Joan eduki nagusira

zoom Demetrio Castro bere liburuarekin

Demetrio Castro bere liburuarekin

Norberaren izena erabiltzea, izen hori daraman gizakia identifikatu eta bereizten duena, ezaugarri kultural unibertsalenetako bat da eta, historian zehar, edozein giza taldek edo gizartek erabili izan ditu izen bereziak bere kideak identifikatzeko. Testuinguru zehatzetan antroponimiaren arloan gertatu izan diren aldaketak eta belaunaldi bakoitzean hautatzen diren izen zerrenden atzean dauden gizarte aldaketak aztertzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratu duen liburu batean. “Antroponimia y sociedad. Una aproximación sociohistórica al nombre de persona como fenómeno cultural” (Antroponimia eta gizartea. Hurbilketa soziohistoriko bat pertsona izenetara, kulturaren isla diren aldetik). Liburua Demetrio Castro, NUPeko Pentsamenduaren eta Mugimendu Sozial eta Politikoen Historiako katedradunaren lana da. Liburu bakoitza 20 eurotan saltzen da.

Lana bi egiaztapenetatik abiatzen da. Alde batetik, azaltzen du europar gizarteetan edo itsasoaz haraindikoetan erabilitako izenak, tradizioan multzo nahiko murritzak izan direla, kontuan hartuz, batez ere, printzipioz, izen horien kopurua mugagabea izan daitekeela. Demetrio Castrok dioenez, gertaera honek pentsarazten digu izan direla eta badirela zenbait mekanismo, ez beti berdinak, gehien erabiltzen diren izenak hautatzerakoan.

Bestetik, liburuan egiaztatzen da badela izenak aldatzeko joera, denbora igaro ahala berritzekoa. Hortaz, iristen da une bat zeinetan ohiko edo gehien erabiltzen diren izenen zerrenda bat ez datorren aurreko belaunaldien izenekin. Aldaketa hauek ez dira une bakoitzean aztertzaileek uste dutenaren besteko handiak, baina bai gertatzen dira aldaketak eta frogatzen da izenak hautatzeko arrazoiak ere aldatu egiten direla. "Esan daiteke aldaketa horiek aldaketa kulturalak islatzen dituztela, pertsona izenen zerrenden aldaketa kultura aldaketaren parte dela, baina hain errotuta ez dauden aldaketak, laburragoak, iragankorrak ere izan daitezke, modak diren bezala" dio egileak eta, liburuan azaltzen du historia kulturala eta modaren soziologia aztertzeko esparru egokiak direla antropometriaren azterketan hasteko gizarte gai den aldetik.

Bilakaera Tuteran

2002. urtean Nafarroako Gobernuak emandako proiektu batean egin zen azterlan batetik abiatu da liburua. Azterlanaren izenburua zen “Antroponimia y cambio social en Navarra, 1890-1990" (Antroponimia eta gizarte aldaketa Nafarroan, 1890-1990). Bigarren kapituluan, Tuteran 1540 eta 1870. urteen artean jarri ziren izen berezien bilakaeraren azterketa xehakatua egin da, Jesús Marquinak hiriko parrokia erregistroetan oinarrituz egin zuen datu base bati esker. Horrela, esaterako, 1540 eta 1590. urteen artean, laginean jasotako emakume izenen erdiak baino gehixeago María, Ana, Catalina eta Isabel ziren. Aldi horretan berean, gizonezko izen erabilienak (% 58,9) Juan, Pedro, Miguel eta Martín ziren.

Beste kapitulu batean, Demetrio Castrok aipatzen du Espainian XX. mendearen bigarren erdian gertatu den pertsona izenen zerrendaren "funtsezko eraldaketa", eskualde-berezitasun bereizia, eta are "bereizgarria" den aldetik. Kasu askotan, egileak dioenez, izen horien erabilera bereizgarritasun-baieztapen asmo baten alde bat zen, erregioko edo jarrera nazionalistaren eta atxikipen ideologikoen identitate pertsonalaren adierazpen moduan.

Kapitulu honetan, era berean, datuak ematen dira Nafarroan (1970-79 eta 2000-09) urteen aldietan gehien erabili ziren izenei buruz. Gizonezko izenei dagokienez, lehen aldian gehien erabili ziren izenak Francisco Javier, David, Javier, Óscar eta Ignacio ziren; aldiz, mende honen lehen hamarkadan Javier, Iker, Mikel, Pablo eta Asier izan ziren. Bestalde, María, Beatriz, Marta, Cristina eta Susana ziren 1970-79ko hamarkadan gehien jarri ziren emakumezkoen izenak. María izan da 2000-09 urteen artean gehien jarri den izena, baina Lucía izena ere jartzen hasi zen, beste batzuekin batera. Esaterako, Paula, Irati eta Leyre.