Informazioa aukeratzea eta ebaluatzea
Gaur egungo informazio-inguruan, guztiz konektatu eta orokortuan, erlatiboki erraza da informazioa bilatzea eta aurkitzea. Arazoa izaten da informazio gehiegi egoten dela, eta informazio horretatik, zatirik handienak ez dauka inguru akademikoak eskatzen duen kalitate-maila.
Bil daitekeen informazio guztia berraztertzeko denborarik ez dagoenez, beharrezkoa da irizpideak ezartzea lan akademikorako informazio egokia zein den aldez aurretik ebaluatu eta, hortaz, aukera egiteko:
Informazioa aukeratzeko eta ebaluatzeko irizpideak:
Jatorria
Informazioaren jatorria: egiletza, non ekoitzi eta argitaratu den aintzat hartu beharreko beste kontu bat da informazioa ebaluatzeko eta haren fidagarritasuna ziurtatzeko garaian.
Lehenik, informazio-aleak erakutsi behar du argi eta garbi zer pertsona, organismo edo erakunde diren egiletzaren eta/edo argitaratzearen arduradunak.
Egileak, ekoizleak eta editoreak identifikatu eta gero, beste kontu hauek galdetu beharko lirateke:
- Egilearentzat:
- Aditua ote den. Gaian benetan aditua ote den (hau ikus daiteke nongoa den ikusirik -alegia, unibertsitateko zer sailetako, edo zer ikerketa institututako-, edo zer argitaratu duen ikusirik).
- Argitalpenak. Gaiari buruzko liburuak edo/eta artikuluak argitaratu ote dituen (hau erraz baieztatzen da liburutegiak ematen dituen datu base bibliografikoetako batean bilatuz. Esaterako, Dialnet edo ÍnDICEs CSIC giza eta gizarte zientzietako egile espainiarren kasuan; eta Scopus edo Web of Knowledge zientzia eta teknologiako egileentzat).
- Aipuak. Ea beste egile batzuek aipatzen duten. Egiaztatzeko: Web of Science, Scopus, Google Scholar). Errazago aurkitzen dira zientzia eta teknologiako egileen aipuak giza eta gizarte zientzietakoentzako baino, azken alor honetako aldizkariak geografikoki oso barreiatuta daudelako; horregatik, tolerantzia handiagoa erakutsi behar da giza eta gizarte zientzietako aipuak falta direnean.
- Erakundeentzat:
- Ea merkataritza-erakundea den (fidagarritasun gutxiagokoa), gobernuz kanpokoa, administrazioarena, unibertsitatea (fidagarritasun handiagokoa) edo ikerketa institutua (fidagarritasun handiagokoa).
- Ea erakunde horrek ospe ona duen ikertzen ari den eremuan.
- Ea erakundeak liburuak, aldizkariak, txostenak... argitaratzen dituen.
Jatorriari buruzko gogoetak:
- Edonork argitara dezake zerbait, batez ere, webgune batean. Egileak edo laguntzen duen taldeak ez baditu azaldutako irizpideak betetzen, kalitatea ez dago bermatua.
- Informazioa lehen mailakoa izan behar da, hau da, informazio bat beste informazio baten aipamena edo laburpena baldin bada, jatorrizko iturrira joan beharko litzateke.
- Aldizkari zientifikoak ikuskatu egiten dira binaka (gutxienez bi adituk edukia aztertzen dute) eta, kasu horretan, jatorriaren ebaluazioa bermatzen dute. Hala ere, kritikoak izan beharko genuke ebaluazioaren beste alderdi batzuetan ere.
- Interneten eskuragarri dauden aldizkari elektroniko askok ez daukate binakako ikuskatze prozesua. Argitaratzen duen egileak edo erakundeak azaldutako irizpideak bete behar ditu.
- Jatorria ez da balio absolutu bat informazio bat ebaluatzeko. Informazioa berezko merezimendu eta edukiagatik epaitu behar da, baina bai izan daiteke informazioaren fidagarritasunaren adierazle.
Adibideak - Gaia: Neanderthaleko gizakiari buruzko lan bat.
Ondoko adibideetan azaltzen dira zenbait informazio iturri, ezaugarri ezberdinak dituztenak, jatorriari dagokionez. "Gure oharrak" sakatzen badugu, hainbat jarraibide ematen dira oharrak iturri baliagarri gisa hartzeko jatorriaren ikuspegitik:
1. adibidea |
 |
|
Artikulu bat neanderthal genomari buruz eta homo sapiensen eta neanderthalen arteko balizko gurutzatzearen argitalpenari buruz. Ematen badu ere zuzena dela, zertaz ari den badakiela eta iturriak aipatzen dituela, egilea ez da gaian aditu gisa azaltzen datu basean. Webgune pertsonal bat da, instituzio zientifiko baten babesik gabe, eta artikuluak beste argitalpen batzuen ondorioak jasotzen ditu. Ematen duen bibliografia dela eta, aztarnatzat erabil daitekeen arren, ez litzateke erabili beharko lan akademiko baterako.
|
2. adibidea |
 |
|
Neanderthal genomari buruz lan egin duen zientzialari taldeak Science aldizkari entzutetsuan argitaratutako artikulua. Guztiak dira aitortutako ospea daukaten egileak, eta aldizkari entzutetsu batean argitaratu dute. Egokia da proposatu den lanerako.
|
3. adibidea |
 |
|
Bigarren hezkuntzako ikasle baten ikerketa lan bat da, RECERCAT biltegiaren fitxan azaltzen den moduan. .
Hala ere, baliozko informazio iturritzat har liteke, jatorriaren ikuspuntutik, RECERCAT biltegi ospetsuan jasota dagoelako, sari bat jaso duelako, eta Bartzelonako Unibertsitateko Biologia Fakultateko Antropologia Unitatean egin delako. Ikasleen ikerketa lanak gaian adituak diren irakasleen tutoretzapean egindakoak izaten dira, eta kalitateagatik esanguratsuenak direnak sartzen dituzte biltegietan.
Hala ere, zerbait hobea eta gaian ospea daukan norbaitek bermatuta dagoen zerbait bilatu beharko litzateke.
|