• ES
  • EU
  • EN


2018ko martxoaren 16a [Erakundeak]

NUP-ek lankidetza protokolo bat sinatu du Estella-Lizarra, Zangoza, Erriberri eta Berako udalekin

Udalerriek "NUP antenen" sare bat osatuko dute, eta haietan unibertsitateko jarduerak egiteko aukera egongo da

zoomEzkerretik eskuinera, Josu Iratzoki, Ángel Navallas, Alfonso Carlosena, Koldo Leoz, Andoni Lacarra eta Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea.

Ezkerretik eskuinera, Josu Iratzoki, Ángel Navallas, Alfonso Carlosena, Koldo Leoz, Andoni Lacarra eta Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lankidetzako protokolo orokor bat sinatu du Estella-Lizarra, Zangoza, Erriberri eta Berako udalekin baterako jarduerak garatzeko eta erakunde lankidetzako bide egonkor bat ezartzeko. Hori dela eta, udalerri horiek "NUP antenak" (NUPen jarduna hartu eta zabaltzeko duten gaitasunagatik) izango dira aurrerantzean, eta beren lurralde eta eragin esparruetan ahalbidetuko dute herritarrek ezagut ditzaten Unibertsitateak sustatutako ekimenetako batzuk, eta, horretaz gainera, herritarren kezkak bideratuko dituzte goi mailako hezkuntzako erakundera.

Protokoloa duela gutxi sinatu zen Unibertsitatearen instalazioetan, eta dokumentua sinatu zuten Alfonso Carlosena NUPeko errektoreak, Koldo Leoz Estella-Lizarrako alkateak, Ángel Navallas Zangozako alkateak, Andoni Lacarra Erriberriko alkateak eta Josu Iratzoki Berako alkateak. Hitzarmenak erantzuten die Nafarroako Unibertsitate Publikoaren nahiari bere erakunde presentzia eta Foru Erkidegoko lurralde osoko herritarrekiko harremana sendotzeko, eta toki erakundeek duten nahiari beren herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeen irakaskuntza, kultura eta zientzia zabalkundeko jarduerak antolatzeko.

Egin daitezkeen jarduerak

Zehazki, alde sinatzaileek lankidetzan jardutea aurreikusten dute informazio hitzaldiak antolatzeko, irakaskuntza eskaintza sustatzeko, eta udako ikastaroak, hitzaldiak, eztabaida mahaiak, zientzia zabalkundeko jarduerak, erakusketak edo proiektuak, unibertsitateko kultura jarduerak, edo zientzia edo irakaskuntza intereseko jardueren zabalkundea egiteko. Gutxienez ere bi jarduera garatuko lirateke urtean hitzarmena sinatu duten herrietako bakoitzean.

Ekintza horien finantzaketa ez da oraindik ezarri, esparru-akordio bat baita, baina, nolanahi ere, Unibertsitateak eta tokiko erakundeek batera finantzatuko lituzkete. Eskualdeetako erakunde pribatuak eta publikoak ere proiektuan elkarlanean aritu daitezen ahaleginduko dira. Alde bakoitzaren ordezkariek osatutako batzorde bat arduratuko da lankidetzako protokolo orokorraren jarraipena egiteaz, baina NUPen eta udalerri bakoitzaren arteko bitariko hitzarmenak ere sortuko dira arloko gaiak aztertzeko. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du.