Joan eduki nagusira

Javier Cabello Urquíaren Nekazaritza Ingeniaritzako Master Amaierako Lanak irabazi du Nekazaritza Jasangarriaren eta Elikadura Osasungarriaren Primaflor Katedraren Sariaren accesita. Lanak hau du izenburua: “Jasangarritasunaren indizeak Ebro ibarrean brokolia hazteko”. 1.000 euro eta ziurtagiri bat emanen dizkiote uztailaren 4an, Almeríako Unibertsitatean.

zoom Javier Cabello Urquía (lagatako argazkia).

Javier Cabello Urquía (lagatako argazkia).

Lehiaketara 2018/2019, 2019/2020 eta 2020/2021 ikasturteetan Espainiako edozein unibertsitatetan aurkeztutako Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak aurkez zitezkeen, betiere Almeriako Unibertsitateko Primaflor Katedrako gai-arloekin lotuta bazeuden. Sari honen helburua da nekazaritzaren eta elikadura jasangarriaren arloko gazte egresatuen bikaintasuna eta berrikuntzarako gaitasuna aitortzea eta saritzea. Accesitaz gainera, lehenbiziko sariaren irabazleari 2.000 euro eta ziurtagiri bat eman zizkioten.

Javier Cabello Nekazaritzako ingeniaria da, eta ekoizpen agroekologikoan espezializatua dago. Nekazaritza Ingeniaritzako Masterra egin zuen NUPen, eta 2019an egin zuen ikasketa amaierako lana, Milagroko (Nafarroa) Gelagri Ibérica enpresan egindako praktikaldian. Natividad Luqui Muñozek, enpresa horretako I+Grako eta elikagaien segurtasunerako arduradunak, eta Inazio Irigoien Iriarte eta Julio Muro Erreguerena, NUPeko agronomiako irakasleek, zuzendu zuten lana, azkeneko 25 urteetan bi erakundeek izandako etengabeko lankidetzaren esparruan.

Javier Cabelloren lana aitzindaria da bere arloan: Ebro ibarreko brokoli-hazkuntzaren jasangarritasuna ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko adierazle sozial, ingurumeneko eta ekonomikoak garatzen ditu. Brokolia da Nafarroan landatutako barazki nagusia, eta barazki freskoen zein izoztuen merkatura bideratzen da produkzioa. Adierazle multzo jakin bat aukeratu zuen Gelagriko gainerako barazkietara estrapolatzeko modukoak izan zitezen, eta, hala, beste proiektu batzuetarako oinarri izan zedin aurrerago.

Gelagri Ibérica

Gelagri Ibérica barazkiak izozten dituen enpresa bat da, eta Espainiako 5 enpresa handienetako bat. Konpromiso handia du jasangarritasunarekin, erantzukizun sozial korporatiboarekin eta zuzeneko zein zeharkako langileen etengabeko hobekuntzarekin (ekoizleak, zerbitzu-enpresak).