• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-eko Gizarte Laneko irakasle batek parte hartu du ijito komunitateari zuzendutako II Osasun Inkestan

Txostenak ondorioztatzen du talde honen osasun egoera okerragoa dela egoera sozioekonomiko okerrenean dauden taldeena baino

zoomJavier Arza Porras.

Javier Arza Porras.

Javier Arza Porrasek, NUPeko Gizarte Laneko Saileko irakasleak eta Esku-hartze Soziala Ijito Komunitatearekin titulu berekiaren koordinatzaileak, berriki hartu du parte Alacanteko Unibertsitateak gidatutako eta ijito komunitateari zuzendutako II Osasun Inkestako ikerketa taldean.

Txostena Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak finantzatu eta argitaratu du berriki, eta bi iturritako datuak konparatzen ditu: alde batetik, 2011-2012ko Osasun Inkesta Nazionaleko Espainiako populazioaren datuak eta, bestetik 2006an ijito komunitateari egindako I Osasun Inkestako datuak. Alacanteko Unibertsitateko Diana Gil-González eta Daniel La Parra Casado irakasleek zuzendutako eta koordinatutako ikerketaren ondorioetako bat da gizarte talde baten egoera sozioekonomikoa zenbat eta okerragoa izan, orduan eta eskasagoa dela bere osasun egoera ere. Gainera, ijitoen populazioa desabantaila egoera larrienean dago.

Zehazki, dokumentuak datu hauek azaltzen dizkigu: norberaren osasun egoerari buruzko iritzia, osasun arazoak, jarduera nagusiaren mugaketa, gehiegizko pisua eta obesitatea, istripuak, begien eta entzumenaren osasuna, aho-hortzen osasuna, tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa, jarduera fisikoa eta osasun zerbitzuen erabilera.

Ikerketaren ondorio nagusiak

2006an aztertutako egoeratik gaur egun arte, ikerketak hau berresten du: “ijito populazioaren osasun egoera okerragoa da Espainiako populazioan egoera sozioekonomiko okerrenean daudenena baino, batez ere, osasun egoerari, ohiko jarduera mugatzeari, osasun arazo kronikoei, aho-hortzen osasunari eta begien osasunari dagokienez”. Zehazki, norberaren osasun egoerari buruz, gizonezko ijitoen % 65,3k eta emakumezko ijitoen % 55,5k adierazi dute bere osasun egoera ona edo oso ona dela; Espainiako populazioaren kasuan, aldiz, gizonezkoen % 77,7k eta emakumezkoen % 70,4k eman dute erantzun hori.

Desberdintasunak handiagoak dira sistema publikoan sartzen ez diren osasun zerbitzuei dagokienez, adibidez, dentista edo azterketa optometrikoei dagokienez. Horregatik, ijitoen kasuan, betaurrekoen eta lentillen erabilera urriagoa da populazio orokorrarekin alderatuz gero (gizonezkoen kasuan, % 33,0 eta % 53,4, hurrenez hurren, eta, emakumezkoen kasuan, % 31,3 eta % 63,6, hurrenez hurren).

Bestetik, ikerketak bizimoduen desberdintasunak azaltzen ditu. Adibidez, emakumezko ijitoen tabakoaren eguneroko kontsumoa txikiagoa da Espainiako emakumezkoen populazioarekin alderatuz gero (% 16,7 eta % 21,7, hurrenez hurren) eta handiagoa, gizonezko ijitoen artean (% 54,2 eta % 28,3, hurrenez hurren). Nabarmentzekoa da azkeneko bi asteetako alkohol kontsumoa txikiagoa dela, ijitoen kasuan, bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere, Espainiako populazioarekin alderatzen badugu: gizonezko ijitoen % 50,6 eta ijito ez direnen % 64,6, eta emakumezko ijitoen % 19,1 eta ijito ez direnen % 38,9. Nolanahi ere, jateko ohituren artean, ijitoek gutxiagotan jaten dute egunero fruta freskoa, populazio orokorrarekin alderatuz gero: gizonezko ijitoen % 39,1ek eta ijito ez direnen % 56,1ek; emakumezkoetan, berriz, ijitoen % 40,5ek eta ijito ez direnen % 63,1ek.

Osasun zerbitzuen erabilerari dagokionez, medikuntza orokorreko bisitei dagokienez, adibidez, ijitoak gehiagotan joaten dira kontsultara Espainiako populazioa baino, sexua edo adina zeinahi izanik ere. Zerbitzu konkretu batzuetan, eta nahiz eta inkesta bete dutenen artean erantzun gutxi jaso ditugun, zerbitzu ginekologikoen bisiten maiztasuna eta mamografia eta zitologia kantitatea txikiagoa da emakumezko ijitoen artean populazio orokorrarekin alderatuz gero.  Aitzitik, 2006ko inkestarekin konparatuta, joera hori indartu egin da, ginekologora sekula joan ez diren emakumezko ijitoen kopurua txikitu egin baita: % 24,4tik % 17,3ra.

Txostenak, aurrerapausoak, geldialdiak eta atzerapausoak azaltzeaz gainera, eguneratutako informazioa ematen digu osasunaren ekitatea lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeak ebaluatu eta planifikatzeko Espainiako Ijito Populazioaren Gizarte Inklusiorako Nazio Estrategiaren (2012-2020) esparruan. Txostenak azaldu bezala, “politika berriak martxan jartzeko garaia da, eraginkorragoak eta bidezkoagoak, gobernagarritasun maila guztietan (tokikoak, autonomikoak, nazionalak eta Europakoak), populazio osoaren osasun egoera hobetzeko eta ekitaterik ezaren arrakala murrizteko”.

Inkestan erabilitako lagina

Ijito komunitateari zuzendutako II Osasun Inkestan 1.167 ijito heldu elkarrizketatu dira. Lagina hiru adin talde handitan banatu zen (15-34 urtekoak, 35-54 urtekoak eta 55etik gorakoak) emakumezko eta gizonezko kopuru berdintsuarekin, batez ere ez dagoelako informazio demografiko fidagarririk Espainiako ijito populazioari buruzko adin eta sexu egiturei buruz .

Ikerketak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren eta Alacanteko Unibertsitatearen finantzaketa jaso du, Carlos III.a Osasun Institutuaren 2013-2015 I+G+b-ko Plan Nazionalaren deialdien bitartez (FEDER Funtsak). Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak ere finantzaketan parte hartu du.