Joan den maiatzaren 20an bukatu zen Lizarraldeko Feminismoen Eskola. Ekimena Lizarrako Udaleko Berdintasun Arloak eta TEDER elkartearen Berdintasun Arloak antolatu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrarekin lankidetzan.
Feminismoen Eskola joan den, otsailaren 4an, aurkeztu zen, eta haren helburu nagusia generoaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren teorian prestakuntza ematea izan da, bai eta Lizarraldean eta pertsonen egunerokoan genero-ikuspegia txertatzea ere, feminismoan oinarrituriko hiri- eta landa-garapena sustatzeko. “Gure helburua da bizitzaren arlo guztietan berdintasun erreal eta efektiboa bultzatzeko tresnak ematea pertsona guztiei, aldaketarako eragile izan daitezen beren komunitateetan”, adierazi du Ixaxi Pérez Fernándezek, Lizarrako Udaleko Berdintasuneko teknikariak.
Halaber, Aurora Sanz Diéguezek, Lizarraldeko TEDER Elkarteko Berdintasuneko teknikariak, honako hau gehitu zuen: “Beharrezkoa da herritarrei prestakuntza zorrotza ematea, ongi uler dezaten zein diren arrakala horiek betikotzen dituzten kausa historiko eta egiturazkoak”.
Bestetik, Patricia Amigot Leache, NUPeko irakasle eta Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren zuzendariak, adierazi du honako hau dela Katedraren helburua: “indarra ematea ikerkuntzari eta teoria akademikoari, baina baita ekimen sozialen arloko jakintza guztiari ere, jakintza hori eskuragarri izan dezaten biztanleriaren askotariko sektoreek, baita zailtasun handienak dituztenek ere, hala nola landa-eremukoek. Feminismoen Eskola ingurune interesgarri eta baliotsua da ezagutza transferitzeko; hura diseinatzen lagundu dugu, berdintasunarekiko konpromisoa lantzen duten elkarrizketak eta ezagutza zorrotza bultzatzeko”.
Ekimenaren bidez, prestakuntza-programa publiko, doako eta egiaztatua sortu da, osotara 25 ordukoa. Ikastarorako, 27 pertsonarentzako lekua eskaini zen: aurrez aurrekoa 15entzat (Lizarran bizi direnei zuzenduak), eta online modalitatekoa 12rentzat (merindadeko beste herri batzuetako jendeari zuzenduak). Martxoaren 11tik maiatzaren 20ra egin dira saioak, Lizarraldea BHIn, asteartero.
Egitarauan, pentsamendu feministako elementu giltzarriak landu dira: patriarkatuaren jatorria, feminismoaren historia, emakumeen ordezkaritza gizartean, generoaren sozializazioa, genero-indarkeria eta indarkeria sexuala, pornografia, berdintasun politikak, emakumeen egoera landa-eremuan eta epistemologia feminista.
Saio guztiak NUPeko irakasle emakumeek eman dituzte. Irakasle hauek aritu ziren egitaraua osatzen: Lohitzune Zuloaga, Paloma Fernández, Begoña Elizalde-San Miguel, Ruth Iturbide, Patricia Amigot Leache, Irene Lapuerta eta Elvira Sanz.
Begoña Elizalde-San Miguel irakasle eta ikertzaileak gidatu zuen itxiera-ekitaldia, eta, hartan, talde-hausnarketa proposatu zuen ikasleen prestakuntza-prozesua epistemologia feministen esparruan kokatzeari buruz. Parte-hartzeko metodologia bat proposatu zuen horretarako: kontzeptuen esposizio sekuentziala egin zuen, eta hura adibide konkretu batzuen bidez aztertu, hausnarketa kritikoa erraztearren. Elizalde-San Miguelek azaldu zuenez, hau izan zen helburu nagusia: “begirada kritikoa sustatzea, behar bezala ulertzeko genero-harremanek gurutzaturik dagoela ezagutza zientifikoaren eraikuntza, eta harreman horiek egiturazko desparekotasunak betikotzen dituztela”. Dioenez, desparekotasun horiek “ikerketa-taldeen konfigurazioan zein gaien lehentasunen definizioan islatzen dira, bai eta aplikatutako analisi-metodoetan eta haien ezarpenean ere”. Ikuspegi horretatik, “ezagutza sortzeari eragiten dioten genero alborapen nagusiak” aztertu ziren, hala nola “andozentrismoa, gainorokortzea eta moral bikoitza”.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Genero Ikasketen eta Feministen Katedraren helburua da unibertsitatearen barrenean genero-ikasketak eta ikasketa feministak sendotzea, eta erakundeekiko eta gizarte zibilarekiko sare akademikoak sustatzea. Haren azken helburua da arlo akademikotik ekarpena egitea ikerkuntzaren, prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta lankidetzaren arloetan, gizartea berdinzaleagoa eta inklusiboagoa izan dadin.