Joan eduki nagusira

zoom Liburuaren azala

Liburuaren azala

Nafarroako Unibertsitate Publikoak biografia bat argitaratu du Matilde Huici Navaz-i buruz (1890-1965). Iruindar hau XX. mendeko lehen hamarkadetan emakumeen eskubide sozial eta politikoak aldarrikatu zituzten intelektualen taldeko kidea izan zen. Ángel García-Sanz Marcotegui NUPeko Historia Garaikideko katedradunak idatzi du liburua, eta argitaratzeko Carlos Chivite Fundazioaren laguntza izan du. “Matilde Huici (1890-1965), una ‘intelectual moderna’ socialista” izenburua duen liburuaren salneurria 16 euro da.

Matilde Huici Iruñean jaio zen familia liberal eta errepublikazale batean. Irakasletza eta Zuzenbidea ikasi zituen eta Madrileko “Residencia de Señoritas de Madrid” egoitzan aukera izan zuen zirkulu politiko eta intelektualekin eta Clara Campoamor edo Victoria Kent moduko abokatu ospetsuekin harremana izateko. Geroago, Estatu Batuetan osatu zuen bere prestakuntza eta bertan adin txikiko baztertuekin lotutako gaietan espezializatu zen. Luis Martín Adeva senarrarekin batera, haur behartsu eta baztertuen egoera hobetzeko jardun zuen Adingabeen Babeserako Auzitegiaren bidez eta Asociación Auxiliar del Niño elkartea bezalako ekimen pribatuen bidez.

1928. urtean Agrupación Liberal Socialista taldearen sorreran parte hartu zuen, taldeak aurrera egin ez zuen arren, non Clara Campoamor eta bera izan baitziren emakume bakarrak sustatzaileen artean. Hiru urte geroago, 1931n, PSOEn afiliatu zen eta erantzukizun postuetan egon zen II Errepublika bitartean. Bera izan zen emakume bakarra 1931ko Konstituzioaren aurreproiektuaren batzorde juridiko aholkularian.

Huicik 1933. urtean proposatu zuen hauteskundeetarako bere partiduko hautagaitzetan, “gutxienez” heren bat emakumeak izatea. Bere eskaera ez zen kontuan hartu baina militantziarako zuen konpromisoa zela eta, PSOEk antolatutako mitin askotan parte hartu zuen.

Bestalde, giza eta gizarte gaietan zeukan gaitasun ziurtatuarekin eta esperientziarekin, Espainiako ordezkari izendatu zuten Nazioen Elkartearen Gizarte Gaien eta Gai Humanitarioen Batzorde Aholkularian –NBEren aitzineko erakundea– 1935-1936 eta 1937-38 urteen artean. Matilde Huici II. Errepublikaren Gobernuarekin konprometitua egon zen, Emakume Antifaxisten Elkarteko kide zela Gerra Zibila amaitu arte.

Gerra Zibilaren ostean Matilde Huici Txilera erbesteratu zen eta, han, hezitzaileen prestakuntzan jardun zuen batez ere. Herrialde latinoamerikar horretako hogei bat haurtzaindegik daukate iruindar intelektual honen izena, alor horretan egin zituen lanengatik ospe handia baitauka bertan.