Joan eduki nagusira

Nafarroako Rural Kutxari eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Entitate Nabarmenaren IV. Saria. Sari horrek lankidetza-jardunbide egokiak aitortzen dizkie NUPekin edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetza formaleko hitzarmen bat duten edo izan duten erakunde eta entitateei. Hala, Unibertsitateak Nafarroako Rural Kutxari ezagutza zientifiko eta teknikoaren transferentziaren esparruan duela 25 urtetik hona egindako lana eta lankidetza aitortu dizkio, baita NUPeko ikasleen prestakuntza osoan eta laneratzean emandako laguntza ere.

Nafarroako Rural Kutxak eta NUPek 1998an adostutako lankidetzak hainbat fruitu eman ditu: doktoretza ondoko bekak, ikerketa-proiektuentzako laguntzak, atzerriko zentroetan ikerketa-egonaldiak egiteko laguntzak eta ikerketetako jakintza transferitzeko bi kontratu. Gainera, 2018an sortutako Enpresa Familiarren Katedra finantzatzen du entitateak, Unibertsitatearen mugikortasun-programetarako laguntza finantzarioa emateaz gainera; hala, azken hamar urteetan, 3.000 ikasleri baino gehiagori eman die mugikortasunerako laguntzaren bat, baita 1.000 bat ikaslerentzako praktikak kudeatu ere.

zoom miembros del jurado

Epaimahaiko kideak. Atzeko ilaran, ezkerretik eskuinera: María Inmaculada Jurío, Joaquín Ansa eta María Jesús Gamboa. Aurrekoan, ordena berean: Amaia Arrizabalaga, Cristina Bayona eta José F. Alenza

Ikastaroak, mintegiak, enplegua eta ekintzailetza

Bestalde, nabarmentzekoak dira Nafarroako Rural Kutxak Unibertsitatean antolatzen dituen ikastaro, mintegi eta prestakuntza jarraituko jarduerak. Zehazki, honako titulu bereki hauetan hartu du parte: “Aditua Banku Zuzendaritzan eta Finantzetan”, “Aditua Doitasuneko Nekazaritzarako Teknologia Berrietan” eta “Aditua Familia Enpresaren Kudeaketan”. Era berean, Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko NUPeko zenbait topaketa eta Esperientziaren Gela finantzatzen lagundu du, baita prestakuntzako eta kulturako beste ekintza batzuk ere.

Horrez gain, Nafarroako Rural Kutxak sostengua ematen dio Unibertsitateko ekintzailetza-jarduerari, bai kapitala jarriz NUPeko oinarri teknologikoko zazpi enpresa edo spin off-etatik seirentzat, bai babesa emanez ekintzailetzarekin lotutako ikasketa amaierako lanei, besteak beste. Azkenik, finantzabidea eman du zabalkunde zientifikoko jarduerak egiteko, NUPen 30. urteurrena ospatzeko eta Fidelizazio Plana aurrera eramateko, hogei bat lan-eskaintza kudeatzeaz bestalde.

Nafarroako Rural Kutxa

Nafarroako Rural Kutxa eskualde-esparruan aritzen den eta 959 langile dituen finantza-entitate bat da, eta 253 bulego ditu, probintzia hauetan banatuak: Nafarroa (139), Errioxa (24), Gipuzkoa (37), Araba (18) eta Bizkaia (35). Halaber, Espainia osoan hedatua dagoen Rural Kutxa Finantza Taldeko kidea da, zeinak 2.358 bulego baititu, 8.420 langile, 2.700 kutxazain automatiko, 6,5 milioi bezero eta 1,6 milioi kide.

Bere kapitalizazio maila altua kontuan hartuta, Nafarroako Rural Kutxa Espainiako finantza-sisteman kaudimen handiena duten entitateetako bat da. Abenduan, “Fully Loaded” 1 mailako kapital-ratio arrunta (CET 1) % 16,58koa izan zen. Mundu mailako rating-agentzia nagusietako bik ebaluatzen dute Nafarroako Rural Kutxa, Fitch eta Moody’s izenekoek hain zuzen, zeinek BBB+ eta Baa1 kalifikazioa eman baitiote hurrenez hurren. Hobekien kalifikatutako entitateen artean dago, beraz.

Saria eta epaimahaia

Entitate Nabarmenaren Saria urtero ematen da, eta haren bidez zenbait alderdi sustatu nahi dira: Unibertsitateak ezagutza transferitzea, berrikuntza teknologikoa eta soziala bultzatzea; NUPeko egresatuen prestakuntza osoa eta laneratze kualifikatua babestea; ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean ekintzailetzarako ekimena sustatzea; eta errealitate ekonomiko eta soziala Unibertsitateko komunitatera hurbiltzeko aukera emanen duten topaketetan, mintegietan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan parte hartzea. Halaber, Unibertsitateak eta gizarteak lankidetzan gauzatzen duten eta garapen teknologikoa eta ekonomikoa eta aurrerakuntza soziala nabarmen bultzatzen dituen ekintza oro indartu nahi da.

Honako hauek osatu dute saria eman duen epaimahaia: Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea (epaimahaiburua); Joaquín Ansa Erice Gizarte Kontseiluko burua; María Jesús Gamboa Artieda Unibertsitate-Gizarte Fundazioko jarduneko kudeatzailea; José F. Alenza García Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa; Miguel Rodríguez Wilhelmi Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; Amaia Arrizabalaga Idiaquez Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kabineteko burua, eta María Inmaculada Jurío Macaya Nafarroako Parlamentuko presidenteorde nagusia.