Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Kirolak

Hasiera > Kirolak > Azken ordua

Azken ordua

2024(e)ko martxoaren 8a

Gizarte Laneko Graduko ikasle batzuek bizikidetza sustatzeko kirol jardunaldi bat antolatu dute NUPen

"Egun said" izeneko jardunaldia “Aukera” proiektuko gazteekin batera antolatu dute, eta 150 bat lagunek hartu dute ekimenean parte

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko Graduko ikasle batzuek eta Aukera izeneko proiektuko hamar bat gaztek kirol jardunaldi bat egin berri dute Unibertsitatearen instalazioetan, testuinguru desberdinetako jendearen arteko bizikidetza, adiskidetasuna eta elkartzea sustatzeko. Ehun lagun baino gehiago aritu dira futboleko eta saskibaloiko partidetan jolasten "Egun said" delako egunean ("egun zoriontsua" esan nahi du, euskara eta arabiera konbinatuz).


Ekimena antolatu duen taldeko kideak, NUPeko kirol instalazioetan.

“Taldeekiko Gizarte-lana” eta “Gizarte-lan Komunitarioa” irakasgaietako euskarazko taldeek antolatu dute ekimena Gizarte Ekintzarako Unitatearekin eta Lantxotegi Elkartearekin lankidetzan (Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mendekoa da unitate hori), eta Rubén Lasheras Ruiz eta Hodei Sarasa Camacho dira, hurrenez hurren, irakasgai horien irakasleak. Horiekin bat egin dute, gainera, Iruñeko Udalaren Arrosadiko Auzoko Unitateak duen Gizarteratzeko Programako kideek, Aukera proiektuaren sustatzaileak baitira. Bi entitateak bat datoz zeregin honetan: berariazko beharrak  dituen kolektibo batekin esku-hartze soziala egitea proposatzen dute; izan ere, herritarrekiko konpromiso soziala da lehenbiziko entitatearen helburua; bestearena, berriz, muturreko zailtasun sozialak edo bazterketa soziala pairatzen dutenei eta haien familiakoei laguntzea. 2023-2024 ikasturtean elkarrekin antolatu dituzten ekimenetako laugarrena da hori.

Jardunaldiko futbol partidetako bat.

Aukera proiektua

Aukera proiektua Arrosadian bizi diren gazte migratzaileak heldu bihurtzeko emantzipazio prozesuan laguntzearren sortu zen, eta, denboraren poderioz, proiektu berezia bihurtu da, aukera ematen baitie Unibertsitateko ikasleei, batetik, kolektibo sozial jakin batzuekin harreman zuzena izateko –entitate baten baino gehiagoren arteko esku-hartze komunitario koordinatua behar duten kolektiboekin–, eta gazte migratzaileei, bestetik, ikasleak hurbiletik ezagutzeko eta hala beren gaitasun pertsonalak eta pertsona artekoak hobetzeko. Aukera proiektuak errealitate sozial desberdineko jendea elkarrekin bizitzea eta elkartzea bultzatu nahi du, ez baitute espazio askorik partekatzen egungo egoera sozialean.
 

Saskibaloi partida bat.


KULTURAKO ETA KIROLETAKO UNITATEA
Arrosadiko campusa
Sekuoia eraikina
31006 Iruñea
Tel. +34 948 169750 | 168483
Fax. +34 948 168487
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua