• ES
  • EU
  • EN


2017ko azaroaren 21a [Ikerketa]

Genero ikuspegia museoetako hezkuntza lanean aztertu da NUP-en defenditu den doktoretza tesi batean

Sofía Ángela Albero Verdú arte historialariak genero ikuspegidun 95 hezkuntza-ekintza aztertu ditu, eta esanguratsuenen azterketa sakonagoa egin du

zoomSofía Albero Verdú, NUPeko doktore berria.

Sofía Albero Verdú, NUPeko doktore berria.

“La perspectiva de género en el trabajo educativo que realizan los museos y centros de arte españoles”, hauxe da Sofía Ángela Albero Verdú arte historialariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen doktoretza tesiaren izenburua eta gai nagusia. Imanol Agirre Arriaga eta Amaia Arriaga Azcárate izan dira ikerketa lanaren zuzendariak. Biak NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak dira.

Egileak bere ikerketan aztertutakoaren arabera, joan diren sei urteetan, Espainiako museoak eta arte garaikideko zentroak joan dira bereganatzen genero ikuspegiak bitartekaritza-jarduera espezifikoen bidez, beren hezkuntza departamentuek edo Hezkuntza eta Kultura Ekintzarako Departamentuek (gaztelaniazko sigletan, DEAC) planifikatuta. Horretarako, egileak hurbilketa kualitatibo eta feminista bat proposatzen du, genero ikuspegidun 95 hezkuntza-ekintza aztertzeko, ekintza hauen oinarrian dauden diskurtsoen analisiaren bidez.

Lortutako mapan agertzen diren hezkuntza proposamenak sakonago ezagutzeko asmoz, egileak sartu ditu, gainera, bost elkarrizketa. Elkarrizketa hauek bost hezkuntza talderi egin zaizkie, beren ibilbidea, prestakuntza eta egiten duten lanarengatik garrantzizkoak direnak, eta museotako arte-hezkuntzan ikuspegi kritiko eta feministatik lan egiten dutenak: Medusa Mediación, Artaziak, Les Salonnières, Colektivof eta Bitartean. Doktore berriak azaltzen duenez, "azterketak eraman nau, hezitzaileekin batera, ekintza zehatz gutxi batzuetatik harago, eta analizatu dut zer den haientzat genero ikuspegia, nola aplikatzen duten begirada hori museotako hezkuntza lanean, eta zer zailtasun eta zer aukera aurkitzen dituzten lan hori betetzeko gaur egun".

Narrazio androzentrikoa kulturan

Feminismoek beti jo izan dute museoak eta arte zentroak funtsezkoak direla artearen eta kulturaren narrazio androzentrikoari eusteko (gizonezkoa begiradaren erdian jartzen duena eta emakumezkoa ikusezin bihurtu edo baztertzen duena), Alberok esan duen moduan. Izan ere, hezkuntza eta museologia-ikuspegi kritiko batzuek "instituzio hauek kritikatu dituzte identitate eta balio hegemoniko eta maskulino batzuk sortu eta erreproduzitu dituztelako, beste batzuen gainean", erantsi du. 

Honekin loturik, tesiaren egileak uste du "premiazkoa dela museoek eta arte zentroek beren buruari galde diezaioten zer nolako narrazioak ari diren eraikitzen, eta zer nolako hezkuntza politika eta praktikak eraman behar dituzten aurrera instituzioa publikoekin harremanetan jartzeko". "Alde horretatik, eta duela oso denbora gutxi, Espainiako zenbait museo eta arte zentro hasi dira sustatzen genero ikuspegia daukaten hezkuntza-ekintzak", adierazi du.

Egilearen curriculum laburra

Sofía Albero Verdú arte historialaria da, eta ikusizko arteak eta hezkuntza ikuspuntu konstrukzionista batetik lantzen duen master bat egin du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ikerketa-laguntzaile lan egin izan du, Iruñean ondarea zaintze eta hedatze-proiektuetako kudeatzailea izan da, eta Bartzelonako Vila Casas Fundazioaren Can Framis arte garaikideko espazioko prentsa, komunikazio eta pedagogia laguntzailea izan da.

Bere profil profesionala hibridoa da, eta bere lan-ildoen artean hauek daude arte sormen garaikidea eta teoria feministak, baita pedagogia kritiko eta kolektiboak ere. Ikertzailea den aldetik, Hezkuntza Ministerioak finantzatu duen "Ikusizko kultura sortzen duten gazteak" proiektu lehiakorrean parte hartu izan du, lehen aipatutako Imanol Agirrek (NUPeko irakaslea) zuzendua, eta museoetako eta arte zentroetako hezkuntza eta bitartekaritzari buruzko zenbait mahai-inguru eta biltzarretan parte hartu izan du.  

Duela gutxi "RESET. Genero eta kultura-aniztasun berrirakurketak" deialdi publikoa irabazi du, Valentziako Erkidegoko Museoen Partzuergoak (2017) egindakoa, "4G# 4Irakurketa generotik" hezkuntza-bitartekaritzarako proiektuarekin, Castellóko Arte Ederretarako Museorako prestatua. Parte hartu izan du, halaber, “Jostailuen historia” erakusketa kolektiboan, Alacanteko Ibi herriko Jostailuaren Museoan, eta egonaldi bat lortu du Uharteko Arte Garaikideko Ekoizpen Zentroan, Nafarroan, "Arte Eragileen Mapeatzea" ikerketa proiektuari esker (proiektuaren egileetako bat baita, gaur egun). Gainera, gaur egun komisarioetako bat da Iruñeko Kondestableko Civivoxeko Irrati elektroeragilea arte eta kultura proiektuan.

Parte hartzen du Nafarroako Kulturaren Plan Estrategiko berrian, Genero Azterketen adituen batzordekide delako, eta 2014tik MAVeko kidea da (Emakumeak Ikusizko Arteetan), eta APAC Elkartearen Nafarroako idazkaria (Arte Garaikidearen Ekintza eta Sustapena) da, non oso paper eraginkorra betetzen baitu giza eskubideen erreibindikazioan eta kultura ekintzen garapenean, ikuspegi feminista batetik, beste erakunde batzuekiko harremanean, esaterako Nafarroako OCSI (Nazioarteko Lankidetza eta Elkartasunerako Erakundea), Salerosketaren Aurkako Ekintza, Nafarroako Argazkigintza Taldea, Iruñeko Gaztetxea eta IPES Elkartearekin.