Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Kirolak

Hasiera > Kirolak > Azken ordua

Azken ordua

Mixed Ability Nazioarteko errugbi txapelketako partidak NUP-eko instalazioetan jokatuko dira 2025. urtean

Iruñea aukeratu dute diziplina horretako txapelketaren egoitza gisa, non desgaitasunen bat duten nahiz ez duten pertsonak egokitu gabeko arau berberen pean lehiatuko baitira

Iruñea Mixed Ability Nazioarteko Errugbi Txapelketaren egoitza (IMART) izanen da 2025ean, eta NUPeko azpiegituretan izanen dira bai errugbi partidak, baita txapelketa horretan eginen diren gainerako kirol erakustaldiak ere. Diziplina horretan, desgaitasunen bat duten nahiz ez duten jokalariak batera aritzen dira, egokitu gabeko arau berberen pean. Azken batean, kirola eta lehia bultzatzea da helburua, pertsonak beren gaitasunen arabera sailkatu edo bereizi gabe. Ekitaldia antolatzen duen International Mixed Ability Sports irabazi-asmorik gabeko erakundeak (IMAS) gaur goizean iragarri du erabakia.

Imagen de uno de los partidos de rugby en la modalidad Mixed Ability

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hala, 2022an txapelketaren egoitza izan zen Cork (Irlanda) hiriaren lekukoa hartuko du Nafarroako hiriburuak. Txapelketaren hamargarren edizioaren egoitza izateko hautagaitzak Iruña Rugby Club izan du buru, eta Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirol Institutuak, Nafarroako Errugbi Federazioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) babestu dute. Iruñeko Udalari dagokionez, Cristina Ibarrola alkateak aitortu du txapelketa honen egoitza izatea “harro egoteko modukoa” dela hiriarentzat, eta “inklusio, gizarteratze, dibertsitate eta bizikidetza balioekin dugun konpromiso irmoaren errekonozimendua”.

2025eko txapelketan izena emateko prozesua aurten irekiko da, urte bukaeran. Errugbiaz gainera, bestelako kirol lehiaketa paraleloak eginen dira, arrauna eta saskibaloia esaterako, baita IMASen laugarren Nazioarteko Konferentzia ere. Interesa duten taldeek imart@mixedabilitysports.org helbide elektronikoan eska dezakete informazio gehiago.

Kirol inklusiboa sustatzeko eta gizarteak dibertsitatea hobeki ulertzeko xedez, IMASek kiroletako klub eta entrenatzaileekin, zuzendaritza-organo nazionalekin, osasun arloko profesionalekin, hezkuntza-erakundeekin eta enpresekin egiten du lan. Asmo horretan, irabazi-asmorik gabeko erakunde horrek kirol arloko inklusioari buruzko prestakuntza eta hezkuntza-gaikuntza eskaintzen ditu, eta Mixed Abilityren kirol ekimen komunitarioak sortzen laguntzen du. Horrela, kirola eginez, berdintasuna sustatzen du, desgaitasun fisikoa zein psikikoa duten pertsonentzako oztopoak ezabatzen dituen aldi berean.

Iruñearen ondoren, Ontario (Kanada) izanen da 2028ko IMART txapelketaren egoitza, Europatik kanpokoa lehenbiziko aldiz.


KULTURAKO ETA KIROLETAKO UNITATEA
Arrosadiko campusa
Sekuoia eraikina
31006 Iruñea
Tel. +34 948 169750 | 168483
Fax. +34 948 168487
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua