Hezkuntzako baliabideak dituen webgune bat, bideojoko historikoen bidez ikastera bideratua
Formatu profesional eta interaktiboa eman nahi diogu www.gtlhistory.com, webguneari, hots, “Historia eta Bideojokoak (I eta II)” ikerketa-proiektuetako lan didaktikoak hedatzen dituen webguneari.
Ezagutza zientifikoaren transferentzia:
Games to Learn History ekimena (www.gtlhistory.com) 2020. urtearen hasieran sortu zen, COVID-19aren pandemiagatik konfinatuta geunden garaian, “Historia eta Bideojokoak (I eta II)” ikerketa-proiektuen (www.historiayvideojuegos.com) eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren “Bideojokoak, hezkuntzarako aliatu ona” proiektuaren zabalpen moduan. Aipatutako proiektuak amaitzean sortu zen, eta, beraz, berariazko finantzaketarik gabe, proiektu horien eta etorkizunean izan daitezkeen beste batzuen emaitzak hedatzeko xedez.
Hori dela-eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Íñigo Mugueta irakasleak inolako finantzaketarik gabe egin zuen webgunea, JIMDO doako softwarea erabiliz. Nahiz eta tresna hori oso baliagarria izan den ekimena abian jartzeko, ez da nahikoa proiektuak izan duen hazkundea kontuan hartuta. Hori hala izanik ere, proiektuak lau unibertsitatetako (Bartzelona, Murtzia, Mar del Plata eta Huelva) beste hainbeste ikerketa-talderen babesa du, eta historiaren, hezkuntzaren eta bideojokoen arloko zenbait espezialistak argitaratutako 27 artikulu eta Bigarren Hezkuntzako irakasle batzuen 8 proposamen didaktiko hartzen ditu barne.
Hezkuntzaren berrikuntza:
Eskaera honek hezkuntzaren berrikuntzarako eta ezagutzaren transferentziarako proiektu hau hedatzen jarraitzea du xede. Horretarako, tresna konplexuago bat behar dugu (webgune bat), erabiltzaileen artean feedbacka izateko aukera emanen duena (foroak, iritziak, mezuak) eta erabilera-estatistikak izanen dituena. Hala, orain arte egindako lana ebaluatzeko eta webgunearen hedapena hobetzeko erabaki aproposenak hartzeko aukera izanen dugu, eta erabiltzaileen esperientzia baliagarriagoa eta eraginkorragoa izanen da.