• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-ek datorren ikasturteko graduen eskaintza indartu du titulazio bikoitz batekin eta ingelesa eta frantsesa ikasteko programekin

Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza bost ikasturtean ikasi ahalko da

zoomElikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntza Graduko zenbait ikasle eskola batean NUPen.

Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntza Graduko zenbait ikasle eskola batean NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hezkuntza eskaintza zabalduko du 2017-2018 ikasturterako gradu bikoitz berri bat martxan jarriz: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntza, erakundearen Gobernu Kontseiluak onetsi bezala. Gainera, hizkuntzak irakasteko egiten den apustuaren bidetik, ingelesa eta frantsesa ikasteko hamaika hizkuntz programa berri jarri dira martxan. Hala, hamaika gradutako ikasleak, karrerako irakasgaiak egitearekin batera, berariaz prestatuko dira Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Komunaren mailaren bat lortzeko.

Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIGMET) da titulazio berriaren arduraduna. Interesa duten ikasleek gradu bikoitz hori bost ikasturtean egin ahalko dute (hamar seihilekoan) bi titulazioak uztartzeko diseinatutako berariazko programarekin.

Unibertsitateak, halaber, hizkuntz programak diseinatu ditu ikasleek beren graduko gaitasunak osatu eta haietan ezagupenak sakon ditzaten eta, aldi berean, lan-merkatuan nabarmenduko dituen ingeleseko edo frantseseko maila lor dezaten.

Graduko ikasketa eskaintza nazioarteko programa berriak onartzean osatuko da. Helburua da ikasleek beren gaitasun linguistikoa garatu eta gai izan daitezen beren bizitza akademikoa eta profesionala atzerriko herrialdeetan gauzatzeko. Ikasleek irakaskuntzaren herena gutxienez ingelesez egingo dute. Programa horietako titulazio bakoitzean eskaintzen diren ikaspostuak lortzeko ezinbestekoa izango da izangaiek ingelesezko B2 maila gutxienez egiaztatzea. Gaur egun nazioarteko hiru programa daude: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ), Gradu Bikoitza Ekonomian eta EAZn eta Gradu Bikoitza Zuzenbidean eta EAZn.

Ingelesa eta frantsesa ikasteko programak

“English Learning Programme” delakoan (Ingelesa Ikasteko Programa) matrikulatzen diren ikasleak berariaz prestatuko dira hizkuntza horren C1 maila lortzeko, hiru ikasturteko epean eta dagokien gradua ikasten duten bitartean. Hauek dira programa hori eskaintzen duten titulazioak: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Gizarte Lana, Soziologia Aplikatua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Fisioterapia (Tuterako campusa), Zuzenbidea eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak. Horrekin batera,“English Learning Programme” Ekonomiako Graduko ikasketekin koordinatuta ematen da ikasturte honetatik aurrera.

Hizkuntz eskaintza “Programme d’Apprentissage du Français” (Frantsesa Ikasteko Programa) delakoarekin osatzen da, eta Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) bi titulazioetan egin daiteke: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan, alde batetik, eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako titulazioan, beste aldetik. Bertan, ikasleek B1 maila lortuko dute. Gainera, Enpresen Administrazio eta
Zuzendaritzako Graduko Nazioarteko Programaren bi ibilbideetan ere egin daiteke: lehenengo kasuan C1 arteko maila lor dezakete ikasleek, eta, bigarrenean, B1 artekoa.

Graduko titulazioen eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.

Informazio gehiago behar izanez gero, jarri harremanetan Ikasleentzako Argibide Bulegoarekin 948 16 90 96 zenbakira deituz edo posta elektronikoko helbide honetara idatziz: oficina.informacion@unavarra.es