondorio suntsitzaileek azken urteetako fenomeno berri eta interesgarrienetako bat sorrarazi zuten: banku etikoa. “Lehenengo erronka zen jakitea zerk desberdintzen duen banku etikoa banku tradizionaletik; izan ere, bi sailkapen-irizpide klasikoak partekatzen ditu banku tradizionalarekin: bere kapitalaren jabetzaren arabera, banku pribatuak, publikoak edo mistoak ditugu; eta egiten dituzten funtzioen arabera, banku zentralez, merkataritza, kreditu, nekazaritza, hipoteka bankuez eta abarrez ari gara.”

Horregatik, bere tesian sailkapen irizpide berri bat landu zuen, erakundearen helburuan oinarritua. “Banku guztiek helburu zehatz bat dute, batzuetan deklaratua eta, batzuetan, ezkutukoa, baina nahitaez ezartzen du haien ekintzen bilakaera. Batzuentzat, dirua sortzea eta legezkotasuna kontrolatzea da helburua (banku zentralak); beste batzuentzat, ahalik eta etekin handiena bilatzea (banku tradizionalak); eta, beste batzuentzat, harreman ekonomikoetan aberastasuna edo ekitatea birbanatzea (banku etikoak)”.

Era berean, autoreak dio ez direla nahasi behar banku etikoa eta beste finantza-erakunde batzuk, zeinekin erlazionatzen baitute modu desegokian, hala nola funts etiko eta solidarioak, mikrokredituak edo erantzukizun sozial korporatiboa.

Banku etikoaren ezaugarriak

Tesiaren zati enpirikoa izan da Espainian banku etikotzat jotako erakundeek gizartean eta finantzetan nola jarduten duten jakitea (Triodos Bank, Fiare Banca Ética, Caixa Ontinyent, Colonya Caixa Pollença, Oikocredit-Euskadi eta Coop57). Banku etikoek —dio Javier Alemánek— zenbait balio eta printzipio barneratzen dituzte, kode etiko batean jasoak, eta gero beren finantza-jarduera guztietan gauzatu behar dituzte. Garrantzitsuenen artean daude finantza-jardueraren gizarte-kontrola, gardentasun handia eta irabazi-asmorik eza.

Javier Alemánek, bere ikerketan, banku jakin baten banku-etizitatearen indizea edo tasa neurtzen duen tresna bat sortu du. “Kontrol eta neurketa etikoa egiteko modua planteatu dut, berez, ezin baita neurtu. Formula soil bat da, zeinaren bidez banku-ekintza guztiak kontabilizatzen baitira erakunde bakoitzak bere kode etikoetan betetzeko konpromisoa hartu duen printzipio etiko batzuen arabera”.

Zehazki, printzipio horiek betetzen diren (eta zenbateraino) neurtzen da. “Indize hori bankuek egiten dituzten edo egiten ez dituzten ekintza kualitatiboak kuantitatiboki neurtzen saiatzen da. Baliteke erabat ez lortzea, Gizarte Zientziak ez baitira zientzia zehatzak, baina garrantzitsuena da dagoeneko neur daitezkeela banketxeek egiten dituzten ekintza etikoak, edo ez”.

Curriculum vitae laburra

Javier Alemán Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua da UHUN-n (2007). 2009an Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu zuen “Responsabilidad Social Corporativa en Navarra: El caso de la CAN y su Banca Cívica” deritzan ikerketarekin NUPeko Gizarte Laneko Sailean. Erakunde horretan egin du doktoretza.

Jae-PreDoc laguntza jaso du CSICeko Filosofia Institutuan (2010-2012), eta zenbait ikerketa-proiektutan hartu du parte. Horien artean, aipatzekoak dira: “Los límites del principio de precaución en la praxis ético-jurídica contemporánea” (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa, FFI2011-24414, 2012tik 2014ra bitartean) eta “Responsabilidad causal de la comisión por omisión: una dilucidación ético-jurídica de los problemas de la inacción indebida” (Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa, FFI2014-53926-R, 2015etik 2017ra bitartean).

Halaber, estatuko eta nazioarteko biltzarretan parte hartu du, artikuluak argitaratu ditu estatuko eta nazioarteko aldizkarietan eta zenbait liburutan, eta kolaborazioak egin ditu prentsa idatzian. 

ATTAC Nafarroa elkarteko kidea da (Finantza Transakzioen Tasazioaren eta Herri Ekintzaren aldeko Elkartea).