Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Kirolak

Hasiera > Kirolak > Azken ordua

Azken ordua

2025(e)ko martxoaren 17a

Kirol Instalazio gehiago

NUPek kirol instalazio gehiago eraikiko ditu: softbol zelai bat, lau padel pista eta gune berriak golf zelaian

2025ean eta 2026an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hobetu eginen ditu bere kirol instalazioak: softbol zelai bat, lau padel pista eta golf zelaiko gune berri batzuk eraikiko ditu. Kanpoko zenbait instituzioren finantzaketari esker eraikiko dira instalazio horiek.

Zehazki, Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Institutuak softbol zelaia eta padel pistak finantzatuko ditu; Espainiako Golf Federazioak, berriz, golf zelaiko hobekuntzak.

Softbol zelaia, bi fasetan

Softbol zelaia bi fasetan eraikiko da. Lehenbiziko fasean, softbolean aritzeko zelai bat eginen da, belar artifiziala, hesiak, argiak, segurtasun sarea eta bateo tunelak izanen dituena. 850.000 euroko aurrekontua dago horretarako, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak finantzatuko du osorik. Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioaren (FNBS) laguntzarekin ari dira lan horiek egiten. Bigarren fasean, harmailak eta aldagelak eraikiko dira, baita softbolean jolasteko behar diren beste elementu batzuk ere.

Softbol zelaian, Nafarroako emakumezkoen softbol federatuarekin lotutako lehiaketa- eta sustapen-jarduerak eginen dira, eta federatuen kluben ohiko entrenamenduak eta lehiaketak ere bai. Gainera, Nafarroako Kirol Institutuak, Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioak (FNBS) eta Espainiako Beisbol eta Softbol Federazioak (RFEBS) antolatutako Nafarroako, Espainiako eta nazioarteko programak eta ekitaldiak ere eginen dira han.

Besteak beste, azpimarratzekoa da 18 urtetik beherakoen Europako Softbol Txapelketaren egoitza nagusia izanen dela 2025eko uztailean. Nafarroan softbolean jolasteko erreferentziazko lekua bihurtuko da hala.

Padel pista berriak

Bestalde, NUPek lau padel pista berri izanen ditu. Aurreikusitako inbertsioa 735.000 eurokoa da; horietatik 635.000 Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak finantzatuko ditu, eta gainerako 100.000 euroak Unibertsitateak berak. Orain, obren lizitazio fasea ari dira egiten.

Golf zelaia handitzea eta hobetzea

Golf zelaia hobetzeko, honako lan hauek eginen dira: pitch & putt-eko sei zuloko gune bat eta putting green berri bat prestatuko dira; gainera, azpiegitura osagarri batzuk eraikiko dira biltegia handitzeko, estalkia jarriko zaie aire zabalean dauden praktika-postuei eta putting green gunera sartzeko kontrola instalatuko da. 

Guztira, 490.041 euroko aurrekontua dago zelairako eta 280.126 eurokoa eraikinetarako, eta Espainiako Golf Federazioak finantzatuko ditu denak. 

Hobekuntza horiekin, NUPek zenbait kirol eta diziplina sustatzeko apustua indartuko du goi mailako lehiaketarako eta entrenamendurako instalazio moderno eta egokiak eskainiz unibertsitateko komunitateari eta Nafarroako gizarteari.


KULTURAKO ETA KIROLETAKO UNITATEA
Arrosadiko campusa
Sekuoia eraikina
31006 Iruñea
Tel. +34 948 169750 | 168483
Fax. +34 948 168487
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua