NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak Mari Luz Esteban Galarza Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titular eta antropologo feministaren hitzaldi batekin eman dio hasiera Ikasgela Irekien udazkeneko denboraldiari, “Desafio egiten duen eta egiten digun teoria feminista bat. Gogoeta antropologiaren ikuspegitik” izeneko hitzaldiarekin hain zuzen ere. Ekitaldia irailaren 18ko arratsaldean egin zen, Unibertsitateko 107. ikasgelan, eta 70 bat lagun bildu zituen.
“Desafio egiten duen eta egiten digun teoria feminista bat. Gogoeta antropologiaren ikuspegitik” izeneko hitzaldia eman zuen Mari Luz Esteban Galarza antropologo feministak NUPeko Genero Ikasketen eta Feministen Katedraren Gela Irekien udazkeneko denboraldiari hasiera emateko. 70 bat lagun joan ziren hitzaldira, zeina irailaren 18ko arratsaldean egin baitzen, unibertsitateko 107. ikasgelan. Mari Luz Estebanek feminismoak antropologian egin dituen proposamen teoriko eta metodologikoen berrikuspen sakona egin zuen, eta teoria horiek egungo mundua ulertzeko eta eraldatzeko duten garrantzia azpimarratu.
Lehenik eta behin, antropologia feministaren fase historikoak errepasatu zituen. 70eko hamarkadan sortu zen jakintza-arlo hori, eta emakumearen antropologia deitzen zitzaion orduan. Jakintza-arlo horren helburua, halere, ez zen emakumeak ikertzea soil-soilik, baizik eta teoria antropologikoa berrikustea eta kritika feminista eskaintzea. Gerora, aldatuz joan da ikuspegia, gaur den egunean genero antropologia gisa ezagutzen dugun kontzeptura iritsi arte. Mari Luz Estebanek azpimarratu zuenez, “ez dago adostasunik ea antropologia feminista espezialitatea, ikerketa-arloa edo eredu teorikoa den, testuinguru bakoitzean ematen zaion enfasiaren araberakoa baita balorazio hori”. Lourdes Méndez Euskal Herriko antropologoari aipamena eginez, Estebanek nabarmendu zuen antropologia feminista “analisia egiteko metodo bat dela, estatus epistemologikoa duena, eta gai asko jorratzeko balio duela”. Era berean, Gayle Rubin antropologo estatubatuarra aipatu zuen teoria feministaren eraikitzaile funtsezko gisa.
Hitzaldiaren beste une batean, Estebanek ikertzaile feministen bereizgarri bat azpimarratu zuen: pluraltasuna eta aniztasuna, hasi belaunaldien arteko ezberdintasunetatik eta testuinguru geografiko eta tematiko askotarikoetaraino. Mari Luz Estebanek esan zuen antropologia feminista garrantzitsua izan dela “Espainian, Herbehereetan eta Latinoamerikan, eta feminismoak gorakada izan duela herrialde horietako kaleetan zein akademian”. Herrialde anglosaxoietan, aldiz, “queer antropologia garatu da antropologia feminista baino gehiago”. Bestalde, Estebanek esan zuen feminista gazteak eragina izaten ari direla genero binarismoan eta gorpuztasunaren eta afektuen analisian.
Mari Luz “deseroso sentitzen” omen da feminismoen eta akademiaren artean egin ohi den dikotomiaren aurrean, eta esan zuen bere lana –bere lankide askorena bezala– eremu batean baino gehiagotan egiten dela, bai unibertsitatean, bai proiektu sozialetan eta bai elkarteetan. Konplexutasun horrek hankaz gora jartzen ditu feminismoei eta haiek erakundeekin duten harremanari buruzko ikuspegi sinplifikatuak.
Azkenaldiko eztabaida handien artean, “teoria feminista dekolonialaren” eragina gero eta handiagoa dela nabarmendu zuen Estebanek. Korronte horren kontzeptua María Lugones filosofo eta aktibista argentinarrak sortu zuen, kolonialtasun globala kritikatzen du, bai eta horrek kapitalismoarekin eta Mendebaldeko modernitatearekin duen intersekzioa ere.
Ildo horretatik, Diana Marcela Gómez Correal antropologo kolonbiarrak hiru ardatz nagusi identifikatu ditu arlo horretan: “Latinoamerikako indarkeria soziopolitikoaren analisia; kolonialismoaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko harremanak; eta jakintzaren ekoizpenean aztergaia subjektu aktibo gisa aldarrikatzea”.
Hitzaldiko beste gai bat antropologiaren “somatizazioa” izan zen. Fenomeno horrek 80ko hamarkadan hartu zuen garrantzia, gorputza aztergai nagusitzat jotzen hasi zenean alegia. Estebanek azaldu zuen ikuspegi horrek kontra egiten diola buruaren eta gorputzaren arteko dikotomiari, eta “ikuspegi esperientziala eta fenomenologikoa” txertatzen duela. Ildo beretik, Latinoamerikako feminismoan jorratzen den “gorputza lurralde moduan” kontzeptua aipatu zuen Mari Luz Estebanek. Kontzeptu horren arabera, gorputza erresistentziarako gune gisa konektatzen da indarkeriaren analisiarekin eta justizia sozialaren aldeko borrokarekin.
Horretaz gainera, ikerketa feministaren autoetnografiaren alderdia aipatu zuen, zeinak esperientzia pertsonalek ikasteko prozesuan duten garrantzia handia aldarrikatzen baitu. Jardunbide horrek “zalantzan jartzen du positibismoa, eta bide berriak zabaltzen ditu subjektuaren eta objektuaren zein teoriaren eta praktikaren arteko harremana aztertzeko”. Testuinguru horretan –hizlariak esan zuenez–, Eva Fernández antropologo feminista espainiarrak “ugaritasunaren” kontzeptua sortu zuen, eta Geneviève Fraisse filosofo frantziarrak generoaren eta autetnografiaren “gehiegikeriena”; biek ere gogora ekartzen digute analisia egitean inportantea dela oreka mantentzea arlo pertsonalaren eta kolektiboaren artean.
Azkenik, Estebanek esan zuen antropologia feministaren erronka teoriko eta metodologikoetan aurrera egiten jarraitu beharra dagoela, eta berritu egin behar direla haien berri emateko moduak, besteak beste artea, literatura eta zinema erabiliz. Hitzaldiari bukaera emateko, Carmen Gregorio Gil antropologo feminista aipatu zuen, hark baitio inportantea dela gune seguru eta kolektiboak sortzea beldurrei aurre egiteko eta ikerketa feministan etorkizun partekatuak eraikitzeko.
Azkeneko hitzekin, Mari Luz Estebanek honako bi ideia funtsezko eta iradokitzaile hauek proposatu zituen:
“Garai eta mundu honetan, badirudi erantzun batzuek ez dutela balio jada, eta, beraz, elkarrekin galdera berriak asmatzea beste erremediorik ez dugu”.
“Gaur den egunean, egia beste garai bateko kontua dela dirudi: iker ezazue zuen garaiko egia, bila ezazue zuen antropologia, zuen ikerketa-arloa, zuen feminismoa, baina ez zaitezte gelditu dantza egitetik eta dibertitzetik”, animatu zuen publikoa.
Ikasgela Irekiak arlo unibertsitarioan aipagarriak diren kideek emandako saio akademikoak dira, herritar guztiei zein unibertsitateko komunitateko kideei zuzenduak. Laster, honako aditu hauek emanen dute hitzaldia: Itziar Gandarias (Deustuko Unibertsitatea), Amelia Barkin (Mondragon Unibertsitatea), Rocío Medina (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eta Almudena Hernando (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea).
2024ko lehen hiruhilekoan, Magdalena Sancho Moreno, Norma Vázquez, Miren Gutiérrez eta Amaia Pérez Orozco aritu dira hizlari. 2023an, berriz, Almudena Hernando, Julia Espinosa, Miguel Ángel Arconada, Itziar Gandarias, Beatriz Ranea eta Marta Fraile.
“Ikasgela Irekiak” Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren eskaintza ekonomikoan daude sartuak, beste bi ekimen garrantzitsu hauekin batera: Diziplinarteko Mintegia eta Jardunaldi Tematikoak. Diziplinarteko Mintegiaren helburua da genero ikasketen arloko ikerketak sustatzea eta ikusaraztea, NUPen lankidetza-sareak ezartzea eta NABIrekiko elkarrizketarako eta Nafarroako gizartearen ikerketa-premiak lantzeko espazio bat antolatzea. Jardunaldi Tematikoak topaketa akademikoak dira, eta genero ikasketen eta ikasketa feministen esparruan ezagutza zientifikoaren ekoizpenerako garrantzitsuak diren gaien inguruko analisira eta gogoetara bideratuak daude.
Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren eginkizun nagusia da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) genero ikasketak eta ikasketa feministak finkatzea, sare akademikoak sustatzea eta erakundeen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza bultzatzea. Emakumeen eta Gizonen arteko NUPeko II. Berdintasun Planaren eta Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan Estrategikoaren barrenean dago, eta berebiziko garrantzia du gizarte berdinzaleago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko beharrezkoa den ikerkuntzan eta prestakuntzan. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) finantzatua dago, eta oraindik ere funtsezko gunea da genero-ikasketen garapen akademiko eta sozialerako.
Katedraren jarduerei buruzko informazioa jaso nahi baduzu, bete ezazu esteka honetan dagoen inprimakia: Harremanetan jartzeko inprimakia