• www
  • Berriak
  • NUPen irakurritako tesi batek erditzeare...

Beatriz Pereda Goikoetxea osasun publikoko zenbait zerbitzutan aritua den erizain eta emaginak honako tesi hau irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan: “Análisis de la experiencia de parto en el ámbito hospitalario”. Ikerketaren helburu nagusia erditzearen esperientziak zer-nolako esanahia duen jakitea zen, eta, bildutako datuetan oinarrituta, praktika klinikoan hobetu beharreko alderdiak ezartzea.

zoom Beatriz Pereda

Beatriz Pereda Goikoetxea

Beatriz Peredak esan duenez, “haurgintzan, prozesu fisiologikoak eta psikologikoak nahasten dira, eta prozesu horietan eragina dute alderdi sozialek, ingurumenekoek, antolamendukoek eta politikoek. Horiek guztiek eragina izan dezakete amaren eta seme edo alabaren ongizatean, bai eta amaren eta seme edo alabaren arteko erlazioan eta amaren eta haren bikotekidearen artekoan ere”. Hori dela eta, Beatriz Peredak aztertu du amentzat zein premia diren positiboak eta zein negatiboak, osasun laguntzako zein faktorek izaten duen eragina amen gogobetetze mailan, eta zer aldaketa detektatzen diren amengan eta profesionalen portaeran.

Blanca Marín Fernández (NUP) eta María Isabel Elorza Puyadena irakasleek (EHU) gidatu dute doktoretza-tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du. Ikerketa egiteko, erditu berri ziren zenbait emakumeri egin zien elkarrizketa Beatriz Peredak, bai eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Erditzeen Zerbitzuan bi urtez lanean aritutako zenbait profesionali ere. Zehazki, 42 emakumeri egin zien elkarrizketa haurra egin eta 8 astera; 32 emakumeri eta bikote bati egun horretatik 8 hilabetera; eta osasun zerbitzuetako 5 foku-taldetako profesionalei gero.

Alderdi positiboak eta negatiboak

Ikerketaren arabera, erditzearen esperientzia positiboa izan dadin, emakumeentzat ezinbestekoa da konfiantzazko erlazioa izatea profesionalekin, informazioa eta kanpo nahiz barne kontrola edukitzea, eta bikotekidearen laguntza eta inplikazioa. Esperientzia horri buruzko iritzi negatiboa, berriz, alderdi hauekin lotzen dute: informazio falta edo gabezia, ahozkoa ez den komunikazioaren zenbait alderdi kezkagarri, irizpide bateratuak ez edukitzea, nahasmena, bikotekidearen inplikaziorik eza eta profesionalek portaera eta jarrera inpertsonalak izatea.

Bestalde, osasun zerbitzuetako profesionalek adierazi zuten diziplinarteko protokoloak ezarri behar direla informazioa emateko eta zainketei segida emateko.

Beatriz Peredaren esanean, “bi ikuspegiak batuz gero, argi dago etengabe egokitu beharra dagoela testuinguru soziokulturalera, eta modu berritzailean kudeatu behar dela erditzearen esperientzia; hala, prozesu interaktiboak eta terapeutikoak bultzatuko dira, eta emakumeen eta haien bikotekideen nahia errespetatuko da, profesionalei beldurrik eragin gabe horrengatik emaitzak kaltegarriak izango ote diren”.

Ondorioak

Ikertzaileak ateratako ondorioetako bat da guneak sortu behar direla amek, bikotekideek eta profesionalek iritziak eta esperientziak truka ditzaten eta interakzioan aritu daitezen. “Profesionalek ama- eta aita-identitatea indartu beharko lukete, eta haien banakako gaitasunak sustatu beharko lituzkete. Hala, amek eta haien bikotekideek hobeki ulertuko dute jasotako informazioa, erabakiko dute nola parte hartu nahi duten modu seguruan, eta gauza izango dira erabakiak arduraz eta denen artean hartzeko, erditzearen esperientzia positiboa izan dadin”.

Ildo beretik, ikertzaileak dio “haurgintzan, emakumeak jarri behar direla erdigunean zainketetarako, eta zainketa indibidualizatuak, pertsonalizatuak, osatuak eta jarraituak eman behar zaizkiela beren balioak, hautuak, kultura eta nahiak errespetatuz, baita haien bikotekideenak ere”. Gainera, “amek eskatzen dute bikotekideen beharrak ere onartzeko, eta haurdunaldiarekin, erditzearekin eta seme-alaben hazkuntzarekin lotutako gune guztietan integratu behar direla, amaren, jaioberriaren eta bikotekidearen artean talde batu bat osatzeko. Horretarako, profesionalek erantzukidetasunez eman behar dute prestakuntza, informazioa eta estimulua”.

Beatriz Pereda Goikoetxea Erizaintzako diplomaduna da (EHU), eta Erizaintza Obstetriko-ginekologikoaren espezialitatea egin zuen (emagina). Gainera, Antropologia Sozialeko eta Kulturaleko Lizentzia (EHU) eta Generoaren eta Osasunaren Unibertsitate Masterra ere baditu (Rey Juan Carlos Unibertsitatea). EHUko Medikuntzako eta Erizaintzako Fakultateko irakaslea da, eta 22 urteko esperientzia profesionala du erizain eta emagin gisa osasun publikoko zerbitzu batean baino gehiagotan (Osasunbidea, Sacyl, Osakidetza). Ikerketako zenbait artikulu argitaratu ditu, eta Espainiako eta nazioarteko zenbait biltzarretan hartu du parte.