Oso ezagutza gutxi sortzen da Nafarroako Foru Komunitateari buruz –Administrazioko datu ofizialak alde batera utzita–, komunikabideren batek giro politikoaren berri izateko eskatutako azterlan puntualak salbu, noizbehinka Nafarroako gaurkotasuneko gaiak aztertzeko erabili izan direnak. Arlo jakin batzuk aztergai dituzten zenbait lan badira ere –hala nola Nafarroako gizartean nagusi diren bizimoduak, kontsumo ohiturak eta balioak–, eta Iruñean Soziologiaren X. Espainiako Kongresua egitearen ondorioz alderdi orokor batzuei buruzko bilduma bat egon arren, ez dago Foru Komunitateko biztanleen jarrerei eta iritziei buruzko azterlanik apenas.
Harrigarria da egoera hori, are harrigarriagoa gure inguruko erkidegoek gizartearen errealitateari buruzko aldizkako ikerketak egiten dituztenean. Ikerketa horien artean, duten tradizioagatik, nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako Euskal Iritzi Publikoaren Urtekaria, Kataluniako Generalitateko Iritzi Azterlanen Zentroak egindako Kataluniako Iritzi Politikoaren Barometroa, Andaluziako Iritzi Publikoaren Barometroa, Bartzelonako Eskualde eta Metropoli Azterlanen Institutuak egindako Bartzelonako Eremu Metropolitarreko Biztanleriaren Bizi Baldintzei buruzko Azterlana, etab.
Politika modernoaren eginkizunerako funtsezko elementutzat hartu behar da Nafarroaren premiak ezagutzeko aukera, baita Administrazioaren eta administratuen artean kudeaketaren eta kudeatzaileen gainean ezarri behar den feedbacka ere. Gaurkotasunak erakusten du zein egokia den agintariak eta herritarren errealitatea lotuak egotea, eta beharrezkoa dela gizartearen errealitatera hobeki hurbiltzeko bidea emanen duen egoeraren araberako azterketa egitea. Elementu horiek guztiek behar bezala justifikatzen dute katedra bat sortzea gizartearen azterketa prospektiboak eginez politika publikoak hobetzen laguntzeko.