Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Kirolak

Hasiera > Kirolak > Azken ordua

Azken ordua

NUP-ek bost domina indibidual lortu ditu Espainiako Unibertsitateen arteko 2023ko Txapelketetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kirolariek urrezko bi domina, brontzezko hiru eta laugarren postu bat lortu dituzte.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bost domina lortu ditu Espainiako Unibertsitateen arteko 2023ko Txapelketetan: urrezko bi (halterofilian eta borrokan) eta brontzezko hiru (taekwondoan bi eta borrokan beste bat). Horietaz gainera, laugarren postu bat lortu du halterofilian. Guztira, NUPeko 13 kirolari (10 emakume eta 3 gizon) joan dira orain arte Espainiako hainbat unibertsitatetan egin diren banakako diziplinetako lehiaketetara. Jokatzeko daude oraindik beste txapelketa batzuk, maiatzean: igeriketa, arku-jaurtiketa, padel, judoa eta golfa.

Laura Cháfer Virseda, urrezko domina halterofilian, podiumean.

Hain zuzen ere, Laura Cháfer Vírsedak (Psikologiako Gradukoa) urrezko domina lortu zuen halterofilian (64 kg-ko kategorian), baita trofeoa ere bigarren posturik hoberena izateagatik emakumezkoen lehiaketa osoan. Horrez gain, Espainiako unibertsitateetako errekorra lortu zuen  abiada kategorian, 85 kg-rekin, eta, lehiaketa olinpikoaren guztizko puntuazioan, 179 kilorekin. Bestetik, 23 urtez beherakoen Europako txapelketarako sailkatzea lortu zuen. Bestalde, Miren Huartek (Erizaintzako Gradukoa) urrezko domina lortu zuen borrokan (64 kg-tik beherakoen kategorian).

Banakako kiroletan domina edo laugarren postua jaso zuten gainerako kirolariak honako hauek izan ziren: Ainara Garnica (Haur Hezkuntzako Gradukoa), brontzezko domina borrokan 55 kg-tik beherakoen kategorian); Irati Irigoyen (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua), brontzea taekwondoan 65 kg-tik beherakoen kategorian), eta Alison Forgan (Ingeniaritza Biomedikoko Gradukoa), brontzea taekwondoan 65 kg-tik beherakoen kategorian. Bestalde, Raúl Muñoz de Escalonak (Fisioterapiako Gradukoa) laugarren postua lortu zuen halterofilian, brontzezko dominatik kilo batera.

Ezkerretik eskuinera, Ainara Garnica (brontzea borrokan), Gustavo Marcos entrenatzaile eta irakaslea eta Miren Huarte (urrea borrokan).

Bestalde, Iker Carrera Fábregak (Fisioterapiako Gradukoa) 58 lagunetik 17. postua lortu zuen eskaladan (Espainiako kopa maila absolutuan), Gorka Fernández (Lehen Hezkuntzako Gradukoa) 400 metroko finalerako sailkatu zen eta Ane Cintok taekwondoan hartu zuen parte 57 kg-tik beherakoen kategorian. 

Ikasleekin batera, entrenatzaileak izan ziren: Itziar Recalde NUPeko graduatua (borrokako entrenatzailea) eta Gerardo Montero NUPeko ingeniari tekniko industriala (taekwondoko entrenatzailea). Emakumezkoen borrokako lehiaketan Gustavo Marcos NUPeko irakaslea aritu zen epaile lanetan. 


Ezkerretik eskuinera, Irati Irigoyen, Ane Cinto, Gerardo Montero (entrenatzailea) eta Alison Forgan.

Tokiak eta unibertsitate antolatzaileak
NUPek parte hartu zuen banakako espezialitateetako txapelketak tokiotan egin ziren: Salamanca, Salamancako Unibertsitateak antolatuta (halterofilia); Los Alcázares, Murtziako Unibertsitateak antolatuta (borroka olinpikoa); León, Leóngo Unibertsitateak antolatuta (eskalada eta atletismoa); eta Burgos, Isabel I Unibertsitateak antolatuta (taekwondoa).


KULTURAKO ETA KIROLETAKO UNITATEA
Arrosadiko campusa
Sekuoia eraikina
31006 Iruñea
Tel. +34 948 169750 | 168483
Fax. +34 948 168487
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua