Joan eduki nagusira

Maria Barian Urizek Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua egin du euskaraz Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta autismoa duten ikasleen bizi kalitatea hobetzeko protokolo bat diseinatu du Gradu Amaierako Lan gisa. Ikerlan hori Norra Korsholms izeneko Finlandiako ikastetxean (Vaasa herrian) aplikatu du, urtebetez han lanean aritu denean. Protokoloak komunikazioa hobetzen du autismoa duten ikasleen familiakoen, eskolaren eta autismo elkartearen artean. Ikerketa Nafarroan egin zenez, ANA Nafarroako Autismo Elkartea izan zen hirugarren elementua; izan ere, elkarte horrek udako eta Eguberrietako eskolak antolatzen ditu, eta autistekin egiten du lan oporraldietan. Ikerketaren zuzendaria Fernando Trébol Unzué irakaslea izan da. Protokoloa ez da autismoa diagnostikatzeko tresna bat, baizik eta aipatutakoek adingabe autistaren portaera eta aurrerapausoak modu integral eta koordinatuan partekatzeko eta elkarrekin lan egiteko metodo bat.

zoom Maria Bariain

Maria Bariain, NUPen

Web plataforma batean diseinatua dago sistema, eta, hor, autismoa duen adingabearen familiakoek, eskolak eta elkarteak profil bana dute, zeinera erabiltzaile eta pasahitz baten bidez sartzen baitira. Profiletako bakoitzean, adingabeen oinarrizko bost gaitasunen eremuak agertzen dira (gaitasun matematikoa, emozionala, soziala, komunikatiboa eta psikomotrizitatea), eta horietako bakoitzak zenbait item ditu. Hiru taldeetako bakoitzeko kide batek dagokion partea bete behar du. Gero, sistemak aukera ematen du txosten osoa deskargatzeko, eta, hala, batzuek eta besteek idatzitakoa konparatzen da. “Autismoa duten adingabeak ez dira berdin portatzen testuinguru batean eta bestean. Leku bakoitzean zenbateko konfiantza duten eta beste zenbait faktore erabakigarriak dira haien jokamolderako, eta horregatik behar da komunikazio ona halako ikasleekin harremana duten guztien artean haiek hobeki ulertzeko eta haiei integratzen laguntzeko”, azaldu du Maria Bariainek. 

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zuen GALa Maria Barianek, eta suedierara eta finlandierara itzuli zuten gero; izan ere, Finlandiako ikastetxe batean hasi zen lanean, eta han aplikatzeko eskatu zioten ikastetxeko arduradunek. “Orduan haurren espektro autistako nahasmendua zuten ikastetxe hartako bi ikaslerekin egin genuen lan”, zehaztu du Maria Barianek. 

Maria Bariainen curriculum laburra

Maria Bariain (Iruñea, 1996) Psikopedagogiako Masterra egiten ari da orain Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean (UNIR), eta harrera-familietan bizi diren adingabeen prozesu akademikoari buruz eginen du ikasketa amaierako lana. Pedagogia Terapeutikoaren Aipamena eginen du datorren urtean unibertsitate horretan bertan. NUPeko Lehen Hezkuntzako Irakasletzan graduatu ondoren, Finlandian aritu zen lanean European Voluntary Service programaren bidez, eta ADHNa duten haurrei eskolako laguntza ematen ere bai  “A tu lado” izeneko Iruñeko kabinetean.