JAULAB PROIEKTUA zientziarekin, teknologiarekin eta arteekin lotutako diziplina desberdinetako pertsonek osatzen dute, eta, elkarrekin lankidetzan, instalazio bat sortu dute audio espazialeko algoritmoak erabiliz azken belaunaldiko soinuarekin esperimentatzeko.
PERTZEPZIOA
Norabide eta distantzia desberdinetatik datozen soinuak entzuteko gaitasuna alderdi erabakigarria da gure pertzepzioari dagokionez. Gure ikuseremutik kanpo gertatzen diren gauzen berri ematen digu, baita inguratzen gaituen munduan murgilduak egotearen sentsazioa eman ere. Are gehiago, animalia batzuek ezaugarri anatomiko eta fisiologiko jakin batzuk garatu dituzte ikusgarritasun gutxiko edo batere ikusgarritasunik gabeko baldintzetan harrapakinak lokalizatzeko.
AUDIO ESPAZIALA
Soinu murgilgarriaren aurkezpenak edo renderizazioak helburu zehatz bat du: hiru dimentsioko soinuzko eszenen giza pertzepzioa imitatzea prozesatze-teknika egokiak baliatuz. Zenbait arlotan erabiltzen da dagoeneko, hala nola zineman, bideo-jokoetan, errealitate birtualetan, errealitate handiagotuan...
IKASGELATIK HARATAGO
Oro har, ikaskuntza-prozesuak ikasgelaren espazio fisikora mugatzen dira. Horrek zaildu egiten du ikasitakoa integratzeko eta garatzeko prozesua. Guk espazio berri bat sortu dugu, mugarik gabeko aukerak dituena, eta ikasgelaren gaztelaniazko aula hitzari “joko” hitzaren J letra eta “laborategi” hitzaren B letra gehituta jarri diogu izena.
INSTALAZIOA
Disposizio arkitektoniko berezia da. Izan ere, karrilloiak, gramofonoak, zinta magnetikoak, CDak, surround soinuak eta halako teknologiek osatu dute gure entzutezko esperientzien esparrua historian zehar. Instalazio honek, berriz, audio espaziala modu artistikoan aztertzeko lanabesak ematen dizkigu, unean uneko teknologiak eragin zuzena baitu sorkuntza-prozesuan berean.