Desgaitasun edo gaixotasun bat edukitzeak edo adinekoa izateak ez du esan nahi ezin duzunik erabakirik hartu, edo beste batzuek erabaki behar dutenik zure ordez. Jakin ezazu zein diren zure eskubideak eta har itzazu erabakiak autonomiaz arlo garrantzitsuetan, hala nola osasunean edo zaintzan.
“Ezagutu zure eskubideak, erabaki hobeto” zikloa 6 hitzaldik osatzen dute, eta haren helburu nagusia da desgaitasuna duten pertsonen, adinekoen eta haien familien eskubideak ezagutzera ematea, eta, ondorioz, diskriminazioa eta abusu egoerak murriztea. NUPek Montes de Navarra auzo elkartearekin lankidetzan antolatu du zikloa. Elkarte hori Santa Maria la Real adinekoen sarean sartuta dagoen irabazi-asmorik gabeko entitate bat da, eta auzoa garatzeko lan egiten du, bizigarriagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa izan dadin.
Hitzaldiak Santa María la Real auzo elkartearen belaunardiarteko egoitzan eginen dira. Santa María La Real auzoko bizilagunei zuzenduta daude, bereziki adinekoei eta desgaitasuna dutenei eta haien ahaide eta zaintzaileei. Nolanahi ere, ateak zabalik daude edonorentzat.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Saileko lau irakasle hauek osatzen dute proiektuaren ekipoa: Leyre Elizari Urtasunek (proiektuaren arduraduna), Natividad Goñi Urrizak, María Luisa Arcos Vieirak eta Álvaro Caldelas Ruizek.