Ikertzaileen Gau Europarra zientziaren dibulgazioari zuzendutako ekitaldi publiko bat da. Bere helburua ikerketa, berrikuntza eta haietako protagonistak adin guztietako jendeari modu erraz eta dibertigarrian hurbiltzea da.
NUPek laugarren urtez jarraian hartuko du parte ekimenean. Europako 400 hiritan egiten da aldi berean, eta Europar Batasunak finantzatzen du Horizon Europe programaren barrenean. Ikerketa-lana publiko zabalari hurbiltzea du helburu, eta, oraingoan, ardatz nagusiak klima-aldaketara egokitzea, minbiziaren aurkako borroka eta telekomunikazioak eta irrati-astronomia izanen ditu. Jarduerok bat datoz Europar Batasunak munduko erronkei erantzuteko ezarritako misioetako hirurekin. Misio horiek hala nola erronka hauei erantzuten diete: klima-aldaketara egokitzea, minbizia edo hiri adimendun eta klimatikoki neutroak.
Ekitaldia laugarren urtez jarraian antolatu du NUPeko Kultura Zientifikoaren Unitateak, Unibertsitateen G9 Taldea osatzen duten unibertsitateekin koordinatuta. G9 Taldeak Europar Batasuneko programen finantzaketarekin eginiko lehenbiziko lankidetza-proiektuetako bat da hau. Unibertsitate hauek izanen ditu partaide: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Oviedokoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozakoa. Haiez gain, Errioxako Unibertsitatea ere kolaboratzaile izanen da.
Bederatzi unibertsitate horien baterako programazioa webgune honetan kontsultatzen ahal da: nocheinvestigag9