Joan eduki nagusira

zoom Irene Martín irakaslea.

Irene Martín irakaslea.

Irene Martín Madrilgo Autonomoko Zientzia Politikoko irakasleak eskolaren zeregin aktiboagoa aldarrikatu zuen atzo, eztabaida eta herritarren parte-hartzea eta parte-hartze politikoa sustatzeko. Aldarrikapen hori egiten du 38 europar herrialdetan 14 urteko gazteen artean egindako azterlan baten emaitzak ikusita, non, besteak beste, Espainia ikasgeletan eztabaida gutxien sustatzen duen hirugarren europar herrialdea dela islatzen den. Hala ere, gazteen artean gero eta desafektazio politiko handiagoa dagoelako kondaira desegin zuen, horretarako 18 eta 35 urte bitarteko europar gazteei buruzko azterketa demoskopikoen datuak emanez.

Irene Martínek Nafarroako Parlamentuan parte hartu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako parlamentuak antolatutako “Gazteak eta Politika” zikloko hirugarren hitzaldian. Politologoak Espainiako gazteen parte hartzeko moduak aztertu zituen ikuspegi konparatuan, arreta berezia jarriz eskola eremuan, eta bere hitzaldia lau galderaren inguruan egituratu zuen: Lehengo gazteek baino gutxiago parte hartzen al dute egungo gazteek?, Politikarekin interes gutxiago al dute?, Zer itxaron dezakegu haiengandik? eta, Zer zeregin du horretan guztian eskola eremuak?

zoom Aretoaren irudia eta Irene Martín, Koldo Amezketa Parlamentuko lehendakariordea eta José María Uribe NUPeko irakaslea alboan dituela. Biok hizlariaren aurkezle lanetan aritu ziren.

Aretoaren irudia eta Irene Martín, Koldo Amezketa Parlamentuko lehendakariordea eta José María Uribe NUPeko irakaslea alboan dituela. Biok hizlariaren aurkezle lanetan aritu ziren.

Galdera horiei erantzuna eman aurretik, Irene Martínek azaldu zuen, gaztearoa -18 eta 35 urte bitartean- izenarekin definitzen den garai horretan portaerak eta jarrerak ezberdinak izaten direla adin tarteen arabera. Hori argitu ondoren, eta oro har mintzatuz, zehaztu zuen, esaterako, espainiar gazteen artean ez dagoela alde handirik 1988ko eta 2002ko boto-emaile gazteen artean partaidetza indizei dagokienez. “Bai ikusten dira aldeak Alemanian, non lehen parte-hartze handiagoa izaten baitzen. Aldiz, Herbereetan edo Erresuma Batuan ere ez dago alde handirik –zehaztu zuen–. Gauza bera gertatzen da manifestazioetako parte-hartzeekin: ezin dugu esan oro har orain gazteak pasiboagoak direnik. Beraz, atera dezakegun lehen ondorio bat da gazteen artean gero eta desafektazio politiko handiagoa dagoelako kondaira bat badela”.

Gazteek politikarekin interesik ote duten galderari dagokionez, Martin irakasleak erakutsitako inkestek egiaztatzen dute bai interes gutxiago dutela, baina kasu askotan jarrera hori alda daiteke, adinean aurrera egin ahala. Parte-hartzearen eremuan, baita ere adierazten dute gaur egun espainiar gazteek europar gazteen antz askoz handiagoa dutela, espainiar helduek europar helduekin dutena baino. “Gainera, parte hartzeko modu batzuetan, helduak baino aktiboagoak dira, aldakorragoak badira ere testuinguruaren arabera. Hori irizpide gabeziatzat har daiteke, baina baita une jakin batean gertatzen ari denaren interpretazio arrazional gisa ere”, azaldu zuen.

Gazteengandik zer itxaron dezakegun susmatzeko, Martin irakasleak 14 urteko gazteen artean egindako azterlanean azaltzen diren emaitzetara jo zuen, eta hainbat emaitza esanguratsu atera zituen. Azterlanean adierazten da, esaterako, DBHko neska-mutilak Europako batez bestean kokatzen direla gizartearen eta herritarren balioen ezagutzari dagokionez, eta adin horietan Espainia bigarren dagoela balio demokratikoen alde jokatzeari dagokionez. Era berean, suediarren ondoren, espainiarrak bigarrenak dira genero berdintasunaren aldeko jarreretan.

Bitxia bada ere, politikaz galdetzen denean, Espainiaren kokapena beheren dauden mailetara jaisten da. Egoera horren aurrean, politologoak aldarrikatu zuen eskola eremuaren barruan sustatu behar direla parte hartzeko eta eztabaidarako trebetasunak. “Galdetutako neska-mutilek adierazten dute ez dela eztabaida sustatzen eskolan, eta gainera, horretan bat datoz irakasleak eta ikastetxeetako zuzendariak. Beraz, nik uste dut eskolan askoz gehiago egin daitekeela. Kontuan hartu behar da adin horretan ikasten diren balioak bizitzan zehar irauteko aukera gehiago izaten dutela”, bukatu zuen.

Mahai ingurua

Irene Martínek ikasleentzat eta Unibertsitateko kide guztientzat irekia zen mahai inguru batean parte hartu du gaur, ostegunean, goizeko 10:00etan Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Irene Martín Madrilgo Autonomoko Zientzia Politikoen irakaslea da Zientzia Politikoen doktoretza egin zuen unibertsitate berean eta Juan March Institutuko kidea da 2004. urtetik. Bere ikerketa lerro nagusiak lotuta daude gazteen kultura politikoarekin eta hiritarrentzako hezkuntzarekin, eta Europa hegoaldeko kultura politikoarekin, bereziki Espainiakoarekin eta Greziakoarekin.

Nazioko aditu gisa lagundu du Hezkuntza Ministerioaren Ebaluazio Institutuko ICCS (International Civic and Citizenship Study) azterlanean, funtsean 38 herrialdetako 14 urteko ikasleei 2009an egindako inkesta batean oinarritutakoa. Gaur egun Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Fakultateko Nazioarteko Harremanetako dekanordea da.