• ES
  • EU


Ikertzaileak


Partes de este texto:

Informazioaren baliabideen erabilera

Nola erabiltzen ahal ditut liburutegiak eskaintzen dituen baliabide elektronikoak?

Liburutegiaren baliabide elektronikoak hainbat lizentziarekin daude kontratatuta, eta lizentzia bakoitzak bere erabilera-baldintzak ditu. Oro har, debekatuta dago datuen, artikuluen eta erregistro bibliografikoen erreprodukzio edo jaitsiera masiboa, eta horiek zabaltzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak ez diren pertsonen artean, baita horiek merkataritza asmotan erabiltzea ere.

Ikusi, inprimatu edo gordetzea zilegi da, betiere kopuru arrazoizkoan eta ikasketa, irakaskuntza edo ikerketa helburuekin. 

Beste egile batzuen obren zer erabilera egin daiteke?

  • Erreproduitzen ahal dira (fotokopiatu, jaitsi, eskaneatu) baina bakarrik erabilera pribaturako, ez erabilera profesional edo enpresarialerako, eta merkataritza-helbururik gabe, betiere obrarako sarrera legez egin bada.
  • Ikerketa lanen barruan grafikoak, argazkiak, planoak, marrazkiak... erabiltzen ahal dira, analisia, kritika edo azterketa egiteko edo laguntzerako, baina beti egilea eta iturria aipatuz. 
  • Legeak, arautegiak eta arauak libre erabiltzen ahal dira.
  • Artistikoak ez diren argazkiak  libre erabil daitezke argazkiak egin direnetik 25 urte pasatu badira, baina beti egilea aipatuz.  
  • Jabari publikoko obrak erabiltzen ahal dira (Espainiako legeen arabera, obra bat jabari publikoan sartzen da egilea hil denetik 80 urte pasatu direnean, 1987ko abenduaren 7a baino lehen hil direnentzat, eta 70 urte data horren ondoren hil badira).

Herri bakoitzaren jabari publikoari buruzko legeak ezagutzeko, begiratu hemen.

Interneteko edukiak libre erabitzen ahal dira?

Interneten argitaratutako edukiek beste euskarrietan argitaratutakoek daukaten babes berbera daukate. Beraz, erabili baino lehen, egileak eta legeak ezarritako erabilera-baldintzak zein diren ziurtatu behar da. Legeak hainbat muga jartzen dizkie egile-eskubideei (adibidez, irakaskuntzaren aipu eta ilustrazio eskubideak). Beraz, egileari baimena eskatu behar zaio legeak markatzen dituen mugetatik kanpoko edozein erabilera egiteko.

Interneteko orrialdeak edo agiriak libre estekatzen ahal dira.

Eskubideen aipamenik ez bada, ulertu behar da eskubide guztiak erreserbatuta daudela. 

Subir

Egileak bere lanaren gainean dituen eskubideak

Obra bat sortzeko garaian, legeak egileari aitortzen dizkio automatikoki eskubide moralak, eta haren gaineko ustiapen-eskubideak.  Eskubide moralak ukatu ezinezkoak eta besterenezinak dira. Ustiapen-eskubideen auzia (erreprodukzioa, zabalkundea, komunikazio publikoa eta eraldaketa), egileak eskubide horiek laga dituen eta zer baldintzatan, horren araberakoa izango da.

Subir

Edizio kontratuak eta lizentziak

Zer hartu behar du kontuan egile batek edizio kontratu bat izenpetu baino lehen?

Edizio kontratu bat izenpetzeko garaian, egileak ustiapen eskubideen lagapen esklusiboa egiten ahal dio editoreari, eta kasu horretan ezin izango du erabili bere obra beste helburu batzuekin, edo bestela lagapen ez esklusiboa egiten ahal du, eta orduan egileak bere ustiapen eskubideen parte bat lagatzen du, eta beste parte bat berarentzat gordetzen.

Lagapen ez esklusiboa egiteko hainbat modu daude, eta horiek editorearekin negoziatu behar dira:

  • Ustiapen eskubideak partez lagatzea, egileak batzuk beretzat gordez.
  • Egileak copyrighta harentzat gordetzea, eta editoreari baimenak ematea lizentzia baten bidez argitaratzeko.
  • Aukera ematea, artikulua argitaratu eta gero, egileak biltegietan, web-orrialdeetan, blogetan... argitaratzeko.
  • Editorearekin bahiturak ezartzea. Amaitu eta gero, egilea librea da beste toki batzuetan argitaratzeko. 

Zer lizentzia edo kontratu mota erabil daiteke ustiapen eskubideei eusteko?

Hainbat tresna dago ustiapen eskubideei eusteko:

Baliabide honek egileen eta editoreen interesak bat etorrarazten dituen kontratu-mota bat eskaintzen du, bien interesak errespetatuz.

Hainbat adenda-eredu eskaintzen du. Hau lege-dokumentu bat da, edizio kontratuari gaineratzen zaiona zerbait aldatzeko. Egilearen interesei gehien egokitzen zaien adenda aukeratzen ahal da.

Lizentzia hauen helburua da copyright edo “eskubide guztiak gordeta” formulari aukera bat eskaintzea. Interneten argitaratzen diren obrak babestu eta banatzeko pentsatuta daude.

Lizentzia hauetan, egileek aukeratzen dute zer baldintzatan argitaratu nahi duten beren obra, zer eskubide gorde nahi dituzten eta zer baimen ematen dieten erabiltzaileei beren obrei buruz.

Egileak erabiltzeko lau baldintzaren artean egiten ahal du aukera, eta konbinatzen ahal ditu; horrela sei lizentzia klase sortzen dira, gehienezko murrizketatik egiletzaren aitortza soileraino. 

Aitorpenekoa (Attribution): Lizentziak baimentzen duen edozein ustiapenetan egiletza aitortu beharko da.
Ez merkataritzakoa (Non commercial): Obra ustiatzen ahal da, baina merkataritzakoak ez diren erabileretarako.
Obra eratorririk gabea (No Derivate Works): Obra ustiatzeko baimenak ez du bere baitan hartzen obra eraldatzea eta obra eratorri bat sortzea.
Berdin partekatua (Share alike): Baimendutako ustiapenaren barruan sartzen da obra eratorria egin ahal izatea, zabaltzen direnean lizentzia berari eusten badiote.

Lizentzia hauek doakoak eta oso erabiliak dira, mundu mailan oso ezagunak, eta ez dira esklusiboak, ez eta ezeztaezinak ere. Obra intelektual guztiei aplikatzen ahal zaizkie (liburuak, argazkiak, artikuluak, bideoak, musika, web orrialdeak...).

Erabiltzaile batek Creative Commons lizentzia daukan obra bat erabiltzen duenean, ezarritako baldintzen pean erabiltzeko konpromisoa hartzen du.  Baldintzak betetzen ez badira, egileak auzitegira jotzen ahal izango du, beste edozein lizentziarekin gertatzen den bezala.

CC lizentzia bat esleitzeari buruzko bideoa

Egile batek non argitaratzen ahal ditu bere artikuluak edo ikerketa lanak?

  • Saltzen diren aldizkarietan, ustiapen eskubide guztiak editoreari emanda, edo berarentzat eskubide batzuk gordeta.
  • Sarrera askekoak edo doakoak diren eta bi ebaluatzaileren balioespena daukaten aldizkarietan, Ceative Commons lizentzia baten bidez beren eskubideak atxikiz.
  • Sarrera irekia bi ebaluatzaileren balioespena daukaten aldizkarietan, zeinetan egileak edo erakundeak ordaintzen baitute argitaratzeko (BioMedCentral, PLOs).
  • Saltzen diren aldizkarietan, sarrera irekian argitaratzeko baimena ematen dutenetan, editoreari argitaratzeagatik ordainduta (SpringerOPEN , Elsevier…).

Argitaratu baino lehen, aldizkariaren politika editoriala ezagutzea komeni da, editoreari zer eskubide ematen zaizkion eta egileak zer eskubide gordetzen dituen jakiteko.

Esteka hauetan ikus daitezke aldizkari nagusien copyright-i buruzko politika editorialak:

Sherpa/Romeo (munduko direktorioa) 

Dulcinea (Espainiako aldizkarientzat) 

DOAJ sarrera irekiko aldizkarien direktorioan begiratzen ahal da zer aldizkarik argitaratzen duten sarrera irekian, eta zer baldintzatan. 

Subir

Sarrera irekian argitaratzea

Nola jakin dezake egile batek sarrera irekiko zer aldizkaritan argitaratzea komeni zaion?

Gaur egun ikertzaileak behartuta egon daitezke beren ikerketen emaitzak sarrera irekian argitaratzera, lege bat betez edo beren unibertsitatearen, ikerketa erakundearen edo finantza erakundearen agindua edo araudia betez.

Sarrera irekian argitaratzeko garaian, egileari komeni zaio jakitea zein diren, beren jakintza-alorrean,  oihartzun handiena daukaten aldizkariak, are gehiago horretara behartzen duen aginduren bat bete behar badu.

Horretarako, DOAJ sarrera irekiko aldizkarien direktorioa kontsultatzen ahal du, non aurkituko baitu zer aldizkari argitaratzen den ikerketa arlo bakoitzean, eta behin aurkitu eta gero, bakoitzaren oihartzun-faktorea bilatzen ahal baitu.

Gainera ikus dezakezu: 

Zer legek derrigortzen dituzte ikertzaileak sarrera irekian argitaratzera?

Nazio mailan bi lege-ekimen daude, Espainiak ikerketaren emaitzak sarrera irekian argitaratzeko daukan konpromisoa gauzatzen dutena:

1. "Zientziaren Legea": 14/2011 Legea, 2014ko ekainaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzkoa. 37. artikuluak, hau ezartzen die:

  • Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistemaren eragile publikoei beren ikertzaileen argitalpenak edukiko dituzten sarbide irekiko biltegien garapena sustatzeko, nazioko eta nazioarteko antzeko ekimenekin lotzeko modua emango dien sistemak ezartzeko, eta ebaluazio prozesuetan biltegietako dokumentuak erabiltzeko.
  • Neurri handi batean Estatuaren Aurrekontu Orokorretako funtsen bidez finantzatutako jarduera daukaten  ikertzaileei beren argitalpenen azken bertsioa sarbide irekiko biltegi batean gordailutzeko, argitaratze datatik aurrera hamabi hilabeteko epean gehienez ere.

Artikulu honek Ikerketa Zientifiko, Tekniko eta Berrikuntzakoaren Estatuaren Planak delakoaren eremuan egindako I+G+b-ko proiektuetarako deialdi nazionalei eragiten die.

2. 99/2011 Errege Dekretua, 2011ko urtarrilaren 28koa, doktoretzako ikasketa ofizialak arautzen dituena. 14.5, 14.6 artikuluek xedatzen dute doktoretza-tesiak, behin onetsi eta gero, sarbide irekian gordailutuko direla unibertsitatearen erakunde-biltegian.

Europa mailako ekimenak

  1. 2020ko Horizonte Proiektuak, eta hori baino lehenagoko Europar Batasuneko VII. Esparru Programaren Sarrera Irekiko Proiektu Pilotuak (39. atala), ezartzen dute diru-laguntzak jasotzen dituztenek beren proiektuak gauzatzearen ondorioa diren eta bi ebaluatzailek berraztertu dituzten artikuluak biltegi batean argitaratu behar dituztela, baita artikulu horien ondorioz bildutako datuak ere.
  2. Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) eskatzen du berak finantzatutako ikerketa proiektuen kidekoen arteko azterketa izan duten argitalpen guztiak erakunde edo gai biltegi batean biltzeko  eta ikusgai jartzea argitaratzen direnetik 6 hilabeteko epean gehienez ere. OpenAire Europako Batzordearen plataformak biltzen ditu lan hauek.

Nola ematen ahal dio egile batek zabalkunde handiagoa bere obrari?

Argitaratzeko ohiko bideez aparte, Unibertsitateak ikertzaileen esku jartzen du Academica-e erakunde-biltegia, hau da sarrera irekiko printzipioen arabera funtzionatzen duen artxibategi digital bat, zeinaren helburua baita unibertsitate komunitatearen ekoizpen zientifiko eta akademikoari ikusgarritasun handiagoa ematea, ekoizpen hori bildu, antolatu eta zaintzeaz  aparte. Zure artikulua, liburuko kapitulua, biltzarreko txostena, eta abar, Academica-e biltegian uzteko zer egin behar den jakin nahi baduzu, bidali posta bat helbide honetara.

Subir

Web-orrialde pertsonalak erabiltzea

Egile batek bere ekoizpen zientifikorako sarrera ematen ahal du web-orrialde, blog edo biltegi pertsonaletan?

Argitaratu ez diren ikerketa-lan guztiak argitaratzen ahal ditu.

Dagoeneko argitaratuta dauden ikerketa lanak edo lan akademikoak badira, bere web-orrialde, blog edo biltegietan argitaratzen ahalko ditu, baldin eta bere obraren gaineko ustiapen-eskubideak gordetzen baditu. Hala ez bada, baimena eskatu behar dio editoreari.

Ezin izango ditu argitaratutako lanak edo artikuluak intranet batean argitaratu, lan horien gaineko ustiapen eskubideak gordetzen ez baditu.

Subir

Hainbat egilek egindako lanak

Hainbat egilek egindako obrak argitaratzen ahal dira egile guztien adostasunik gabe?

Hainbat egilek egindako obrak argitaratzeko, edozein bitartekoz, beharrezkoa da egile guztien adostasuna.

Hala ere, egile bakoitzak bere ekarpena argitaratzen ahalko du, bakarka, ustiapen komunari kalterik egiten ez badio.

Besterik da obra hainbat egileren artean egin denean, baina egile guztien ekarpenei forma berria eman dien koordinatzaile batek zuzendu duenean. Horrelakoetan koordinatzailea da obraren gaineko eskubide guztien jabea.

Subir

Plagioa

Nola babesten ahal da obra bat plagiotik?

Hasiera batean, edozein obra, egileak sortzen duen unetik, legeak babestutakoa da.

Hala ere, hainbat erregistro dago, derrigorrezkoak ez direnak, obrak identifikatu eta babesteko, zer eskubide dagoen gordeta eta egilea zein den adieraziz, Jabetza Intelektualaren Erregistroa eta Safe Creative Interneten argitaratutako obrentzat. Argitaratutako obrak Lege Gordailuan uztearen derrigortasuna obra baten egiletza frogatzeko modu eraginkorra da.

Obrak plagiotik babesteko beste modu bat da obrari Creative Commons lizentzia bat ematea, hartaz zer erabilera egitea baimentzen den esanez.

Obra bat Interneten argitaratzeak edo eskuragarri egiteak plagiatua izateko arriskuak dakarte, baina aldi berean, sarean dagoenez gero, plagioa errazago atzematen da. Gaur egun gero eta tresna eraginkorragoak daude atzemateko (Ephorus, Turnitin...)

Subir