• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Maria Chiara Marullo italiar legelariak lortu du 2016ko NUP-eko Doktoretza Tesien Jaime Brunet I. Saria

Bere lanak aztergai izan ditu torturen eta gerrako krimenen biktimek dauzkaten eskubideak justiziara jotzeko eta ordaina eskuratzeko

zoomMaria Chiara Marullori eman diote Doktoretza Tesien Jaime Brunet I. Saria

Maria Chiara Marullori eman diote Doktoretza Tesien Jaime Brunet I. Saria

Doktoretza Tesien Jaime Brunet Sariaren epaimahaiak erabaki du lehenengo edizioaren saria Maria Chiara Marullo italiar legelariari ematea, “Las tendencias internacionales en tema de jurisdicción internacional y la experiencia española” lanarengatik. Saria Jaime Brunet Fundazioak eman du (Nafarroako Unibertsitate Publikoan du egoitza), 2.000 euro eta lana argitaratzeko aukerarekin batera. Bere helburua da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea.

Marulloren lanak nazioarteko zigor-sistema aztertu du, justizia globalaren eta giza eskubideen babesaren testuinguruan, eta saiakuntza egiten du, zehazki, hura osatzen duten tresnak eta zigorgabetasunaren aurkako borrokan duten funtzioa ulertzeko. Horien artean, ikertzaileak azpimarratzen duen bezala, garrantzi handiko funtzioa betetzen du jurisdikzio unibertsalaren printzipioak; izan ere, “foro alternatiboak sortzen ditu, eta, zenbaitetan, ‘forum necessitatis’ direlakoak ere bai, eta baliarazi egiten ditu biktimek dauzkaten eskubideak justiziara jotzeko eta torturaren eta gerrako krimenen moduko nazioarteko krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik ordaina eskuratzeko”. “Hala ere –jarraitu du legelariak–, printzipioaren misioak duen unibertsaltasunaren eta estatu nazional subiranoen interes politikoen berezitasunaren arteko kontraesana dela-eta, horiek ematen baitute hura aplikatzeko lege-esparrua, printzipioak gorabehera ugari izan ditu eta ditu oraindik. Horiek erakusten dute jurisdikzio-tipologia horrek jarraitzen duela ezaugarritzat edukitzen konplexutasuna eta aplikagarritasun-arazo handiak”.

Jaime Brunet Fundazioak, sari horretaz gain, Jaime Brunet Nazioarteko Saria eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria ere ematen ditu. 2016ko deialdian, Reprieve britainiar GKEari eman zioten lehena, eta Izaskun García Barberena ikasleari bigarrena.

Maria Chiara Marulloren curriculum laburra

Maria Chiara Marullo (Crotone, Italia, 1985) doktorea da Jaume I Unibertsitatean (Castelló de la Plana, Valentziako Erkidegoa), Bakeari, Gatazkei eta Garapenari buruzko Nazioarteko Ikasketen programan. Zuzenbidean lizentziatu zen 2008an, Boloniako Unibertsitatean, eta bertan egin zuen Masterra Europar Batasuneko eta Nazioarteko Zuzenbidean, 2009. urtean. Ondoren, 2011n, Bakeari, Gatazkei eta Garapenari buruzko Nazioarteko Ikasketetako Masterra egin zuen Jaume I Unibertsitatean. Halaber, Mexikoko gobernuak atzerriko irakasle bisitariei ematen dien bikaintasun-beka bat jaso du, baita doktoretza aurreko beka bat ere Bakerako Filosofiaren UNESCO Katedran lankidetzan aritzeko, Jaume I Unibertsitatearen eskutik.

Marullo, gaur egun, unibertsitate horretako doktoretza ondoko ikertzaile kontratuduna da, Finantza eta Kontabilitate Sailean, Zientzia Juridiko eta Ekonomikoen Fakultatean. Sostenibilidad de las Organizaciones y Gestión de la Responsabilidad Social - Mercados Financieros ikerketa-taldeko kide da. Bere ikerketa-arloak nazioarteko zuzenbidea, giza eskubideak, enpresa multinazionalen erantzukizuna eta garapen iraunkorra dira.