Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Saridunak

2019: AN Taldea

AN TALDEAK NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ENTITATE NABARMENAREN III. SARIA JASO DU (2019. URTEKOA)

Erakunde horrek NUPekin lankidetzan egin duen lana aitortzen du sariak, hain zuzen prestakuntzaren, laneratzearen eta ezagutzaren transferentziaren esparruetan

zoomInstalaciones del Grupo AN.

AN taldearen instalazioak. .

AN Taldeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Entitate Nabarmenaren III. Saria jaso du. Sari horrek lankidetza jardunbide egokiak aitortzen dizkie NUPekin edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetza formaleko hitzarmen bat duten edo izan duten erakunde eta entitateei.

Hala, Unibertsitateak AN Taldeari ezagutza zientifiko eta teknikoaren transferentziaren esparruan egindako lana eta lankidetza aitortu dizkio, baita ikasleen prestakuntza osoan eta laneratzean emandako laguntza ere. Gainera, nabarmentzekoa da AN Taldearen enpresa nagusian lan egiten duten unibertsitateko tituludunen % 51 (434 lagun) NUPetik datozela.

AN kooperatiba taldeak 1910ean eratu zen Nafarroan, eta 160 kooperatiba biltzen ditu, zortzi autonomia erkidegotako 42.000 nekazari eta abeltzain baino gehiago. Espainiako zereal-kooperatibarik handiena da, eta hegazti-operadoreetan laugarrena. Bazkideen nekazaritza-ekoizpenaren zati bat industria propio bihurtzen du, eta, gainera, beharrezkoak diren inputak haien esku jartzen ditu (ongarriak, produktu fitosanitarioak, pentsuak, aseguruak, erregaiak...). Sozietateak, sozietatearen enpresekin batera, 1.600 langiletik gora dauzka eta 1.157 euro fakturatzen ditu.

NUPeko AN Taldearen Katedra 

zoomLos miembros del jurado. De izda. a dcha. Juan Gallego, Iosune Pascual, Miguel Rodríguez, Unai Hualde, Cristina Bayona, Unai Garbisu y Pablo Arocena.

Epaimahaiko kideak. Ezkerretik eskuinera: Juan Gallego, Iosune Pascual, Miguel Rodríguez, Unai Hualde, Cristina Bayona, Unai Garbisu eta Pablo Arocena.

AN Taldeak eta NUPek 2002an hasi zuten ezagutzaren transferentziaren alorreko lankidetza. Gaur arte, 22 kontratu sinatu dituzte, guztira 500.000 eurotik gorakoak.  2014an bi erakundeek beren arteko lankidetzan urrats bat aurrera egin eta AN Taldearen Katedra sortu zuten. Katedra horren bidez, lehen sektorearekin loturiko jarduera ugari egin dira, besteak beste, tomate barietateak ernamuintzeko saiakuntzak baratzezaintzan, irina egiteko garien errendimenduaren hobekuntza laborantza estentsiboetan edo higienea hobetzeko sistemak abeltzaintzan, baita zaintza teknologikoko proiektuak ere (laboreak txandakatzea, fruta kameretan gordetzea).

Era berean, Katedrak dibulgazio jarduera ugari sustatu ditu (ikasketa amaierako lanei emandako sariak, bisitak, ikus-entzunezko materiala prestatzea...), ikasleen prestakuntza osoa eta laneratzea bultzatu ditu (horretarako, praktiketako 119 hitzarmen sinatu ditu Unibertsitateko fakultate eta eskola guztiekin), topaketetan, mintegietan eta hitzaldietan parte hartu du eta ikasleen ekintzailetza sustatzeko jarduerak egin ditu, besteak beste.

SARIA ETA EPAIMAHAIA

Entitate Nabarmenaren Saria urtero ematen da, eta haren bidez zenbait alderdi sustatu nahi dira: Unibertsitateak ezagutza transferitzea, berrikuntza teknologikoa eta soziala bultzatzea; NUPeko egresatuen prestakuntza osoa eta laneratze kualifikatua babestea; ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean ekintzailetzarako ekimena sustatzea; eta errealitate ekonomiko eta soziala Unibertsitateko komunitatera hurbiltzeko aukera emanen duten topaketetan, mintegietan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan parte hartzea. Halaber, Unibertsitateak eta gizarteak lankidetzan gauzatzen duten eta garapen teknologikoa eta ekonomikoa eta aurrerakuntza soziala nabarmen bultzatzen dituen ekintza oro indartu nahi da.

Sariketaren epaimahaiko burua Cristina Bayona Sáez izan da, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea. Epaimahaikideak, berriz, Joaquín Ansa Erice, NUPeko Gizarte Kontseiluko burua; Unai Hualde Iglesias, Nafarroako Parlamentuaren presidentea; Miguel Rodríguez Wilhelmi, NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko zuzendaria; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Unai Garbisu de Goñi, Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria; Pablo Arocena Garro, Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Enpresen Kudeaketako katedraduna, eta Juan Gallego García, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Garapeneko, NUP+ Sustapeneko eta Mezenasgoko zuzendaria.