Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EN
  • EU

Iragarki ohola

Patricia Amigot Leache, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren zuzendaria: “Genero indarkeria ulertzeko beharrezkoa da ikuspegi estrukturala eta psikosoziala izatea”

Joan den ekainaren 24an, “Zientzia Parlamentuan: genero indarkeria” jardunaldia egin zen Nafarroako Parlamentuan. Politika publikoak egiteko zientziak duen zereginari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat izan zen, foru ganberaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan antolatua.

Unai Hualde Parlamentuko presidenteak egin zuen irekiera instituzionala. Honako hau azpimarratu zuen: “negazionismoaren eta diskurtso matxisten aurrean, asko gara emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko gizarte bat defendatu eta eraikitzeko lan egiten dugunok, uste baino gehiago izan ere. Jarraian, Begoña Pérez Eransus Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak nabarmendu zuenez, “bi erakundeok ongi ulertzen dugu elkar halako proiektuetarako, fakultateetan egiten ditugun ikerlan ugari herritarrei zabaltzeko helburuz”.

Jardunaldian bi hitzaldi nagusi izan ziren. Lehenbizikoa Patricia Amigot Leachek eman zuen –doktorea Psikologia Sozialean eta NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrako zuzendaria–, eta genero indarkeriaren kontu psikosozialei buruz mintzatu zen ikuspegi kritiko eta diziplinartekoa erabiliz. Ondoren, Inés Olaizola Zuzenbide Penaleko katedradunak arlo horretako Espainiako araudiak izan duen bilakaera azaldu zuen, eta honako hau aitortu zuen: “argi dago aurrerapauso handiak eman direla”. Bukatu aurretik, bi hizlarien eta bertaratuen arteko eztabaida izan zen.

Patricia Amigotek hau nabarmendu zuen: “Genero indarkeria ulertzeko, beharrezkoa da hura esparru estruktural batean kokatzea, zeina sistema patriarkalean dauden botere harreman historikoei loturik baitago. Indarkeria matxista ez da fenomeno isolatua edo ezaugarri indibidualen emaitza; gizonen nagusitasunaren praktika hori ordena soziohistoriko jakin batean dago kokatua, hain justu emakumeen eta gizonen artean desparekotasun sinboliko eta materialak zilegiztatzen dituen batean”. Zentzu horretan, adierazi zuenez, “generoa ez da ulertu behar beste aldagai baten moduan, ezpada beste dimentsio sozial eta psikologiko batzuk gurutzatzen dituen eta haiengan eragina duen kategoria analitiko moduan”.

Amigotek nabarmendu zuenez, garrantzitsua da “diziplina anitzeko ikuspegia hartzea, eta arreta berezia ematea ikuspegi psikosozialari”, egitura sozialen eta indarkeriaren eguneroko esperientziaren arteko interakzioa aztertzen baitu, bai eta kaltetuen prozesu psikologikoetan eta harreman prozesuetan duen eragina ere. “Gizarte honetan sustatzen diren maskulinitate ereduak, oraindik ere, kontrolean, menderakuntzan eta agresibitatean oinarritzen dira, eta diskurtso kulturalek indartu egiten dituzte eredu horiek, hala nola bideojokoek, pornografiak edo narratiba heroikoek. Hori horrela, fenomenoa ulertzeko, ezinbestekoa da aitortzea emozioen adierazpenak eta egoerei aurre egiteko mekanismoak nabarmen desberdinak direla emakumeen eta gizonen artean”. Esparru horretan, Amigotek zalantzan jarri zituen ohiko estereotipoak, kontrolik gabe jokatzen duten edo beren burua kontrolatzeko gai ez diren norbanako gisa aurkezten baititu erasotzaileak. Horrez gain, azpimarratu zuen erasotzaile askok ongi erregulatzen dituztela emozioak beste gizarte eremu batzuetan, baina indarkeriaz erreakzionatzen dutela bikote harremanetan boterea galtzen dutenean: “Ez da kontroletik kanpo dagoen emozio bat; emozio horrek zentzu bat du, menderakuntza mantentzeko desiratik sortzen dena".

Ikertzaileak ohartarazi du, halaber, nolako eragina duen gero eta handiagoa izateak manosfera: eremu digital horretan, elkarrekin konektatzen dira estatusaren eta boterearen bilaketa indartzen duten diskurtso misoginoak dituzten gizon gazteak, eta, beraz, gero eta arrisku handiagoa dira genero indarkeria erreproduzitzeko.

Bestalde, Amigotek salatu zuen zenbait genero alborapen daudela indarkeria matxistaren pertzepzio sozial eta profesionalean. Azaldu zuenez, “indarkeriaren lehenbiziko etapetan, emakume gehienek ez dute salatzen; haien lehentasuna erasotzailearengandik urruntzea da. Indarkeria hori areagotzen denean soilik jotzen dute salaketa jartzera, eta, une horretan, estigmatizatu egiten dira, eta zalantzan jartzen da haien hitza”. Era berean, kritikatu zuen figura pasibo edo agentziarik gabeko gisa idealizatzen direla biktimak, eta, egiaz, haietako askok erresistentzia-estrategia konplexuak garatzen dituztela, maiz ikusezin bihurtuak. Aurreiritzi horiek arreta espezializatuko dispositiboetan ere egoten dira, eta horrek asko zailtzen du esku-hartze egoki bat egitea. Erasotzaileei dagokienez, Amigotek ukatu egin zuen haiek “munstro, pertsona moldatu gabe” gisa aurkezten dituen irudi sinplista hori. Ohartarazi zuen haietako asko integratuta daudela sozialki, eta erasotzaileak gizon espetxeratu gisa aurkezten dituzten irudiek ez dutela behar besteko konplexutasunez aurkezten errealitatea, eta horrek mugatu egiten dituela prebentzioa eta esku-hartze efektiboa.

Azalpenean, Amigotek azpimarratu zuen beharrezkoa dela datuak erabiltzea, ez helburu gisa, baizik eta “arazoari neurria hartu eta politika publikoak funtsatzeko tresna gisa”. Genero indarkeriaren egiazko magnitudea islatzen duten zenbait zifra erakutsi zituen, salaketez eta kasu mediatikoez haragokoak. Nabarmendu zuen VIOGEN sistemak 700.000 kasu baino gehiago erregistratu dituela 2007tik, eta balioa eman zion Berdintasun Ministerioaren makroinkestari (2019), adierazten baitu hiru milioi emakumek baino gehiagok sufritu izan dutela indarkeria fisikoa edo sexuala beren bikotekideengandik, eta sei milioi eta erdik baino gehiagok, aldiz, indarkeria psikologikoa. “Horrek agerian uzten du fenomenoaren magnitudea askoz handiagoa dela erregistro judizial eta polizialek islatzen dutena baino”.

Azkenik, honako hau baieztatu zuen Amigotek: “Genero indarkeria egiturazko fenomeno gisa aztertzeko, ulertu beharrekoa da haren deuseztapena ezin dela bereizi emakume eta nesken berdintasunaren eta emantzipazioaren aldeko borrokatik”. Aitortu zuen aurrerapausoak egon direla detekzioan eta arretan, baina aldarrikatu zuen beharrezkoa dela esku-hartze psikosozialerako baliabideak indartzea eta finantziazio publiko egonkor eta jarraitua duen lerro estrategiko gisa finkatzea indarkeriari eta berdintasunari buruzko ikerkuntza, Foru Komunitateko I+G+b-eko ikerkuntza-programen barrenean.

Ikusi hemen jardunaldiaren bideo osoa