Desafio egiten duen eta egiten digun teoria feminista bat. Gogoeta antropologiaren ikuspegitik
Teoria feministak zenbait gako ematen ditu ongi ulertzeko kolpatzen gaituzten krisi anitzak, bai eta desparekotasunak eta injustizia sozialak sortu eta erreproduzitzen dituzten kondizio material eta sinbolikoak ere.
Antropologo garenok gorputzen, identitateen, materialitateen eta agentzia- eta erresistentzia-prozesuen irakurketa dinamikoa eginik, zalantzan jartzen ditugu zenbait esentzialismo, eta ideia hau azpimarratzen dugu: generoa, beti beste kategoria batzuekiko artikulazioan, tresna analitiko funtsezkoa dela oraindik ere.
Hitzaldi honetan proposamen teoriko eta metodologiko feminista batzuen errepasoa eginen dugu, erabilgarriak izaten ahal direnak mundua ulertzeko, eta, batik bat, mundua eraldatzeko.
Medikuntzan lizentziaduna da EHUn (1983) eta Gizarte Antropologiako doktorea Universitat de Barcelonan (1993); gerora, arduradun aritu da Ikasketa Feministak etacvvv Generokoak Doktoretzako Programan (2009-2023), bai eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean ere (2008-2014).
Ikerkuntzaren eta argitalpenen arloan, 2013az geroztik Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko zuzendaria da. Zuzendari edo zuzendarikide aritua da 26 doktoretza-tesitan, eta 15 ikerketa-proiektutan parte hartu du, haietatik 10etan ikertzaile nagusi gisa. Egile edo egilekide aritu da 13 liburutan, 3 monografikotan, liburutako 50 kapitulutan eta 38 artikulutan, eta, horrez gain, 13 liburutako editore izana da. Idatzi dituen lan nagusien artean, nabarmentzekoak dira Antropología del Cuerpo eta Crítica del Pensamiento Amoroso (Edicions Bellaterra).
Haren ikerketaren arlo nagusien artean, osasuna eta generoa, gorputza eta irudia, maitasun erromantikoa eta genero-harremanak daude. Bere ikuspegi teorikometodologikoak antropologia feministan, gorputzaren antropologian eta emozioetan oinarritzen dira.