• ES
  • EU
  • EN


[Argitalpenak]

NUP-ek eta Laetoli argitaletxeak “Física cuántica para Alicia” argitaratu dute, publiko zabalarentzako dibulgazio lan bat

Mikael Rodríguez Chala ikertzailearen liburuak Higgs bosoia, laserra eta bestelako  kontzeptu eta teknologietara hurbiltzen laguntzen du

zoom“Física cuántica para Alicia” liburuaren azala.

“Física cuántica para Alicia” liburuaren azala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Laetoli argitaletxeakFísica cuántica para Alicia” liburua argitaratu dute, zientzia horretan sakontzeko dibulgazio lan bat. Aukera ematen du Higgs bosoia edo quarkak ezagutzeko, baita zientzia horri esker funtzionatzen duten teknologia berriak ere, hala nola laserra edo zenbait ekipo mediko. Liburuaren egilea Mikael Rodríguez Chala da, Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzailea. Berak marraztu ditu ere zenbait kontzepturen azalpenean laguntzen duten ilustrazioak.

Testua erraz irakurtzen da, XX. mendea baino lehenagoko fisikarekin hasten da, eta, batez ere, Newtonen mekanika eta elektromagnetismoa azaltzen ditu. Ondoren, fisika kuantikoa aztertzen du, partikula subatomiko txikienen munduan murgilduz (quarkak, neutrinoak, bosoiak), eta unibertsoaren historia berreraikitzen du, Big Bangetik hasi eta gaur egun arte. Egileak teoriaren albo-alderdiak azaltzen ditu, betiere fisika kuantikoaren esparruari dagozkionak. Adibidez, erradioaktibitateak izan ditzakeen arriskuak aztertzen ditu, hari esker funtzionatzen duten teknologia modernoaren zehaztasunak erakusten ditu (erresonantzia magnetiko bidezko irudiak, transistoreak, konputazio kuantikoa, etab.), eta naturaz gaindiko ustezko "erremedio" batzuk desmuntatzen ditu.

Kapitulu bakoitzaren amaieran ideia nagusien laburpena dago, eta horrek liburuaren dibulgaziorako bokazioan sakontzen du. Ohar anitz ditu ere, zailtasun handia duten puntuak argitu, azpimarratu edo zabaltzeko. Maiz agertzen diren anekdotek eta marrazki argigarriek aukera ematen digute naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan barneratzeko, ekuazio matematikoen beharrik gabe.

Liburua NUPen eta Laetoli argitaletxearen “Las dos culturas”, dibulgazio zientifikoko bildumaren 26. alea da, eta 19 euroan dago salgai. Ezagutza zientifikoa jende kopuru zabal bati helarazi nahi dio bildumak. Bere helburua da "bi kulturak" (letrak eta zientziak) atzean uzten laguntzea, kultura bakar batean elkartzeko: hirugarren kultura sintetiko bat, gure kultura.

Egilearen biografia

Mikael Rodíguez Chala lanaren egileak (Kordoba, 1987) Granadako Unibertsitatean egin zituen lizentziatura eta doktoretza ikasketak, eta bertan burutu zuen ere Masterra Fisikaren Teknika eta Metodo Aurreratuetan. Partikulen fisikan espezializatu da, eta hogei artikulu baino gehiago argitaratu ditu entzute handiko nazioarteko aldizkarietan. Bere prestakuntza akademikoaren zati handi bat munduko ikerketa-erakunde nagusienetan egin du, besteak beste Genevako (Suitza) Ikerketa Nuklearreko Europar Zentroan (CERN) eta Hanburgoko Elektroien Alemaniako Sinkrotroian (DESY). Gainera, dibulgazio zientifikoko jarduera anitzetan aktiboki parte hartu du. 2016an, lehen saria irabazi zuen Partikulen, Astropartikulen eta Fisika Nuklearraren Zentro Nazionalak dibulgazio artikuluen modalitatean antolatzen duen Dibulgazio Zientifikorako Lehiaketa Nazionalean.