• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-eko Soziologia Aplikatuko graduko ikasleek Unibertsitate Osasungarrirako Planaren diagnostiko kualitatiboa egin dute

Carlos Vilches Plaza Unibertsitateko Soziologia Saileko irakaslea izan da ikasleen zuzendaria 

zoomDiagnostikoa egin duten ikasleetako batzuk eta Carlos Vilches irakaslea (eskuinean).

Diagnostikoa egin duten ikasleetako batzuk eta Carlos Vilches irakaslea (eskuinean).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologia Aplikatuko graduko hogei bat ikaslek Unibertsitate Osasungarrirako II. Planaren (2011-2016) diagnostiko kualitatiboa egin dute. Plana unibertsitateko komunitateko kideen artean ohitura osasungarriak bultzatzeko jarri zen martxan, NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2005ean sinatutako hitzarmen bati esker. Carlos Vilches Plaza Unibertsitateko Soziologia Saileko irakaslea arduratu da ikasleak orientatzeaz eta diagnostikoaren azken dokumentua prestatzeaz, sail bereko Andoni Iso Tinoco irakaslearen laguntzaz.

2015/2016 ikasturtean egin zuten azterlana ikasleek, lehen seihilekoko Metodologia Kualitatibo eta Parte-hartzaileak irakasgaiko eta bigarren seihilekoko Diskurtsoaren eta Ikus-entzunezko Informazioaren Azterketa irakasgaiko curriculum-praktiketan (graduko bigarren ikasmailan). Planaren helburuak dira, batetik, unibertsitateko komunitateko kideen osasun-egoera eta gaixotasun ohikoenak ezagutzea, eta, bestetik, gakoak proposatzea plan berria prestatzeko. Dagoeneko martxan da plan berri hori, eta 2020ra arte egongo da indarrean. Plana aztertzeko, elkarrizketa irekiak eta eztabaida-taldeak baliatu dituzte. Bukatzeko, World Café bat egingo dute maiatzaren 13an (larunbata), 10:00etatik 12:00etara, Sario eraikineko korridore nagusian. Ikasleek berek zuzenduko dute topaketa, eta unibertsitateko komunitate osoa dago gonbidatuta. World Caféan izena emateko, bidali mezu bat maiatzaren 10a baino lehen unidad.accionsocial@unavarra.es helbidera.

Diagnostikoaren emaitza nagusiak

Azterketaren emaitzak bost kategoriatan daude sailkatuta: egoeraren diagnostikoa, osasun-aktiboak, faktore negatiboak, dauden baliabide eta zerbitzuen ezagutza eta erabilera, eta etorkizuneko gakoak. Metodologiari dagokionez, hogeita lau elkarrizketa eta bost eztabaida-talde baliatu zituzten gorago aipatutako helburuak erdiesteko. Abiapuntu gisa, osasuna pertsonen barne-faktore fisiko eta psikologikoek nahiz gizarte-, ekonomia- eta lan-inguruneari lotutako kanpo-faktoreek eraikitzen dutela jotzen da.

Unibertsitateko komunitateko kideen osasun-egoera orokorrari dagokionez, emaitza onenak ikasleek izan dituzte, gazteak direlako, nahiz eta azterketak egiteko eta lanak entregatzeko garaian estres-egoerak pairatu. Bestetik, bai Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (AZL), bai Irakasle eta Ikertzaileek (I.I.), badituzte osasun-arazo batzuk, besteak beste, arrazoi hauen ondorioz: eraikin batzuk egokiak ez izatea (kanpoko argia, tenperatura, liburutegiko zarata), lan-karga, prozesuen gero eta burokratizazio handiagoa (AZLren kasuan) eta Bolonia Planaren erronkak beren gain hartzeko zailtasuna (I.I.ren kasuan).

Oro har, azterketan parte hartu dutenek trebakuntza-jarduera gehiago, osasun-arloko langile gehiago, osasun-azterketak urtero egitea, langile guztiei lehen sorospenetako ikastaroa ematea, azpiegiturak hobetzea, eta unibertsitateko komunitateko kideen artean komunikazio handiagoa izatea eskatu dute. Aldi berean, hierarkia handiegia dagoela aipatu dute. Azkenik, unibertsitatean garraiobide jasangarriak erabiltzea, kanpo-kutsadura murriztea eta kafetegiko eta jantokiko eskaintza hobetzea proposatu dituzte hobetu beharreko alderdi gisa.