NUP-EK RAQUEL URTASUN TELEKOMUNIKAZIO INGENIARIARI EMAN DIO ALUMNI NABARMENAREN III. SARIA
NUPeko ikasle ohia Uber enpresako Teknologia Aurreratuen Taldeko arduraduna da, eta Torontoko Unibertsitateko irakaslea
Raquel Urtasun Sotil Telekomunikazio ingeniariak (Iruñea, 1976) irabazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasle ohien ibilbide profesionala goraipatzeko ematen duen Alumni Nabarmenaren III. Saria. Raquel Urtasunek Estatu Batuetan, Suitzan eta Kanadan gauzatu du karrera profesionala, bai eta irakasle eta ikertzaile lana ere. Gaur egun, Uber ATGren (ingelesez, Advanced Techologies Group, Teknologia Aurreratuen Taldea) arduraduna da Toronton (Kanada), eta Torontoko Unibertsitateko Konputazio Zientzien Saileko irakaslea.
![]() |
Raquel Urtasun, alumni nabarmena |
Horretaz gainera, Canada Research Chair (CRC) titulua du, Kanadako unibertsitateetako irakasleen bikaintasun egiaztagiri bat, makinen ikaskuntzaren eta ikusmen artifizialaren arloetan. Vector Institute for Artificial Intelligence institutuaren sortzaileetako bat ere bada. Kanadako institutu horrek herritarren bizimodua hobetzeko adimen artifiziala ikertzea eta erabiltzea du helburu.
Raquel Urtasun Telekomunikazio Ingeniaritzan graduatu zen NUPen 2000n, eta Lausanako Eskola Politekniko Federaleko Konputazio Zientzien Sailean (Suitza) doktoratu zen 2006an. Doktoretza ondokoa Masachussetts Institute of Technology (MIT) zentroan eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean (UC Berkeley) egin zuen.
NUPeko ikasle ohi nabarmena aditua da nazioartean gidaririk gabeko autoetako makinek datuak interpretatzeko duten gaitasunaren arloan (“machine perception”, ingelesez). Izan ere, makinen ikaskuntza, ikusmen konputazionala, robotika eta urruneko sentsoreak dira interesatzen zaizkion ikerketa arloak.
Sari bat baino gehiago irabazi ditu. Nabarmentzekoa da, adibidez, Raquel Urtasunen laborategia “NVIDIA NVAIL laborategi” gisa hautatu zutela –NVIDIA bistaratze konputazionaleko teknologia garatzen duen multinazional bat da–. Bestalde, aipagarriak dira hauek ere: NSERC EWR Steacie Award (Natura Zientzietako eta Ingeniaritzako Ikerketen Kanadako Batzordeak herrialdeko bost zientzialari eta ingeniari onenei urtean behin ematen dien saria), NVIDIA Pioneers of AI Award, Ontarioko Hezkuntza eta Berrikuntza Ministerioak ikertzaile gazteei ematen dien saria, ikerketarako Googleren hiru sari, ikerketarako Amazonen sari bat, ikertzaile berrientzako Connaught saria eta bi sari (2013an eta 2017an) argitalpen onenari CVPR ikusmen konputazionalari buruzko konferentzia nagusian.
NUPeko Alumni Nabarmenaren Sariaren helburua honako hau da: unibertsitate komunitateari, bereziki, eta gizarteari, oro har, ezagutzera ematea zenbateko garrantzia duen unibertsitate prestakuntzak egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean, eta, beraz, zer onura ekartzen dituen Unibertsitatean egiten den inbertsio publikoak.
Ekimenaren beste helburu bat NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana bultzatzea da, eta denok instituzio beraren parte garelako sentimendua indartzea. Sari hau lortzen duten pertsonen adibideak balio izanen du beren etorkizun profesionalaren kezka daukaten ikasleen pizgarri izateko, baita Unibertsitateak etorkizun horretan jokatzen duen papera nabarmentzeko ere.
2018-2019 ikasturtearen hasieran emanen zaio saria ikasle ohi nabarmenari –ez dagokio dirurik–, ekitaldi instituzional batean. Sariduna Adiskide eta Ikasle Ohien A3U Programako ohorezko kide eginen dute, eta NUPen irakaste-, ikertze- edo dibulgatze-jardueraren batean parte hartzera gonbidatuko dute.
![]() |
Sariaren epaimahaikideak. Ezkerretik eskuinera: Roberto Aguado, Miguel Rodríguez Wilhelmi, Ainhoa Aznárez, Cristina Bayona, Nekane Oroz, Idoya Zabaleta, Iosune Pascual eta Joaquín Ansa. |
Sariketaren epaimahaiko burua Cristina Bayona Sáez izan da, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; epaimahaikideak, berriz, Joaquín Ansa Erice, NUPeko Gizarte Kontseiluko burua; Ainhoa Aznárez Igarza, Nafarroako Parlamentuko presidentea; Roberto Aguado Jiménez eta Miguel Rodríguez Wilhelmi, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko zuzendariak hurrenez hurren; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko gerentea; Nekane Oroz Bretón, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen Ataleko zuzendari nagusia, eta Idoya Zabaleta Arregui, A3U programaren zuzendaria.