Joan eduki nagusira

Ion Martínez Lorea (ikertzaile nagusia), Jesús Oliva Serrano, Elvira Sanz Tolosana eta Andoni Iso Tinoco Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak eta  I-COMMUNITAS Ikerketa Sozial Aurreraturako Institutuko ikertzaileak dira, eta Iruñeko hiri-gobernantzako praktika diferenteak aztertzen dituen proiektu bat egin dute. 

zoom Ion Martínez

Ion Martínez Lorea, proiektuaren ikertzaile nagusia.

Honako hau da ikerketaren izenburua: “Iniciativas de innovación social en las prácticas de gobernanza urbana. Un análisis de los procesos y espacios participativos en el marco de las políticas urbanas de Pamplona-Iruña”. COVID-19aren krisia baino lehenago hasi zen, baina, haren ondorioz, pandemian sortu diren askotariko beharrei erantzuteko abian jarritako ekimen altruista eta kolektiboak ere sartu dira proiektuaren barruan, hala nola, elikadurari, osasunari eta aisialdiari buruzkoak. Azken horiek, era berean,  SOLIVID proiektua nazioarteko ekimenean jasotzen dira. Proiektu horren helburua da lankidetza-mapa bat, online baliabide-banku bat eta artikulu-bilduma bat sortzea, koronabirusaren krisiaren aurrean elkartasunerako herri-ekimenei buruzkoa.

Elkartasuna Iruñeko auzoetan

Esan bezala, NUPen proiektuan hiriko gizarte-berrikuntzako ekimenak aurkitu eta aztertu nahi dira, herritarren laguntza- eta elkartasun-esperientzietan adierazitakoak, zehazki, Nafarroako hiriburuko hiru auzotan: Alde Zaharra, Arrotxapea eta Ermitagaña-Mendebaldea. 

NUPeko Ikertzaile Gazteentzako Laguntzen 2019ko deialdiak finantzatzen du ikerketa, eta hiru esperientzia ditu ardatz: “Plazara!” ekimena, hiri-baratze komunitarioak eta autogestionatutako gizarte-zentroak. Proiektuan, zehatzago, honako hauek aztertu nahi dira: esperientzia horietan parte hartzen dutenen profilak, planteatutako estrategiak, Administrazioarekiko harremanak eta akordioak, eta ekimen horiek politika edo arau-esparruetan izan dezaketen eragina.

SOLIVID proiektua, berriz, honako hauek bultzatzen dute: Institut de Govern i Poltiques Publiques (IGOP), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Geografia Taldea (GURB-UAB) eta Bartzelonako Institut d’Estudis Regionals i Metropolitans (IERMB), eta Latinoamerikako eta Europako 28 herrialdetako 32 ikerketa zentrok hartzen dute parte. Egun maila globaleko 2.000 ekimen baino gehiago daude mapa kolaboratiboan.