Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Pandemiak

Begirada perspektibarekin koronabirus-garaietan

Gizateriak gaixotasun endemikoak eta epidemiak izan ditu bere historia osoan, eta animaliak etxekotzearekin, haiekin partekatzen dugun habitatarekin eta gure bizimoduarekin izan dute zerikusia. “Urbanizatzeak” aurrerapen handia ekarri du beti, eta hurbiltasun fisiko handiagoko agertokiak sortu ditu.

Populazio multzo handiek beren ekosistemako patogenoekiko egokitzapen globalak garatu dituzte beti, eta, hala, sinbiosi nahiko eraginkorra sortu da: “talde-immunitatea” deitzen dena alegia. Kolonizazio historiko handiek, ordea, sakon aldatu zuten hori. Eskala txikian, horixe gertatzen zaigu gurearen oso bestelako lekuetara bidaiatzen dugunean. Epidemien historia higienearen, osasunaren eta ikerketaren aurrerapenen eskutik doa, baina baita kolonizazioaren, urbanizazioaren eta naturarekiko interakzioaren historiaren eskutik ere.

Lady Mary Wortley Montagu

Lady Mary Wortley Montagu
(1689 – 1762)
Argazkia: Alamy

Baztangaren aurkako “lehenbiziko txerto” masiboa emakume batek azaldu eta sustatu zuen XVII. mendean: Lady Montagu-k (1689-1762). Konstantinoplako kontsul ingelesaren emaztea zen, eta txertaketaren oinarrizko printzipio bat ekarri zuen handik, XV. mendetik aurrera Txinan erabiltzen zena, haurrekin batez ere. Lady Montaguk Ekialdean ikasia zuen ezen, umeen kopetako larrua pixka bat arraskatu ondoren, gaixo baten baztanga-pustulen zornea igurzten ziotela. Horren ondorioz, pittin bat gaixotzen zen umea, baina immunizatua geratzen zen ordutik aurrera.

Neurri hark polemika eragin zuen Erresuma Batuan, eta izan zituen aurkakoak ere; errege-familiak, ordea, oniritzia eman zion, eta esperimentu bat eginarazi zuen: presoei aplikatu zieten zorne-igurtzia, askatasunaren truke. Ondorio larri batzuk izan arren, errege-familiak berak eta aristokraziak ez zuten zalantzarik egin modu horretan immunizatzeko, eta Europako beste gorte batzuetara ere pasatu zen teknika berria, Errusiako eta Frantziako gorteetara alegia.

Orduz geroztik, asko aurreratu du jakintzak. Hainbat eritasun operatzeko moduak argitu dira, eta horrek sendagaiak, txertoak eta eraginkortasun handiko neurri profilaktikoak ekarri ditu. Horren guztiaren ondorioz, XX. mendean bizi-itxaropena zenbait hamarkadaz luzatu da mundu osoan.

Instalazioa ikusi

Lady Mary Wortley Montagu

Denboraren tunel batean, gizateriak mikroorganismoen aurka etengabe egiten duen borrokaren bost argazki. Horien bidez, iraganean gertatutakoa kontuan hartuz begiratuko diogu gaur egungo egoerari.

Barneko zirkuluarekin, oraingo pandemia bereziki tragiko honen ondorioz munduan hildako populazioaren ehunekoa irudikatzen dugu. Zirkulu horretako zuloak, berriz, COVID-19ari dagokion ehunekoa adierazten du.

 

Barneko zirkulu bakoitzean egindako zuloaren bidez, COVID-19ak historian zehar gizateriak jasan dituen beste pandemia batzuekin alderatuta izan duen eragina aipatuko dugu.

Instalazioak gisa bereko beste une tragiko batzuekin alderatuta aztertzen du egungo pandemia.

Historiako pandemia handiak hildako kopuruaren arabera

Antoninoren izurria - Galenoren izurria K.o. 165-180

Gaixotasuna: Baztanga hemorragikoa
Patogenoa: Variola birusa
Hildakoak: 3 – 5 milioi
Populazioaren %: % 3 – 5
Garaiko populazioa: 100 milioi

Galeno de Pérgamo (129 – c. 201/216 dC)

Galeno Pergamokoa
(K.o. 129 – c. 201/216)
Argazkia: Alamy

Historian dokumentatutako lehen pandemia. Gure aroko 163. eta 180. urteen artean, enperadore erromatarra Antonino zela, izurrite bat zabaldu zen inperioan, zeinaren ezaugarriak nekez zehaztu baitaitezke. Asia Txikiko eskualdeetan hasi zen, eta Egipto, Grezia eta Italiara iritsi zen. Orduko mundu ezaguna zein zen aintzat hartuta, “lehenbiziko pandemia” izan zela jotzen da. Kalkuluen arabera, 5 milioi pertsona hil ziren, hots, populazioaren % 10-30.

Gaitzaren deskribapenek, bereziki deskribapen zehatzenak, hau da, Galeno mediku eta filosofo grekoak egindakoak, baztanga hemorragiko gisa identifikatu zuen, eta baztertu egin zituen beste hipotesi batzuk, elgorria zela besteak beste. Galenok bertatik bertara ezagutu zuen izurria eta Erroman hil zen III. mendearen hasieran. Eragin sozial eta ekonomiko handia izan zuen, eta erlijio-kutsuko asaldurak eragin zituen: arrazoi magikoak egozten zizkioten, eta erromatar jainkoen gurtza alde batera uzteagatik jainkoek ezarritako zigorrak zirela uste zuten.

Baztangaren lehendabiziko hedapen haren xehetasunak zehaztugabeak badira ere, baztangaren hurrengo olatuak indartsuak izan dira historiako hainbat unetan. Oso kutsakorra da, eta, baztanga berez hilgarria ez izan arren, % 30eko heriotza-tasa izatera iritsi da. Amerika konkistatu ondoren, eritasun suntsitzailea izan zen han, amerikarrek ez baitzuten halakorik izan lehenago eta baztangari aurre egiteko immunitaterik batere ez baitzuten.

Hala ere, XVIII. mendeko Europan ere ez zuen errukirik erakutsi, eta kalte handiak eragiten jarraitu du 1977an erabat desagerrarazi den arte, mundu mailako txertaketa globalari esker.

Izurritearen jatorria Seleusisen zegoen, Asian, Mesopotamian, gaur egungo Iraken, eta legionarioen tropak Mesopotamiatik itzuli eta Erromako inperio osoan zehar gaixotasuna zabaldu zutenean gertatu zen.
Soldaduen mugimendu demografikoaz gain, herrien arteko lekualdaketak eta inperioaren merkataritza-bide zabalak izurria lurraldeko hainbat tokitara bizkor zabaltzea ekarri zuten.

Perspektiban COVIDarekin

COVID-19aren sorrera zehaztasun handiz trazatu ahal izan da: hiri txinatar bateko merkatu batean sortu zen. Merkatu horretatik mundu globalizatu batean zehar hedatu zen, non milaka pertsonak bidaiatzen baitzuten egunero negozioengatik edo turismoagatik. IV. mendeko izurriari jatorri mitologikoa eman zitzaion. Horren arabera, Ekialdeko kutxatila bat haustean, Babilonian, eritasuna zabaltzen zuen aire pozoitua askatu zen. Berez, inperioak sortutako mediterranear arroaren “globalizazioa” eta tropen joan-etorria izan ziren gaixotasuna zabaldu zutenak.

Gure pandemian herrialde nagusietako agintariak gaixotu dira, baina sendatuz joan dira. Erromatar enperadorea, berriz, pandemiagatik hil zen.

Justinianoren izurria (K.o. 541)

Gaixotasuna: Baztanga hemorragikoa
Patogenoa: Yersinia pestis
Hildakoak: 20 – 50 milioi
Populazioaren %: % 30
Garaiko populazioa: 200 milioi

Justiniano I (483 – 562 dC)

Justiniano I
(K.o. 483 – 562 )
(Argazkia: Wikimedia Commons Petar Miloševic, CC BY-SA 4.0)

VI. mendean izurrite bat sortu zen, eta ordukoek “zerbait berria” zela esan zuten, ezagutzen zuten guztia ez bezalakoa —garai hartako kronista Prokopio Zesareakoak zehatz-mehatz aztertu zuen—. “Iztondoko izurria” deitu zioten, gorputzeko atal horren hantura eragiten baitzuen, bai eta “izurri kirastua” ere, agian aire bidez kutsatzen zela uste baitzuten. Horregatik, “Izurri” izena memoria kolektiboan iltzatuta geratu zen betiko.

Lehenbiziko izurri haren lehen agerraldiak Niloko Deltan gertatu ziren 541. urte inguruan, eta Etiopiatik iritsia izanen zen segur aski. Konstantinoplan Justiniano enperadoreak agintzen zuenean zabaldu zen izurria, eta, enperadorea gaixotu eta onik atera bazen ere, hiriburuko populazioa suntsitu egin zuen.

Bizantziar Inperio osoan zehar hedatuko zen, zeinak Ekialdeko eta Erdialdeko Mediterraneo osoa, Ekialde Ertaina eta Mendebaldeko Mediterraneoaren parte handi bat kontrolatzen baitzituen. Erroman, garai hartako hiri populatuenetakoa, hondamena eragin zuen. Handik kontinenteko gainerako lurraldeetara hedatu zen, eta Ingalaterrara ere bai.

Kalkuluen arabera, 20 eta 50 milioi pertsona hil zituen: populazioaren % 40. Zenbaitek gutxiengo erlijioso batzuei egotzi zieten errua, eta “madarikazio hilgarritzat” kalifikatu zuten. Beste zenbait historialarik Justinianoren inperioaren hondamenarekin lotu dute, enperadorea ez baitzen gauza izan izurria menderatzeko. Testuinguru horretan hasi zen ohitura Done Sebastian gurtzeko, izurriteen aurkako babesle berezia zelakoan; izurriaren sinbolo dira, izan ere, santua flagelatzen duten geziak eta gezien erasotik santua onik atera izana miresten da. Horrexegatik zabaldu da hainbeste Sebastianen gurtza, zeina aro modernora ere iritsi den.

Epidemia Europatik eta Amerikatik desagertu zen, baina oraindik ere endemikoa da Txinan eta Indian.

Badirudi epidemia Afrikako ekialdeko lekuren batean sortu zela, seguruenik inperioak merkataritza indartsua zuen hiriren batean. Hortik Egiptora igaro zen, eta Niloren deltan amaitu zuen. Hortik Mediterraneoko portuetara zabaldu zen. Itsasontzietako arratoiak transmisio faktore izugarria izan ziren. Kutsadurek portuetatik barrurantz jarraitu zuten, Europako lurralde osoan hedatuz, eta Danimarkaraino iritsi ziren iparraldetik eta Irlandaraino mendebaldetik.

PERSPEKTIBAN COVIDAREKIN

COVID-19a birusa da, mikroorganismo mota bat, zeinaren aurka ez baitugu behin betiko eraginkortasuna duen medikaziorik. Ez, ordea, bakterioen kontra, hala nola Justinianoren izurria eragin zuena bezalakoaren aurka, hor baditugu antibiotikoak, eta horiek eraginkorrak dira eragiten dituzten gaixotasunak kontrolatzeko eta desagerrarazteko. Hedatzeko modua zientifikoki ezagutzen ez bada ere, proba eta akats baten ondorioz, gaur egun egokiak direla dakigun higiene-praktikak ezarri ziren.

COVIDaren bidez, osasun-zerbitzuak saturatu egin dira une batzuetan, eta atzerapenak izan dira lur-emateetan unerik txarrenetan. Hori ez dator bat garai hartan gertatutakoarekin, egoerak gainezka egin baitzuen erabat: ehorzketa masiboak, lapurretak, kultu-gutxiengo paganoei errua botatzen, hirietatik ateratzeak, …

1347ko Izurria edo Izurri Beltza

Gaixotasuna: Izurri bubonikoa
Patogenoa: Yersinia pestis
Hildakoak: 150 milioi
Populazioaren %: % 40
Garaiko populazioa: 370 milioi

Heriotzaren garaipena (1562), Peter Brueghel zaharra, Pradoko Museo Nazionala

Heriotzaren garaipena (1562), Peter Brueghel zaharra,
Pradoko Museo Nazionala

1350. urte inguruan, Bocacciok Florentziatik kanpoko babesleku bat irudikatu zuen Dekameron lanean. Han, zazpi emakume eta hiru gizon istorioak kontatuz entretenitzen dira konfinatuak zeudela Europak gogoratuko duen izurrite hilgarrienaren ondorioz. Garai hartako deskribapen xeheetan oinarrituz, izurri buboniko gisa identifikatu da. Alabaina, hain izan zen handia hondamendia, ezen “Izurri Handia” edo “Izurri Beltza” izena eman baitzitzaion. Izan ere, Erdi Aroaren amaierako gertakari garrantzitsuenetako bat izan zen, eta ondorio sozial eta ekonomiko larriak izan zituen.

 
Juana de Navarra

Juana II.a Nafarroakoa
(Conflans, 1311 – 1349)
Argazkia: Gran Enciclopedia de Navarra. (1990). http://www.enciclopedianavarra.com

Gaixotasuna 1320-1330 inguruan hasi zen Erdialdeko Asian, eta Itsaso Beltzera iritsia zen 1346an. 1350erako, Europa osoan barrena hedatua zen, eta biztanleen % 60-80 gaixotu zen. Kalkuluen arabera, 20-50 milioi lagun hil zituen –beste batzuen arabera, 75 milioi–, hau da, populazioaren % 25 eta 75 artean, lekuaren arabera. Nafarroan, biztanleen % 60, eta Joana II.a erregina ere izurri beltzaren ondorioz hil zen (1349), Frantzian bizi zen arren.

Dokumentatua dago garai hartan maskarak erabiltzen zituztela “izurritik” babesteko, eta, bestetik, izurria arma biologiko gisa ere erabili zutela mongolek 1346an, izurri beltzak jotako gorpuak katapultaz bota baitzituzten Caffaren setioan. Baliteke Itsaso Beltzeko portu horretatik Genovako merkatariek ihes egin izana izatea menturaz gaitza Mediterraneoan sartzeko bidea.

 
Mascara usada durante la peste negra

Lehenbiziko olatu haren atzetik, beste batzuk etorri ziren mende hartan. Nabarmentzekoa da 1361etik 1362ra bitarteko olatua, haurrei eragin baitzien bereziki; horregatik deitu zioten, hain zuzen, “haurren izurria”. Bizirik atera zirenek gero eta immunitate handiagoa izango zuten, baina lau mendez izan ziren Europan izurri haren agerraldi ziklikoak, eta beldur handia sortu zuen horrek, tarteka-marteka birulentzia handiko olatuak izaten ziren eta. XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendearen hasieran, kontinentearen alde atlantikoan izan zuen eragin handiena, eta milioi erdi lagun baino gehiago kutsatu ziren. XVII. mendearen erdialdean, gogor jo zuen Europa: Londresen, populazioaren % 20 hil zuen 1665ean. XVII. mendetik XIX.era, “izurriaren zutabe” izeneko monumentu ederrak egin zituzten han eta hemen, epidemiak azkenean behera egiten zuenean santu babesleei esker ona erakustearren, eta Erdialdeko Europako eta Italiako hiri asko apaintzen dituzte oraindik ere.

 

Jatorriari buruzko argibiderik gabe, Mussiseko Gabrielek leku zehatza ematen du izurriaren hedapena egiaztatzeko, Caffa hiria lehen fokutzat jotzen duenean. Badakigu gaixotasuna Krimeako penintsulako genovar kolonia horretatik itsasontziz joan zela Mesinara 1347an. Zenbait itsasontzitan ez zegoen bizirik inor kostaldera iritsi zirenean.

Hungariako eta Napoliko erresumen artean, kanpaina militar bat piztu zen, 1347an sortutako izurriarekin batera. Hori dela eta kanpaina bertan behera geratu zen, baina itzuleran hungariarrek Italiaraino eraman zuten gaixotasuna eta hortik Europako gainerako lurraldeetara.

 

Perspektiban COVIDarekin

Gaur koronabirusaren aldaerez arduratzen gara, pandemiak eboluzionatu ahala sortzen diren mutazioez. Portaera desberdina izan arren, gaixotasun bera da, eta berdin tratatzen eta prebenitzen da. Izurri handian, aldiz, badirudi bi gaixotasun hartu zituztela transmisio-modu desberdinekin, eta horrek zaildu egiten zuen gaitz hori sendatzeko moduak identifikatzea.

Txertorik gabe ere, gaur egun dugun bezala, taldekako immunitate jakin batera iritsi zen, baina modu bortitzean (gaixotasuna izan eta bizirik iraunez) eta pertsona-kopuru ikaragarria galtzeko kostuarekin.

Garai haietatik dator berrogeialdi zorrotzen preskripzioa, adibidez, lehorreratu aurretik portura iristen ziren itsasontzietan.

Espainiar gripea (1918)

Gaixotasuna: H1N1 gripea
Patogenoa: A Influenzavirus A H1N1 azpimota
Hildakoak: 100 milioi
Populazioaren %: % 5
Garaiko populazioa: 1800 milioi

1918ko gripearen pandemian sorturiko larrialdietako ospitale bat.
Camp Funston-en, Kansasen (Estatu Batuetan)
(Otis Historical Archives/Wikimedia Commons).

Izurria bezain aspaldikoa da gripea: duela 2.400 urte baino gehiago deskribatu zuen Hipokratesek, eta Kolonen bidaiekin iritsi zen Amerikara. 1918koa da, ezbairik gabe, larriena eta ezagunena: mundu mailako lehenbiziko pandemiatzat hartzen da. Munduko populazio osoaren herenari eragin zion, eta hegaztien andui baten mutazioaren ondorioz gertatu zen.

Estatu Batuetako soldaduek Lehen Mundu Gerran egindako bidaiekin hasi zen, eta, Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera (OME), 50 milioi lagun hil zituen, nahiz eta beste batzuen arabera 100 milioi hildako ere eragin zituen. Hau da, bi mundu gerrak batera baino jende gehiago hil zuen. Espainian, 270.000 hildako utzi zituen, hau da, populazioaren %10-20 inguruko heriotza-tasa. Indian bakarrik 1 eta 2 milioi bitartekoa izan zen hildakoen kopurua kalkuluen arabera.

Lehenbiziko kasua 1918ko martxoan dokumentatu zen Estatu Batuetan (Kansas), baina, Gerra Handian Espainia herrialde neutrala zenez, dokumentatu egin zuen gripe haren garapena. Gripeari buruzko informazioak erruz argitaratu ziren Espainiako prentsan; Gerran parte hartu zuten herrialdeetan, aldiz, zorrozki zentsuratua zegoen gai hori, eta horregatik deitu zitzaion “Espainiar gripea”.

National Museum of Health and Medicine/Wikimedia Commons
Argazkia: Pandemic Influenza: The Inside Story. Nicholls H, PLoS Biology Vol. 4/2/2006

Andui hura oso azkar hedatzen zen, eta soldaduak kutsatu ziren gehien. Gerraren azken fasea, gainera, hedatze-faktore bikaina izan zen: etxera itzuli ziren soldaduak. Bigarren olatua izan zen indartsuena, urte bereko udazkenean, eta populazio zibilera ere hedatu zen orduan. Hirugarren eta azken olatua, 1919koa, eta seguruenik immunizatuago zegoen populazio batean, ez zen hain bortitza izan.

Hurrengo grafikoan, Parisen, Berlinen, Londresen eta New Yorken gertatzen den asteko heriotza-tasa erakusten da. Kasu gorakada gripeari dagokio. Honela dio testuak: «Gripe pandemia, heriotza-tasa Estatu Batuetan eta Europan 1918an eta 1919an. Askotariko arrazoiek eragindako heriotzak, asteka, milako urteko tasa baten bidez adierazia.

 

Betidanik esan izan da “zero gaixoa” Kansasko Fort Rileyko sukaldaria izan zela, 1918ko martxoan ospitaleratua. Hala ere, badirudi Estatu Batuetako kanpaleku militar ugaritako agerraldi bortitzei buruzko informazioa dagoela aurretik, eta horietatik tropak Europara bidali zirela.

Tropen mugimenduak izan ziren gaixotasunaren hedapen-bide nagusia bere lehen olatuan, 1918ko udaberrian, baina oso azkar hedatu zen eta mundu osora iritsi zen. Maiatzean Afrika iparraldera, Indiara eta Japoniara iritsi zen, ekainean Txinara eta uztailean Australiara. Pandemiaren lau olatu gertatu ziren, gainditutzat eman arte.

Perspektiban COVIDarekin

Gripea, COVID-19a bezala, airetik transmititzen den arnasbideetako birus batek eragiten duen gaixotasuna da (nahiz eta desberdintasun batzuk izan). Biek zoonosia dute, jatorriz beste animalia batzuenak ziren birus-aldaketak (saguzarrak COVIDean, oilaskoak gripean), eta tarteko animalia batean birkonbinatzen dira. Gripearen kasuan Kentukyko etxalde bateko zerriekin gertatu zen. COVIDean Wuhaneko animalien merkatuan gertatu zen, baina animalia ez da erabat identifikatu (nahiz eta pangolinaz susmatzen den).

Ondoz ondoko olatuetan hedatu zen, COVIDaren oso antzeko olatuetan. Orain bezainbeste ez, baina maskara asko erabili ziren. Txertorik ez zegoenez, epidemia gainditzea ahalbidetzen duen taldeko immunitatea populazioaren proportzio handi bat gaixotuz lortu zen, eta dagokion heriotza-tasa izan zuen.

HIESA – GIBa (1981 – Gaur egun) - Gaixotasun kroniko bihurturiko pandemia

Gaixotasuna: HIESA
Patogenoa: Giza Immunoeskasiaren birusa (GIBa)
Hildakoak: 35 milioi
Populazioaren %: % 0,7
Garaiko populazioa: 5.000 milioi

Argazkia: C. Goldsmith
Content Providers: CDC/ C. Goldsmith, P. Feorino, E. L. Palmer, W. R. McManus

Hartutako immunoeskasiaren sindromearen lehenbiziko aztarna Kongon aurkitu zuten 1968an, baina 1981ean dokumentatu ziren hiesaren lehenbiziko kasuak. Harrezkero, Osasunaren Mundu Erakundeak eta haren ONUSIDA programak (1996an sortua) ia 79 milioi kasu eta 35 milioi hildako kontatu dituzte, eta 2005 eta 2012 bitartean izan zirela eritasunaren gailurrik altuenak. Gaur egun, gaixotasun kroniko bihurtu da paziente askorentzat, eta 31 eta 35 milioi pertsona bitartean bizi dira birusarekin.

Babes immunologikorik ezak 30 gaixotasun larri baino gehiago eragiten dizkio pertsonari, batez ere infekzioak eta minbizi ezohikoak. Litekeena da animalia batean izatea jatorria, eta sistema immunologikoa ahitzen du. Nahiz eta orain gauza jakina den gorputzeko jariakinen bidez transmititzen dela hiesa, hasierako ezjakintasunaren ondorioz asko zabaldu zen gaixotasuna.

Gaur egun, mundu mailako gaixotasuna izaten jarraitzen du, baina sarraski handienak Ekialdeko Europan, Erdialdeko Asian, Ekialde Ertainean eta Ekialdeko Afrikan eragiten ditu. 2018an hutsik 1,7 milioi lagun gaixotu ziren eta 770.000 hil. Zifra horiek bezain kezkagarriak dira hiesa dutela ez dakitenen kopurua eta tratamendua jasotzen dutenena.

OMEk jakinarazi duenez, 2019. urtearen amaieran, hiesa zutenen % 81k bazekien infekzioa zuela, haien % 67k zuen tratamendua eta haien erdiak baino gehiagok lortu zuen birusa desagerraraztea eta, hala, beste batzuk ez kutsatzea. Gaixotasuna geldiarazteko tratamenduen arrakasta diferentea da herrialde eta eskualde batetik bestera, eta ez da inondik ere erabateko arrakasta. Nolanahi ere, 2000 eta 2019 artean, mundu osoan, ia % 40 murriztu zen hiesaz kutsatutakoen kopurua, eta % 51 birusarekin lotutako heriotzak.

Mundua erabat globalizatuta zegoen une batean hasi zen hedatzen pandemia hori, eta bidaiak ohikoak ziren. Horrekin batera, sintomarik izan gabe kutsa daitekeen aldi luzeari esker, planeta osoan zabaldu zen aurreko mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan. Hortik aurrera, pandemiari aurre egiteko, sexu seguruko praktikak egin dira, eta, besteak beste, erabili eta botatzeko xiringak erabili dira zenbait neurri profilaktikoren artean. Neurri horiek hainbat lurraldetan ezartzeko aukera erreala da gaur egun aktibo dagoen gaixotasunaren eragin-banaketa gehien zehazten duena.

Perspektiban COVIDarekin

Sexuaren eta odolaren bidez oso kutsagarria den birus bat da. COVIDaren kutsatzeko bidearekiko guztiz desberdina da, zeina bai baitakigu arnasbideetakoa dela. Aldi asintomatikoa partekatzen dute neurri batean, hau da, infektatutako pertsonek jakin gabe beste batzuk infektatzen ahal dituen aldia, ez baitu sintomarik adierazten. COVIDaren kasuan, 10 bat egunekoa da; HIESaren kasuan, berriz, 10 urtekoa.

Aurreko beste pandemia batzuetan bezala, kolektibo jakin batzuk erruduntzat jo eta estigmatizatu zituzten. Kasu honetan “3 hatxeak” direlakoak: homosexualak, hemofilikoak eta haitiarrak. Gaur egun pairatzen ari garen honetan ia ez da horrelako gertaerarik bizi izan, jatorri txinatarreko pertsonenganako gertaera bakan batzuk izan ezik.

Patrocina

Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko “Laboral Kutxa” Katedra
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Arrosadiko campusa
31006 Iruñea (Nafarroa)
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua