Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EN
  • EU

Iragarki ohola

300 pertsona inguruk hartu dute parte NUP-eko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak eta Hezkuntza Departamentuaren Skolae programak antolatutako Hezkidetzari buruzko I. Jardunaldietan

2024ko urriaren 22an eta 23an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hezkidetzaren arloko zenbait aditu bildu zituen gaur egungo erronkak eta hezkuntzaren esparruko jardunbide egokiak jorratzeko.

2024ko urriaren 22an eta 23an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hezkidetzaren arloko zenbait aditu bildu zituen gaur egungo erronkak eta hezkuntzaren esparruko jardunbide egokiak jorratzeko. NUPeko Berdintasunerako Zuzendaritzarekin, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarekin eta Skolae programarekin lankidetzan antolatu zituzten jardunaldiak, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarekin (NBI). Arrosadiko campuseko Fernando Remacha aretoan izan ziren saioak, 16:00etatik 20:00ak arte.

Ekitaldiari hasiera eman zioten Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak, Gil Sevillano González Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako zuzendari nagusiak eta Patricia Abad Encinas Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak. Agintariek nabarmendu zuten hezkidetzak duen garrantzia ikasleen prestakuntzan eta gizarte berdinzaleago baten sorreran.

Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako masterretako eta Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Masterreko ikasleek hartu zuten parte jardunaldian, bai eta Hezkuntzako graduetako bigarren eta hirugarren ikasmailetako ikasleek ere. NUPeko irakasle eta ikertzaileak eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak ere joan ziren Hezkuntza Departamentuko irakasleekin batera. Ia 300 parte-hartzaileetatik, Unibertsitateko komunitateko kideak ziren 180: 154 ikasle –10 Irakasletzako graduetakoak eta 144 masterretakoak–, eta 15 irakasle eta ikertzaile nahiz teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langile.

Jardunaldiak topaketarako eta hausnarketarako guneak izateko diseinatu ziren, non helburu nagusia izan baitzen Skolae programaren esparruan hezkuntza mailetan ezartzen ari diren hezkidetzako jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutzea. Gainera, Hezkuntza Departamentuaren eta NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko lankidetza indartu nahi izan da, ikasketa-planetan genero perspektiba gero eta gehiago sustatuz gizarte berdinzaleagoa eta inklusiboagoa lortzeko.

Bestalde, Begoña Pérez Eransusek bere hitzaldian esan zuenez, “unibertsitateak berdintasunarekin eta hezkidetzarekin duen konpromisoa sendotzen dute ekimen horiek. Gure gain hartu behar dugu gure erantzukizuna, espazio akademiko eta sozial gisa, gizarte inklusiboago eta bidezkoago bateranzko aldaketa bultzatuko duen herritartasun kritiko baten prestakuntzan”. Orobat nabarmendu zuen garrantzitsua dela “unibertsitatearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza sendotzea, hezkuntzaren esparrua benetako aldatzeko”.

Bigarrenik, Patricia Abadek adierazi zuen Hezkidetzari buruzko lehen Jardunaldiak izatea nahi zuela, baina ez azkenak. Azpimarratu zuenez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren helburu nagusietako bat da “genero-ikuspegia txertatzea politika publiko guztietan, eta Skolae programa da horren adibide garbia”.

Azkenik, Gil Sevillanok esan zuen jardunaldiak “aukera bat direla legeak agindutako helburua eta misioa betetzeko”, eta Skolae taldeak bere lanean dituen zorroztasuna eta sendotasun zientifikoa eskertu zituen. Esan zuenez “arrakastaz aurrera egiteko, funtsezkoa da gizarteko gainerako kideen konplizitatea izatea”, eta nabarmendu zuen Unibertsitatearen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza sendotu eta sistematizatu beharra.

Ekitaldia inauguratu zuten pertsonek nabarmendu zutenez, indarrean dauden araudiek hezkidetza-eredu hori sustatzera behartzen dituzte administrazio publikoak, eta “betebehar eta konpromiso” bihurtzen dute.

Jardunaldiei hasiera eman ondoren, Amelia Barquínek aurkeztu zuen lehen ponentzia: “Hezkidetza: Gogoetak eta gaurko erronkak”. Bere hitzaldian, Barquinek nabarmendu zuen garrantzitsua dela NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedran egindako ikerketak ikusaraztea, eta nabarmendu zuen “ezagutza ikasgelen egunerokoan sortzen dela maiz; hezkuntzan aritzeko prestatzen direnek akademiarekin partekatu behar dute jakintza hori”. Azpimarratu zuen, halaber, genero-ikuspegia txertatu behar dela unibertsitateko jarduera guztietan, bai irakaskuntzan, bai ikerketan, hezkuntzaren eremuan dauden desberdintasunak ezabatzen laguntzeko.

Jardunaldiaren bigarren zatian Idoia Lekueren ponentzia izan zen nagusi: “Hezkidetzako helburuak berdintasunaren bidean”. Lekuek nabarmendu zuen, genero-berdintasunak aurrera egin duen arren, oraindik ere nagusi dela “berdintasunaren ilusioa” gizarte patriarkal eta androzentriko batean. Azpimarratu zuenez, eskolak “funtsezko ardatza izan behar du benetako berdintasunera eramango gaituzten balioak aldatzeko”. Orobat nabarmendu zuen hezkuntza-ekintzen “neutraltasun faltsua” desmuntatu eta eskola-komunitate osoa inplikatuko duen hezkidetzako ikuspegi integrala hartu beharra.

Jardunaldia amaitzeko, “Gogoetak eta erronkak ikasgelan” mahai-ingurua egin zen, Idoia Lekuek moderatuta, eta María Lourdes Aparicio Agreda Skolae programako tutoreak parte hartu zuen, Itsaso Esparza Bordarekin eta Ander Goicoechea Tabarrekin batera. Espazio horretan, Skolaeren hamar helburuak berrikusi ziren, eta adibide praktikoen bidez nabarmendu zen nola integratzen diren ikasgelen egunerokoan eta nola eraldatu dituzten ikastetxeko proiektuek hezkuntza proiektuak. Helburu horien artean, aipatzekoak dira kontzientziazio kritikoa genero-desberdintasunaren, autonomia pertsonalaren, ahalduntzearen, hezkuntza afektibo eta sexualaren, bizikidetzaren eta nesken eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien prebentzioaren aurrean.

Jardunaldien amaieran, dei egin zen lanari ekiteko hezkuntza arloko irakasle eta profesionalek eskola-ingurune seguru eta ekitatiboak sortzen jarrai dezaten, bai eta ongizatean eta inklusioan oinarritutako ikaskuntza sustatzen ere.