Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Inprimaketa zerbitzua

Inprimatzeko zerbitzua

Inprimatzeko zerbitzuaren ezaugarriak

Inprimatze, kopiatze eta eskaneatze zerbitzuak kudeatzen dituzten funtzio anitzeko gailuak dira NUPen inprimatzeko sistema berriaren oinarria.

Kudeaketa eta kontrol sistema batek kudeatzen du inprimatzeko zerbitzuaren erabilpena, eta ezaugarri hauek ditu:

  • Lana inprimatze ilara bakar batera bidaltzen da, baina edozein inprimagailutan jasotzen ahal da.
  • Lana erabiltzaile bati lotuta bidaltzen da, eta bidali duenak baizik ezin du jaso.
  • Web bidez edo posta elektronikoz inprimatzeko aukera.
  • Inprimatu, eskaneatu eta fotokopiatu daiteke, zuri-beltzean eta kolorean.

Zein erabiltzailek dute inprimatzeko aukera?

NUPeko irakasle eta ikertzaileek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek erabiltzen ahal dute inprimatzeko zerbitzua. Inprimatzeko kredentzialak NUPeko zerbitzuen atarirako erabiltzen diren berak dira: helbide elektronikoa (amaierako @unavarra.es kenduta) eta dagokion pasahitza.

Funtzio anitzeko ekipoek, gainera, bi autentifikazio-sistema dituzte, beren funtzionaltasunerako sarbidea arintzen dutenak:

  • NUP txartela
  • ID zenbakia

Erabiltzaile guztiak Gastu Unitate Funtzional (GUF) bati loturik daude. Erabiltzaile bakoitzak egiten duen kontsumoa bere GUFaren kontura ordainduko da.

GUFek erabiltzaile gonbidatuei alta ematen ahalko diete, inprimatzeko zerbitzua erabiltzeko aukera izan dezaten. GUFaren arduradunak Informatika Zerbitzuan eskatu behar du erabiltzaile gonbidatuei alta emateko aplikazioa erabiltzeko sarbidea. Horretarako, mezu bat bidali behar du apoyo.impresoras@unavarra.es helbidera, eta baimen hori zer erabiltzailek baliatuko duten adierazi.

Inprimatzeko gailuak

Inprimatzeko zerbitzuari euskarria ematen dion azpiegitura 3 ekipo-modelok osatzen dute; bi kategoriatan daude sailkatuak:

Inprimagailuak

Inprimagailuek ez dute funtzionaltasun gehigarririk eskaintzen, eta lanak ateratzen hasten dira erabiltzaileak bere ordenagailutik inprimatzera bidaltzen dituen unean. Ez ditu web edo posta elektroniko bidez inprimatzera bidalitako lanak ateratzen.

Mota horretako gailuak toki txikietan kokatzen dira, erabiltzen dituzten erabiltzaileen lanpostuen ondoan.

Modelo bat dago:

  • 1. motakoa: Koloretan eta zuri-beltzean inprimatzen du, A4 paper-formatuan.

Funtzio anitzeko ekipoak

Funtzio anitzeko ekipoek eskaneatzeko eta fotokopiatzeko funtzio gehigarriak eskaintzen dituzte.

Inprimatzera bidalitako lana atxikitzen dute, harik eta erabiltzaileak makinan autentifikatu eta inprimatzeko agindua ematen duen arte (aurrerantzean, lana askatu); horrela, konfidentzialtasuna mantentzen da.

Mota horretako ekipoak, batez ere, espazio komunetan eta erreprografia-aretoetan kokatzen dira.

Bi modelo daude, inprimatzeko dituzten mugen arabera bereizten direnak:

  • 2. motakoa: Koloretan eta zuri-beltzean inprimatzen du, A4 paper-formatuan.
  • 3. motakoa: Koloretan eta zuri-beltzean inprimatzen du, A3 eta A4 paper-formatuetan. Erretilu gehigarri pertsonalizatu bat dauka idazpurudun papererako. Bidea ematen du grapatu eta sailkatu gisako akabera-aukeretarako ere.

Lanpostu mailan, gailu horietako inprimatze-lanak inprimatzeko ilara edo ilara birtual bakarrean kudeatzen dira. Erabiltzaileak funtzio anitzeko edozein ekipotan identifikatu eta aska dezake lana. Erabiltzailearen erantzukizuna da hautatutako inprimatzeko aukerak dituen modeloan askatzea lana.

Ekipoen identifikazioa eta zerrenda

Ekipoak eranskailu batekin identifikatuta daude. Bertan, makina/lote zenbakia (NUPeko identifikatzailea) eta serie zenbakia (Ricoh identifikatzailea) daude adierazita, baita ekipoari buruzko edozein gorabehera jakinarazteko kontaktuak ere.

Ekipoa sisteman erregistratzeko erabili den izenak haren modeloari buruzko informazioa ematen du, eredu honi jarraituz: <ekipoaren modeloa>-r<inbentarioko zenbakia>.

Inprimagailuen zerrenda

Inprimatzeko moduak

Lan estaziotik

Inprimatzeko modu honek inprimagailuek eta funtzio anitzeko gailuek dituzten aukera guztiak erabiltzeko aukera ematen du, hots, bidea ematen du dokumentu bat kalitate, formatu eta akabera desberdinetan inprimatzeko.

Unibertsitateko sare pribatura konektatuta dagoen edozein ekipotan (Windows, Mac edo Linux) dago erabilgarri. Beharrezkoa da osagai edo bezero bat instalatzea.

Erabiltzaileak inprimatzeko lan bat inprimagailu batera edo ilara birtual batera bidaltzen duen lehen aldian aktibatuko da osagai hori, lanak eta haiek inprimatuko dituen erabiltzailea lotzeko. Lotura egiteko, osagaiak erabiltzailearen kredentzialak eskatuko ditu, hots, helbide elektronikoa (amaierako @unavarra.es kenduta) eta dagokion pasahitza, edo gonbidatuaren kontua. Lotura hori mantenduko da erabiltzaileak saioa ixten duen arte.

Lana zuzenean aterako da hautatutako inprimagailuan, edo atxikirik geldituko da ilara birtualera bidali bada. Azken kasu horretan, erabiltzailearen erantzukizuna da hautatutako inprimatzeko aukerak dituen modeloan askatzea lana.

Posta elektronikoz

Inprimatzeko modu hau Internetera konektatutako edozein gailutatik erabil daiteke. Horretarako, erabiltzaile egiaztatu batek mezu elektroniko bat bidali behar du impresoras@unavarra.es helbidera, eta bertan inprimatu nahi duen fitxategia erantsi.

Mezu elektronikoaren igorleak bat etorri behar du erabiltzaile egiaztatu horrentzat inprimatze sisteman erregistratutako helbide elektronikoarekin.

Mugak

Inprimatzeko modu hori PDFetara eta irudietara dago mugatuta, eta 50 MBtik beherako tamaina izan behar dute.

Erantsitako dokumentua zuri-beltzean inprimatuko da, duplex moduan.

Inprimatzera posta elektronikoz bidalitako lanak Unibertsitateko funtzio anitzeko ekipoetako edozeinetan askatzen ahalko dira.

Web bidez

Inprimatzeko zerbitzua campusetako sare kableatura konektatutako gailu edo ekipo batetik erabiltzeko aukera ematen du.

Funtzionalitate hori sistemaren webean kudea daiteke, inprimatuko duen erabiltzailearen kredentzialekin sartuz.

Mugak

Inprimatzeko modu hori PDFetara eta irudietara dago mugatuta.

Lana zuri-beltzean inprimatuko da, duplex moduan.

Inprimatzera web bidez bidalitako lanak Unibertsitateko funtzio anitzeko ekipoetako edozeinetan askatzen ahalko dira.

Lanen iraungipena

24 ordu daude lanak askatzeko. Epe hori igarotakoan, deuseztatu egiten dira, eta berriro inprimatu behar dira.

Tonerren kudeaketa

Ricoh arduratzen da tonerrak birjartzeaz eta toner agortuak kentzeaz.

Tonerrak birjartzea

Ricoh enpresak ekipo guztietako toner maila kontrolatzeko sistema zentralizatu bat jarri du martxan.

Sistema horrek kartutxoren batean maila baxua detektatzen duenean, agindu bat sortuko du makinaren arduradun funtzionalari bidaltzeko.

Arduradun funtzionala da makinako tonerra ordezkatzeaz arduratuko dena.

Toner agortuak

Ricoh enpresak 19 edukiontzi jarri ditu toner agortuak biltegiratzeko, bat eraikin bakoitzeko. Ondorengo zerrendan modu zehatzean ikus daiteke edukiontzi bakoitza non dagoen.

Edukiontzia hustu dezaten eskatzeko, 902 700000 telefono-zenbakira deitu behar da, eta 023004049719 bezero-zenbakia eta edukiontziaren kokapena adierazi. Edukiontzietan etiketa itsaskor bat dago, hustuketa eskatzeko jarraibideak dituena.

Erabiltzaileentzako eskuliburuak eta gida azkarrak