Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Saridunak

2016: Pablo Rodríguez

Pablo Rodríguez Rodríguez (Langreo, Asturias, 1972) Telekomunikazioko tituluduna da NUPen (1995), eta Estatu Batuetan, Britainia Handian eta Espainian egin du karrera profesionala. Gaur egun, Telefónica Alpha multinazional espainiarraren epe luzeko ikerketa- eta berrikuntza-unitateko aholkulari delegatua da.

Pablo Rodríguez, NUPeko lehenbiziko promozioan Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi ondoren, atzerrira joan zen bere prestakuntzarekin jarraitzera: lehenik, Londresko King’s Collegera (Britainia Handia) master bat egitera; eta, gero, Lausanako Politekniko Federalera (Suitza), non Informatikako doktoretza lortu baitzuen.

Pablo Rodríguezek Telefónica I+G ikerketa-taldea sortu zuen 2006an, Europako punta-puntako laborategietako bat. 2010. urteaz geroztik, multinazional horren Berrikuntza Unitatea ere kudeatu du, eta ikerketaren emaitzak negozio-lerroetara transferitu ditu; besteak beste, Big data izeneko arlora, bideo- eta telebista-edukien banaketara eta gauzen Internetera.

Cambridgeko Microsoft Research enpresan ere lan egin zuen (Erresuma Batua), eta Windowsen segurtasun-eguneratzeen sistema birdiseinatu zuen hor, 300 milioi ordenagailu baino gehiagok darabilten sistema. Bestalde, New Yorkeko Bell-Labs enpresan ere ibili zen (AEB), eta algoritmo oso konplexuak sortu zituen, webaren errendimendua bizkortzen dutenak mundu mailako sare mugikorretan, eta Silicon Valleyko start-up batzuetan ere aritu zen (Kalifornia), Inktomi enpresan besteak beste (Google baino lehenagoko bilaketa-motor handiena).

LANKIDETZA EL BULLIREKIN ETA BARÇAREKIN

Pablo Rodríguezek IEEE Fellow eta ACM Fellow sariak irabazi ditu (Ameriketako Estatu Batuetako zientzialarien eta ingeniarien elkarte garrantzitsuenak), 200 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu, eta hogeita hamar patente ditu. 2010 eta 2012 bitartean, Columbiako Unibertsitateko Informatika Saileko irakasle elkartua izan zen (New York).

Gainera, NUPeko ikasle ohia Data Transparency Lab proiektu sozialaren sortzaileetako bat da, webeko datuen gardentasuna eta pribatutasuna hobetzea helburu duen eta FireFox, Massachusettseko Institutu Teknologikoa eta Open Data Institute enpresak partaide dituenarena. Gainera, zenbait kolaborazio egin ditu El Bulli jatetxearen sortzaile Ferran Adrià sukaldariarekin konputazio-gastronomiaren arloan, eta Bartzelona Futbol Klubarekin futbolari aplikatutako big dataren arloan.

Irakurri albiste osoa