Informazioaren segurtasuna beti dago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta haren Informatika Zerbitzuaren interesgunean. Horregatik, pribatutasuna babesteko eta segurtasuna hobetzeko neurri berriak sartzen ari dira pixkanaka. Horietako bat da bigarren autentifikazio-faktore bat erabiltzea zerbitzuetarako sarbidea kontrolatzeko. Ildo horretan, duela urte batzuk, mekanismo hori zerbitzu bakan batzuetan sartu zen. Saio-hasiera zentralizatuaren ezarpenarekin, gero eta zerbitzu gehiagok izanen dute babes hori.
Faktore bikoitzeko autentifikazioa saio bat hastean bigarren pasahitz bat eskatzean datza (OTP edo egiaztapen-kodea ere esaten zaio). Horrela, zerbitzu batean sartzeko, identifikatzailea eta pasahitza ezagutu behar dira, baina egiaztapen-kode hori sortzeko gai den gailu fisiko bat ere eduki behar da. Gainera, kode hori erabilera bakarrekoa da (OTP), eta segundo gutxi batzuetan aldatzen da; beraz, gailu hori eskuragarri eduki behar da kodea dinamikoki sortzeko sartu nahi dugun bakoitzean. Kode horiek sortzeko modurik ohikoena telefono mugikor bat da. Asko irabazten dugu segurtasunean, erosotasun pixka bat galtzearen truke.
Erabilera bakarreko kodea (OTP) erabili ahal izateko, aplikazio txiki bat instalatu behar duzu zure telefono mugikorrean. Oso litekeena da jada instalatuta izatea eskatutako aplikazioa, Interneteko zerbitzu askotan erabiltzen baita. Hona hemen OTPak sortzeko aukera ematen duten aplikazioetako batzuk:
Aplikazioa instalatu ondoren, lineako tresnara joan behar duzu, NUPerako OTPen sorrerari alta emateko eta urratsez urrats gidatzen gaituzten jarraibideei jarraitzeko. Uneren batean, mugikorretik QR kode bat eskaneatu beharko duzu deskargatutako programarekin, eta mugikorraren aplikazioak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatu beharko duzu, OTP bat sortuz, eta, horrela, dena behar bezala dabilela baieztatu.
Halaber, lineako tresnak NUP-SSOetik kontrola daitezkeen saioak dituzten aplikazio guztiak zerrendatzeko aukera ematen du, baita ikusteko ere faktore bikoitzeko autentifikazioa nahitaezkoa den (horia), borondatezkoa den eta aktibatuta dagoen (berdea) edo borondatezkoa den eta desaktibatuta dagoen (grisa):
Irudia: tresnan agertzen den aplikazioen zerrenda bat.
Gerta daiteke ezen, mugikorretik sortutako kodea erabili nahi dugunean, kodea okerra dela dioen mezu bat agertzea. Errore hori gerta daiteke beste webgune bateko sarbide-kodea sartu dugulako, edo gure telefono mugikorrak ez duelako ordu zehatzik. Telefono adimendunek gaitasuna dute ordua zerbitzari zentralizatu batekin automatikoki sinkronizatua mantentzeko. Funtzionalitate hori aktibatu egin behar duzu zure telefonoan. Hori sakelako telefono jakin batean egiteko argibideak Interneten bilaketa erraz batekin aurkitu daitezke: "Sinkronizatu data eta ordua Androiden". Gailu mugikorrak ordu zehatzik ez badu, baliteke arazoren bat egotea.
Telefonoa galduz gero, tresnak aukera ematen du galdutako gailuari baja emateko eta beste bati alta emateko, baina ziurtagiri digital bat erabiliz. Ziurtagiririk ez baduzu, laguntza eskatu behar diozu Informatika Zerbitzuari.