• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP itsas produktu naturalak ikertzen ari da ospitaletako infekzioak sortzen dituzten bi bakterioren kontra borrokatzeko

Biofilm patogenoen kontrako inhibitzaileen bila ari dira ikertzaileak, Ekonomia Ministerioak finantzatu eta Navarrabiomed zentroak garatutako proiektu batean

zoomNUPeko ikertzaileak Navarrabiomed zentroan. Ezkerretik eskuinera: Sonia Sáenz, Jaione Valle, Iñigo Lasa, Saioa Burgui, Begoña García eta Cristina Solano.

NUPeko ikertzaileak Navarrabiomed zentroan. Ezkerretik eskuinera: Sonia Sáenz, Jaione Valle, Iñigo Lasa, Saioa Burgui, Begoña García eta Cristina Solano.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzaile estrategia berriak bilatzen ari dira Navarrabiomed zentroan (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen ikerketa biomedikoko zentro mistoa), bakterio-biofilmen sorrerari lotuta osasun-zentroetan harrapatzen diren infekzioak tratatzeko. Zehatz-mehatz, gernu-infekzioak eta inplanteekin lotutako beste zenbait infekzio eragiten dituzten bi bakterioren kontrako inhibitzaileak bilatzen dituzte itsas produktu naturaletan.

Proiektuak Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzabidea izan du: 920.845 € jaso ditu guztira, eta 141.745 € dagozkio Nafarroako erakundeari. Leongo Biomar enpresa da proiektuaren buru, eta Kantabriako Unibertsitateak eta Nafarroako Recombina enpresak ere parte hartzen dute. NUPeko ikertzaileak, berriz, hauek dira: Saioa Burgui Erice, Begoña García Martínez, Iñigo Lasa Uzcudun, Sonia Sáenz Lahoya, Cristina Solano Goñi eta Jaione Valle Turrillas, Navarrabiomedeko Mikrobio Patogenesiaren Taldeko NUPeko ikertzaileak.

“Azken mende honetan garatutako txertoei eta konposatu antibiotikoei esker, mikroorganismo patogenoek eragindako infekzio akutuei lotutako heriotza-tasa kontrolatzea lortu da –azaldu du Iñigo Lasa katedradunak. Gaur egun, Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa zuzentzen du ikertzaileak, Nafarroako Foru Erkidegoan osasun-ikerketa sustatzeko laguntza zientifikoa eta teknikoa ematen duen Nafarroako Gobernuaren organismoa–. Gaur den egunean, herrialde garatuen erronka terapeutikoa da infekzio kroniko jakin batzuei aurre egitea, zeinetan ehun edo material bati itsatsita ugaltzen baitira bakterioak eta haiek babesten dituen matrize bat osatzen baitute. Biofilm deritzen egitura horiek antibiotiko-terapiek huts egitea ekarri dute, eta prebentziozko immunizazioa eragozten dute”.

Infekzioak sortzen dituzten bi bakterio

NUPeko ikertzaileek, proiektu horren bidez, estrategia genetiko berri bat aurkitu nahi dute, biofilmak eratzen dituzten bakterioen kontrako jomuga terapeutikoetan oinarritua. “Bi bakterioren biofilmak eratzea inhibitu nahi dugu: batetik, ‘Staphylococcus aureus’ bakterioaren biofilmak, zeinak infekzio sistemikoekin lotzen baitira eta kateter baskularrekin eta protesiekin erlazionatuta baitaude; eta, bestetik, ‘Escherichia coli’ bakterioaren biofilmak, zeinak gernu-infekzioekin lotzen baitira. Bi infekzio-eredu horiek arazo larriak sortzen dituzte mundu osoko ospitaleetan, infekzioek dituzten ondorio kliniko eta ekonomikoengatik”, dio Iñigo Lasak.

Hori dela eta, ikertzaileak buru-belarri ari dira lanean mila bat itsas produktu naturalen bilduma batetik konposatu aktibo jakin batzuk identifikatzeko. Konposatu horiek, hain zuzen, bi helburutarako balio behar dute, bai biofilmen sorrerarekin lotutako hiru bakterio-prozesuren aurka egiteko, bai eta egitura horiek sortzea inhibitzeko eta, antibiotikoekin konbinatuz, inplante medikoei lotutako infekzioen tratamendua errazteko ere. “Mila itsas konposatu natural inguru dituen bilduma horrek dibertsitate kimikoaren maila oso handia du, eta horrek aukera emango du biofilmak inhibitzeko eta haien birulentzia erreprimitzeko ahalmen terapeutikoa duten molekulak identifika ditzagun”, dio ikertzaileak.

“Gure hipotesia da bakterioek biofilmak eratzeko erabiltzen dituzten estrategietan nahasita dauden elementuetako edozeinekin interferitzeak eragina izango duela egitura horien garapenaren inhibizioan, eta konposatu aktiboak identifikatzeak aukera emango duela prozesu patologikoen deuseztatzean eta/edo prebentzioan sinergia-efektua izango duten konbinazio-tratamenduak diseinatzeko”, erantsi du azkenik Iñigo Lasak.