Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Iragarki Ohola

2023(e)ko irailaren 19a

Mondragon Korporazioak NUPeko Entitate Nabarmenaren Saria jaso du prestakuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren arloan emandako laguntzagatik

Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren bidez NUPekin duen lotura ere nabarmendu du epaimahaiak

Mondragon Korporazioari eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Entitate Nabarmenaren VII. Saria. Sari horrek lankidetza-jardunbide egokiak aitortzen dizkie NUPekin edo haren Fundazioarekin lankidetza formaleko hitzarmen bat duten edo izan duten erakunde eta entitateei. Sariak ez dakar diru-esleipenik, eta Mondragon Taldeak unibertsitatearekin izandako 28 urteko lankidetza aitortzen du, batez ere ikerketaren, jakintzaren transferentziaren eta ikasleen prestakuntzaren arloan.

 


Entitate Nabarmenaren Sariko epaimahaia. Ezkerretik eskuinera: Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendaria); Javier Goicoechea, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria; Alfonso Antoñanzas, Gizarte Kontseiluak proposatua; Ainhoa Unzu, Nafarroako Parlamentuko presidenteorde nagusia; Cristina Bayona, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Iñigo Arruti, Nafarroako Gobernuak proposatua; Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Iñaki González, NUPeko Pharus programako arduraduna eta errektorearen kabineteko burua; eta Francisco Falcone, NUPeko ISCko zuzendaria.


Mondragon Korporazioak, bere kooperatiben bidez, duela 28 urtetik du harremana NUPekin; izan ere, 1995ean sinatu zituzten Fagor Victorio Luzuriagan, Embegan eta Ikerlanen praktikak egiteko lehenbiziko hitzarmenak. Orduz geroztik, lankidetza mota askotakoa izan da. Zehazki, epaimahaiak nabarmendu du, batetik, Mondragon Taldeak “apustu irmo eta jarraitua egin duela ikasleen eta egresatuen prestakuntza integralaren eta laneratzearen alde, ikasleentzat onuragarriak diren programa eta proiektuen bidez”, eta, bestetik, “babes handia eman diela ikerketari eta jakintzaren transferentziari, bai transferentzia-kontratuen bidez, bai baterako ikerketa-proiektuetan parte hartuz”.

Gainera, epaimahaiak bi erakundeen arteko etengabeko lankidetza azpimarratu du, hain zuzen Nafarroako garapen teknologiko eta ekonomikoari eta aurrerapen sozialari bultzada nabarmena ematen dioten zenbait ekintzaren bidez. Horien artean nabarmentzekoak dira Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko “Laboral Kutxa” Katedraren babesean egindako jarduerak.

 

Kontratatutako ikerketa, proiektuak, praktikak eta dibulgazioa

Mondragon Korporazioak 22 transferentzia-kontratu (OTRI) sinatu ditu NUPekin 2001etik. Bestalde, NUP ere Taldeko entitateak partaide dituzten edo izan dituzten zenbait lankidetza-proiektutan inplikatu da. Horien artean, nabarmentzekoak dira EUROCIVIS, non teknologia garatu behar baitzuten Europako sektorera bideratutako aldiriko trenen plataforma baterako, eta PEATONES, zeinetan sistema bat diseinatu behar baitzuten ibilgailu batek oinezko bat aurrez aurre harrapatuz gero hura babesteko.

Curriculumeko nahiz curriculumetik kanpoko praktiken atalean, azken urteetan sinatutako 461 hitzarmenetan gauzatu da bi erakundeen arteko lankidetza. Praktika horietako gehienak Tafalla Iron Foundry, Maier, Mapsa eta Embega entitateetan egin dituzte ingeniaritzetako ikasleek, baina hitzarmen gehienak Laboral Kutxarekin sinatu dira, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko titulazioetako ikasleekin. Horrez gain, NUPeko ikasleek ikasketa amaierako lan ugari egin dituzte Mondragon Taldeko entitateen laguntzarekin. Bestalde, Taldeko enpresek Enplegurako eta Ekintzailetzarako NUPeko Topaketetan parte hartu ohi dute, baita jardunaldietan, mintegietan eta prestakuntza-bisitetan ere.

Aipagarria da NUPeko Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrak ematen duen finantzaketa. Katedra hori 2018an sortu zen, eta zenbait jarduera egin dira haren esparruan, hala nola erakusketak eta hitzaldiak. Hala ere, dibulgazioaren arloko lankidetza 2014an hasi zen, "Elkarrizketak" zikloa abian jarri zenean.


Epaimahaia eta saria

Entitate Nabarmenaren Saria urtero ematen da, eta haren bidez zenbait alderdi sustatu nahi dira: Unibertsitateko ezagutza transferitzea berrikuntza teknologikoa eta soziala bultzatzeraino; NUPeko egresatuen prestakuntza osoa eta laneratze kualifikatua babestea; ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean ekintzailetzarako ekimena sustatzea; eta errealitate ekonomiko eta soziala unibertsitateko komunitatera hurbiltzeko aukera emanen duten topaketetan, mintegietan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan parte hartzea. Halaber, Unibertsitateak eta gizarteak lankidetzan gauzatzen duten eta garapen teknologikoa eta ekonomikoa eta aurrerakuntza soziala nabarmen bultzatzen dituen ekintza oro indartu nahi da.

Honako hauek osatu dute zazpigarren edizio honetako epaimahaia: Cristina Bayona Sáez, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, zeina epaimahaiburu aritu baita; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Francisco Falcone Lanas, NUPeko Smart Cities (ISC) ikerketa-institutuko zuzendaria; Javier Goicoechea Fernández, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (IITIGMET); Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano dekanoa; Ainhoa Unzu Gárate, Nafarroako Parlamentuko presidenteorde nagusia; Iñigo Arruti Torre, Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Garapeneko Departamentuak proposatuta; Alfonso Antoñanzas, Gizarte Kontseiluko buruak proposatuta; eta Iñaki González Ramírez, Pharus Lotura Planaren arduradun eta errektorearen kabineteko burua.

 

Mondragon Korporazioari buruz

Mondragon Korporazioa duela 50 urtetik dago Nafarroan, dozena bat enpresaren bidez, besteak beste, Eroski Taldea, Ausolan Fundazioa, Tafalla Iron Foundry, Mapsa, Laboral Kutxa, Maier, Embega, GSR (i), Orona, Copreci, Lagun Aro eta LKS. Foru Komunitatean 4.334 pertsona ari dira bertan lanean, hau da, Nafarroako enplegu osoaren % 1,8. Zazpi ardatz estrategiko ditu: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, jasangarritasuna, etorkizuna duten negozioak, malgutasuna eta moldagarritasuna, eraldaketa digitala, lankidetza eta talentua erakartzea eta garatzea. Bere negozio arlo nagusietako bat jakintza da, eta haren bidez Mondragon Korporazioaren lidergo zientifikoa eta teknologikoa eta berrikuntza-gaitasunak bultzatzen dira. Gaur egun, Korporazioak 2.132 pertsona ditu I+G arloan lanean, I+G-ko 12 zentrotan (I+G-ko 10 unitate eta 4 zentro teknologiko), eta, gainera, unibertsitate bat du (Mondragon Unibertsitatea), baita beste ikastetxe batzuk ere.

Entitatearen eredu kooperatiboak ezaugarri hauek ditu: pertsonen parte-hartzea, inklusio soziala, aukera-berdintasuna, genero berdintasuna, egonkortasun ekonomikoaren eta ongizate jasangarriaren ikuspegia eta hezkuntzari eta etengabeko prestakuntzari garrantzia ematea. Era berean, korporazioa konprometituta dago Garapen Jasangarriaren Helburuekin, bereziki herritarren jasangarritasunari eta ongizateari dagokienez.