Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Edafologia eta Nekazaritzako Kimika Taldeko ikertzaileek Etxabakoitz auzoko lurrak hiri-baratze gisa erabiltzearen bideragarritasuna ezagutzeko egindako azterketak ondorioztatu du lurzoru hori laborantza ekologikorako egokia dela eta ez duela gizakien osasunerako arriskurik.

zoom Etxabakoitz

Ezkerrean, Iñigo Virto (aurrean), Isabel De Soto eta Rodrigo Antón; eskuinean, Alberto Enrique (aurrean), Armelle Zaragüeta eta Alberto Ruiz Sagaseta



Zehazki, azterketa Iruñeko Udalak eskatu zuen jakiteko ea hiri-eremu hori, iraganean industrian erabili zena, nekazaritza ekologikoko hiri-baratze gisa erabil zitekeen. Ikertzaileek lurzoruaren karakterizazio osoa egin zuten. Lurzorua Elortz errekako uholde-lautadan dago, eta 29.000 m2-ko azalera dauka. Honako hauek osatu dute lantaldea: Iñigo Virto, Isabel De Soto eta Alberto Enrique irakasleek, eta Rodrigo Antón, Alberto Ruiz Sagaseta eta Armelle Zaragüeta bekadunek eta laguntzaileek.

Alberto Enrique Martín Edafologiako irakasleak dioenez, “landaretza espontaneoaren itxurak pentsarazten zuen lurzorua nekazaritzarako erabil zitekeela. Azterketan, artsenikoa, kadmioa, kobrea, kromoa, molibdenoa, nikela, zinka eta beruna aztertu genituen, eta 9 puntutan hartu laginak. Emaitzek erakutsi zuten ez zegoela araudiak ezarritako mugak baino balio handiagorik, giza osasunerako arriskua ekar zezakeenik”.

Halaber, lurzoruaren gainerako propietateen azterketatik hau ondorioztatu zen: “lurzoru emankorraz hitz egin dezakegu, nekazaritza ekologikoan hiri-baratze gisa erabil daitekeena; aztertutako parametro guztiek adierazten dute lurzoru horien propietateek emankortasun fisiko, kimiko eta biologiko ona izango dutela”. 

Agrologia-klaseak izeneko ebaluazio-sistemaren arabera, aztertutako lurrak “nekazaritzarako erabilera ahalbidetzen du, harritsua izategatik eta 50 urteko birgertatze-aldirako uholde-arriskuagatik muga txiki batzuk ezarrita”. Gainera, ureztatzeko lurren sailkapenean bi lurzoru mota zehaztu ziren: ureztagarria mugarik gabe eta ureztagarria muga txikiekin, lurraren sakonera eraginkorraren eta eskura dagoen ura atxikitzeko ahalmenaren ondorioz.

Iruñeko Udalak 45 hiri-baratze berri jarriko ditu Etxabakoitz auzoan urtea amaitu baino lehen. 37 Iruñeko bizilagunek bakarka erabiltzeko izango dira, eta gainerako 8ak gizarte ekintzako programak dituzten edo lanerako prestakuntzako edo ingurumen intereseko hezkuntza jarduerak egiten dituzten elkarteentzat.