Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Kultura Zientifikoaren Unitatearen bitartez, “Ciencia y Misterio” web telesaila grabatu du, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak finantzatuta (FECYT). Telesaila osatzen duten bost kapituluak, bosna minutu ingurukoak, doan ikusten ahal dira YouTube plataformaren bidez.

“Ciencia y Misterio” fikziozko telesail bat da, entretenimenduaren bitartez zabalkundea egitea helburu duena. Benetako zientzialariek antzeztu dituzte pertsonaiak, ez aktore profesionalek, eta horrek, trama garatzeko erabilitako dokumental faltsuaren formatuarekin batera, sinesgarritasun gehigarria ematen dio istorioari. “Umoreak, intrigak eta zabalkundeko edukiek osatzen duten funtsezko triangeluari modu orekatuan eutsi nahi izan diogu”, azaldu dute Kultura Zientifikoaren Unitateko kideek.

fotograma

“Ciencia y Misterio” telesailaren fotograma bat

Episodio bakoitzean zabalkundea egiteko gehitutako pilula txikiaz bestalde, trama osoa iruzur zientifikoarekin lotutako gai batean dago oinarritua. “Horren bidez, gure asmoa jarduera zientifiko profesionalaren problematika ere jorratzea izan da, gai jakin batzuk landuz, hala nola iruzurra, argitaratzeko presioa edo gehiegizko lan-karga”, erantsi dute.

“Ciencia y Misterio” NUPek FECYTen laguntzarekin grabatu duen ikus-entzunezko bigarren telesaila da. Lehenbizikoa, “Ciencia en el Bar”, Iruñeko Planetarioarekin lankidetzan grabatu zuen, eta haren berrogeita hamar bat kapituluak YouTuben ikusten ahal dira.

Protagonistak eta parte-hartzaileak 

“Ciencia y Misterio” telesaila Unibertsitateko instalazioetan grabatu da. Miguel Eraso arduratu da zuzendaritza- eta muntaketa-lanaz, eta Beatriz Sevilla eta Juanjo Sáenz de la Torre gidoia idazteaz. Protagonisten antzezleak honako hauek izan dira: Gurutze Pérez Artieda (NUPeko Emakumearen eta Zientziaren Katedraren zuzendaria), Javier Armentia Fructuoso (Iruñeko Planetarioaren koordinatzailea) eta Joaquín Sevilla Moróder (NUPeko Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendaria). Honako antzezle hauek ere hartu dute parte: Pablo Rodríguez, Gustavo Moreno, Óscar Orzaiz, Ventura Ruiz eta Silvia Iriarte.