Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EN
  • EU

Jarduerak

Nerea Aresti Esteban irakaslearen saioa

Gaia: Generoa eta historiografia. Feminismoaren eta maskulinitateen arteko erlazioa

 

2025eko irailaren 10ean, asteazkena, NUPeko 107. ikasgelan. Sarrera librea.

2025eko irailaren 10ean (asteazkena), beste saio ireki bat izanen dugu, Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak eta Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Masterrak antolatua. Nerea Aresti Esteban,ek emanen du saioa; Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da, eta genero gaien historian espezialista.

Saioa 107. ikasgelan izanen da, 16:00etan, eta honako hau du izenburu: “Generoa eta historiografia. Feminismoaren eta maskulinitateen arteko erlazioa”. Sarrera librea.

 

Saioaren edukia

Genero gaien historiak garapen handia izan du azkeneko hamarkadetan, eta historiografiaren arlo dinamiko eta berritzaileenetako bat izan da. Historia kritiko horrek honako ideia hau du abiapuntu: generoa kontzeptu erlazionala da, eta, bistan denez, emakumeen eta feminitateen iragana ikertzen du, baina baita maskulinitateena ere.

Izan ere, testuinguru sozialaren arabera aldatuz joan da maskulinitate normatiboa eta “gizon izatea” zer den. Garai historiko bakoitzean, bestalde, eredu bat baino gehiago egon dira batera, batzuetan harmonian, beste batzuetan modu gatazkatsuan egon ere. Feminismoa izan da maskulinitateen bilakaera markatu duten faktoreetako bat.

Azalpen honetan, lehenik eta behin, generoari eta historiari buruzko gogoeta orokor batzuk eginen dira, eta gero maskulinitateen eta feminismoen arteko erlazioa izanen da hizpide, kontuan hartuta bi fenomenoak eraikiak eta aldakorrak direla.

Oro har, maskulinitate normatiboentzako mehatxutzat hartu izan da feminismoa  –hala behar zuen ezinbestean–. Hala ere, erlazio nagusiki gatazkatsu horretatik harago begiratu, eta geure buruari galdetu beharko genioke erlazio horretan denboran zehar nolako eragina izan duten sexu diferentzia ulertzeko moduek, nola joan den aldatzen generoaren esanahia eta hark gorputzekin izandako erlazioa, nolako dibertsitatea dagoen protesta feministaren baitan, eta testuinguru bakoitzean nola bizi izan diren elkarrekin gizon izateko modu desberdinak.

Adibide historiko batzuekin azalduko da historia luze hori: Christine de Pizanen feminismoa, 70eko hamarkadako mugimendu feminista, XIX. mendeko sufragismoa, eta, azkenik, gaur egungo egoera.

 

Nerea Aresti Esteban

Nerea Aresti Historiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitaten  (EHU). Doktorea da  New York State Universityn eta Euskal Herriko Unibertsitatean bertan, eta espezialista da Genero Gaien Historian. 

Haren lanaren ikergaia hau da: identitateak eta nola egituratzen duten diskurtsoek subjektuen esperientzia, emakumeena nahiz gizonena. Nabarmentzekoa da aitzindaria izan dela Espainiako maskulinitateei buruzko ikerlan historikoak egiten.

Orain, gaur egungo feminismoak ikertzen ditu; zehazki, hainbat testuingurutan eraikitako utopia feministak. Liburu hauek idatzi ditu: Masculinidades en tela de juicio. Hombres y género en el primer tercio del siglo XX (Cátedra, 2010) eta Médicos, donjuanes y mujeres modernas. Los ideales de feminidad y masculinidad en el primer tercio del siglo XX (EHU, 2001); eta liburu honen egileetako bat da: ¿La España invertebrada? Masculinidad y nación en los inicios del siglo XX (Comares, 2016).

Argitalpen berrienen artean, azpimarratzekoa da editore eta parte-hartzaile izan dela genero gaien historia Espainian gaur egun nolako egoeran dagoen azaltzen duen dosierrean, European History Quarterly aldizkarian (2023). Nerea Aresti EHUko Experiencia Moderna ikerketa-taldeko kidea da.

 

Jardueraren kartela