• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikerketa bat kostua-eraginkortasuna aztertzeko analisiak egitearen aldekoa da, osasun kudeaketa hobetzeko

Patricia Serrak bere doktoretza tesian esaten du mesedegarria izango litzatekeela praktika klinikorako eta baliabideen erabilera eraginkorragoa egiteko

zoomPatricia Serra Arbeloa, NUPeko doktore berria

Patricia Serra Arbeloa, NUPeko doktore berria

Ebidentzia zientifikoan oinarritutako osasun kudeaketan kostua-eraginkortasuna aztertzeko analisiak egiteak “onura handiak ekar ditzake bai gaixoentzat, bai osasun sistemarentzat bai eta jende guztiarentzat, praktika klinikoa hobetu eta baliabideen erabilera eraginkorragoa egiten baitu, eta, hortaz, sistematikoki aplikatu beharko litzateke bai jada ezarrita dauden prozeduretan, bai teknika edo tratamendu berri bat ezarri baino lehen”. Patricia Serra Arbelo medikuak (Iruñea, 1977) Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako doktoretza tesiaren ondorioetako bat da hori. Medikuak larruazaleko melanoma duten gaixoei egindako proba diagnostiko baten (gongoil zelatariaren biopsia selektiboa) kostua-eraginkortasuna aztertzeko ikerketa bat egin du.

Gongoil linfatikoak, gorputz osoan banatuta dauden organo txikiak, immunitate sistemaren zati garrantzitsua dira, eta zelula minbizidunek organismoaren beste zati batzuetara zabaltzeko gaitasuna lortu duten zehazten laguntzen dute. Gongoil linfatiko zelatarietara zabaltzen dira, probabilitate handienarekin, zelula minbizidunak tumore primario batetik (gorputzean agertzen den lehenengoa). Gongoil linfatiko zelatariaren biopsian, gongoil bat edo, hala badagokio, batzuk aurkitu, erauzi eta aztertzen dira, zelula minbizidunak dauden zehazteko. Biopsia hori, orokorrean, bi minbizi mota hauen estadioa zehazten laguntzeko erabiltzen da: bularreko minbizia eta larruazaleko melanoma.

Emaitza eztabaidagarriak

Patricia Serraren doktoretza tesiak ebaluatu zuen gongoil zelatariaren biopsia selektiboa larruazaleko minbizian. “Teknika horren erabilera oso zabaldua dago larruazaleko melanomaren maneiuan, eta bere eraginkortasuna eta kostuak ez dituzte ebaluatu, argitaratutako saiakuntza klinikoen emaitzak eztabaidagarriak baldin badira ere”, ikertzailearen arabera.

“Berrikuspen sistematiko bat egin ondoren, zeinean gai horri buruzko ia 3.000 artikulu zientifiko aztertu baitziren, egiaztatu zen lan ugari argitaratu direla, baina soilik kopuru murritz batek daukala ebidentzia zientifikoaren maila handia”, esan du doktore berriak. Francisco Guillén Grima (NUPeko katedradunak) eta María Soledad Álvarez Ruiz (Zaragozako Unibertsitateko irakasleak) zuzendu dute tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Horrez gainera, Patricia Serrak egiaztatu zuen aipatu biopsiaren erabilerak “ez daukala desberdintasun esanguratsurik biziraupen globalari dagokionez, lodiera ertain eta handiko larruazaleko melanoman, beste estrategiarekin alderatuz gero: gaixoaren jarraipen hutsa egitea hasierako lesioa kendu ondoren, zeina ‘ex novo’ agertzen baita, eta hori tratamendu minimotzat hartzen da”. “Lodiera txikiko melanometan ezin da ondoriorik atera biziraupenari dagokionez, baina joera gainerako lodieretarako azaldutakoaren antzekoa da”, erantsi du.

Kostua-eraginkortasuna aztertzeko analisian, aipatu biopsiak “ez du hobekuntzarik erakusten osasun emaitzetan, eta, zehazki, irabazitako bizi urteei eta gaixoen bizi kalitateari egokituta irabazitako bizi urteei dagokienez, lodiera ertaineko larruazaleko melanoman dagoen onura arin bat izan ezik”. “Horri gehitzen zaio estadio aurreratuko larruazaleko melanomaren diagnostiko kostu handiek agerian uzten dutela lehen mailako prebentzioa eta detekzio goiztiarra sustatzeko beharra”, aipatu du Patricia Serrak.

Hori dela eta, ikerketaren egileak ondorioztatu du larruazaleko melanomako gongoil zelatariaren biopsia selektiboak “ez daukala kostu-eraginkortasun erlazio positiborik tumore primarioaren eszisioaren teknikarekin eta gaixoaren ondorengo behaketarekin alderatuz gero, tumorearen lodiera eta denbora muga edozein direla ere”.

Curriculum laburra

Patricia Serra Arbeloa Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta Medikuntza Nuklearrean espezialista da. Horrez gainera, Osasun Kudeaketako Master Ofiziala egin zuen UDIMAn (Madrilgo Urrutiko Unibertsitatean).

Nafarroako Unibertsitate Klinikoan bere espezialitatea amaitu ondoren, Patricia Serrak zenbait ospitale nazionaletan lan egin zuen Positroien Igorpenaren bidezko Tomografiako mediku espezialista gisa (A Coruñako Modelo Ospitalea eta Logroñoko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) eta ohiko Medikuntza Nuklearreko espezialista gisa (Gasteizko Santiago Ospitalea eta Iruñeko Nafarroako Ospitalegunea). 2016ko apiriletik aurrera, osasun kudeaketako eginkizunetan aritzen da Osasunbideko Osasun Laguntzako Zuzendaritzan.

Laguntzeko jarduera medikoaz gainera, Patricia Serrak eskolak eman ditu Irudiaren bidezko Diagnostikoko Goi Mailako Teknikari titulazioko irakasle gisa, Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionalean, Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasle kliniko elkartu gisa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Biomedikoko Masterreko praktiketako irakasle gisa, besteak beste.

Bere ikerketa lanari dagokionez, NUPeko doktore berriak artikulu ugari argitaratu ditu bai nazioko bai nazioarteko eragin handiko aldizkari zientifikoetan, eta, horrez gainera, 50 lanekin baino gehiagorekin parte hartu du bai nazioko, bai nazioarteko biltzarretan. Horrez gainera, “Tesia 3 minututan” deritzan dibulgazio lehiaketaren azken edizioko finalista izan zen. Lehiaketa Campus Iberusek antolatu zuen, zeina Errioxa, Lleida eta Zaragozako unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen baitute.