Hasiera > Geologiaren Zabalkundea > Argazkiak
BELABARZEKO ATEAK. Izabatik goiti, Belabarzeko sakanean barrena ibilbide eder bat egin ondoren, ikusiko dugu irtengune harritsu handi bat sortzen dela basoaren barrenetik. Tolestura antiklinal erraldoi bat da, Paleozenoko kareharrizko arrokaz osatua (duela 64 milioi urte ingurukoa). Urak parte bat higatu du, eta bazterreko aldeak baizik ez ditu utzi agerian. Egituraren gailurrik garaiena Ezkaurreren parte da.
HARPEA LEIZEA. Tolestura antiklinal zoragarri hau Iparraldean dago, eta Irabiako egitura geologikoen parte da. Paleozenoko kareharri tupatsuetan zizelkatua dago, eta tolesturak nukleoa erdi hutsik duenez leize txiki hau eratzen du.
UBABAKO BALKOIA (edo Pilatosena). Urbasa-Andia Parke Naturalean dago arroka-amildegi hau. Kareharrizkoa da, baina tuparriak eta dolomiak ere ageri dira amildegia osoan zehar. Balkoi natural honen gainaldea Eozenokoa da (duela 44 milioi urtekoa gutxi gorabehera). Oraingo arroka hauek osatu zituzten sedimentuak izaki bizidunez jositako itsaso epel batean jalki ziren garai hartan. Urederra erreka sortzen da amildegiaren magalean.
BARGAGAINGO HARRIZKO BASOA. Urak zizelkatu eta moldatu dituen kareharrizko arroka hauek forma bitxiak hartzen dituzte paisaian, eta sinbiosi bikaina osatzen dute landareekin. Urak nolako ahalmena duen erakusten du, nola higatzen duen arroka meteorizazio eta higatze prozesu etengabeen bidez.
UREDERRA ERREKAKO TOBAK. Urederra errekaren urek, ibarrera jaitsi ahala, karbonatozko metakin batzuk sortzen dituzte, kareharrizko toba izenekoak. Oso material hauskorra eta delikatua da, eta flora eta fauna interesgarria izaten du inguruan. Metakin horiek ikertuz datazioak egiten dira, eta beste aro geologiko batzuetako ingurumena berreraiki.
ARBAIUNGO ARROILA. Salazar errekak zizelkatu du zintzur hau. Paleozenoko kareharriz eta kalkarenitaz osatuak daude arroilaren horma malkartsuak (duela 60 bat milioi urtekoak). Arroka oso gogorra denez, beste batzuk baino meharragoa eta maldatsuagoa da zintzur hau, eta horma oso bertikalak eta zorabiagarriak ditu.
LARUN MENDIA (EDO LARHUN). Itsasotik hurbil eta Frantziako mugan dago mendi garai hau, konglomeratuz eta hareharriz osatua. Antzina-antzinakoak dira arrokak, 250 milioi urte dituzte gutxi gorabehera. Kolore gorrizta berezia dute, nahiz eta kolore berdexka eta zurixka izaten duten tarteka gainaldean, likenak eta beste organismo batzuk garatu direlako hor. Arrokak “orraztuak” daudela dirudi, estratuen barnealdean egitura sedimentario bat baitute: estratifikazio gurutzatua. Estratifikazioak erakusten digu garai bateko ur-korronteak nolakoak ziren eta nola eramaten zituzten arrastaka sedimentuak, gaur arroka bihurturik ikusten ditugun sedimentuak.
ETXAURIKO FAILA. Eozenoko kalkarenitaz osatutako horma harritsu hau naturaren indarren emaitza da (duela 40 milioi urte ingurukoa). Jaitzeko diapiroa gainazalera bultzatzeak eta haren estrusioak urratu egin zituen diapiroaren arrokak, eta lurra zartatzean “eskailera natural” batzuk sortu ziren, faila deituak, Etxauriko hau adibidez.
AIAKO HARRIKO MENDIGUNE GRANITIKOA. Itsaso ondoko zentinela dirudien granito puska izugarri honek ez du parekorik Nafarroan. Duela milioika urte (270 bat milioi) lurrazalaren barnean sortutako arroka hau azaleratu egin da higaduraren ondorioz, eta babesgarri zuen arroka-manturik gabe ageri da gaur den egunean.
SAN PEDRO MENDILERROKO HOGBACKS-AK. San Pedro eta Peña mendilerroak hareharriz eta konglomeratuz eginak daude. Arroka oso zementatuak eta gogorrak dira konglomeratuak, eta irtengune nabarmenak sortzen dituzte erliebean. Naturaren indarren ondorioz, okertuak daude estratuak, eta malda dezenteko erliebe harritsuak eratzen dituzte, “hogbacks” izenekoak.
HIGA (EDO ELOMENDI). Geologiaren aldetik, leku honek lotura estua du Alaitz mendilerroarekin, eta Iruñerriak ekialdean duen muga naturala da. Higa mendia Paleozenoko kareharriz egina da (duela 58 bat milioi urte), eta, haren magalean, bada higakin-kono bat, legarrez, hareaz eta limoz osatua; izan ere, mendiari materiala higatu ondoren, haren magalera garraiatu eta han jalkiz eratu da higakin-konoa.
BARRANCO DEL REY, FUNES. Jariatze-urek higatu egin dituzte duela 23 milioi urteko buztin eta hareharriak, eta sakana zorabiagarri bat sortu dute Aragoi ibaiaren ondoan, Arga eta Aragoi ibaien elkargunetik beherago.
AZKOIENGO TOLESDURAK. Azkoiengo ibai ertzeko bidetik ikusten diren igeltsuzko formazioen gainaldean, tolestura antiklinal eta sinklinal interesgarriak ageri dira. Sesmako Igeltsu Formazioaren parte dira estratu irtenenak, eta haien artean estratu bigunagoak ere badira, buztinezkoak eta tuparrizkoak. Egitura handiago baten parte dira tolestura guztiak, hots, Faltzesko antiklinalarenak.
CASTILDETIERRA MENDIXKA TESTIGUA. Nafarroako Errege Bardeako turismoaren ikono, mendixka testigu baten adibide bikaina da hau. Erliebe horizontalak pixkanaka higatuz eratzen den forma da. Txandakatuak ditu hareharrizko estratu gogorrak eta arroka bigunagokoak, buztinezkoak adibidez, eta horrek higadura diferentziala eragiten du. Hau da, buztinak erraz higatzen dira; hareharriak, berriz, nekezago, eta horregatik sortzen dira “zapelak” edo irtenguneak. Zapel horiek gainerako estratuak babesten dituzte higadura etengabetik, eta forma bitxiak sortzen dira hala.
YESOS DE LOS ARCOS, ARGUEDAS. Arguedasko kobazuloak gizakiak eginak dira, eta Nafarroako formazio garrantzitsuenetako batean daude kokatuak, Yesos de Los Arcos izeneko formazio geologikoan. Arroka gorrizta batzuk ageri dira formazio horien gainaldean. Geroago sortutako beste formazio geologiko bat da, buztinez eta hareharriz egina, eta argi aski bereizten da beheko unitatetik.
ALDAPAKO ERLIEBEA, LERIN. Yesos de Los Arcos izeneko arroka-formazioa du oinarri Leringo herriak, duela 23 milioi urte inguru sortu zena. Formazioa osatzen duten estratuak pittin bat okertuak daude, eta aldapako erliebea eratzen dute hala. Igeltsuen azpian, formazio geologiko bigunagoa dago, buztinezkoa.