2018(e)ko azaroaren 9a
Nafarroako Museoa (Iruñea): Grabitazio-uhinei buruzko jardunaldia

- Azalpena: hiru adituk azalpenak emango dituzte grabitazio-uhinen zenbait alderdiri buruz. Leku-denboraren dimentsioak aldatzen dituzten perturbazio txiki horiek indar handiko fenomeno astronomikoak dituzte sorburu, hala nola zulo beltzen arteko talkak eta neutroi-izarrak.
Grabitazio-uhinak ulertzeko, bola handi eta pisutsu bat imajina dezakegu koltxoi baten gainean, beste bola txiki eta arin baten ondoan. Lehenengoa hondoratu egingo da, eta bigarrena lehengorantz eroriko da. Grabitatearekin gertatzen dena irudikatzen du horrek, Albert Einsteinek sortu zuen ikuspuntu modernoari jarraikiz. Bola pisutsu horren modukoa da Lurra, bere inguruko leku-denbora (koltxoia) deformatzen baitu, gainerako objektuak (bola arina) erakartzen dituen bitartean. Etengabeko deformazioa da hori. Hala ere, fenomeno batzuek (orbitan dauden bi neutroi-izar, adibidez) deformazio bat eragiten dute, uhin baten moduan hedatzen dena, harri bat uretara botatzen denean bezala. Grabitazio-uhin bat igarotzen denean, objektuen distantziak eta dimentsioak aldatzen dira, modu hautemanezinean bada ere.
Grabitazio-uhinen existentzia da Albert Einsteinek egindako iragarpenen artetik egiaztatu gabe zegoen bakarra. Fisikariak duela mende bat proposatutakoa da iragarpen hori, baina ez zuen uste uhin horiek inoiz detektatuko zirenik. Nazioarteko esperimentu batek (LIGO) 2004az geroztik dihardu lanean uhinok zuzenean detektatzeko, eta 2016an lortu zen. Hala, badirudi grabitazio-uhinek bidea emango dutela Unibertsoari behatzeko leiho berri bat irekitzeko.
¿Grabitazio-uhinei buruzko saioa hiru hitzalditan egongo da antolatua. Honako hauek dira:
- “Grabitazio-uhinen astronomiaren hasiera” - Alicia M. Sintes Olives, Fisika Teorikoko irakasle eta LIGO Lankidetza Zientifikoko ikertzaile nagusia Balear Uharteetako Unibertsitatean. Hizlariak grabitazio-uhinak zer diren azalduko du, nola detektatu ziren, zer informazio berri ekartzen diguten eta zein eginkizun izan duen Balear Uharteetako Unibertsitateko Erlatibitate eta Grabitazio Taldeak egun iragarri diren grabitazio-uhinen sei detekzioetan.
- “Nola detektatzen dira grabitazio-uhinak? Zer da eta nola funtzionatzen du LIGOk? Froga praktikoa” - Agustí Pintó, Fisikan doktorea. Hitzaldi honetan aditzera emango da zer den interferometria teknika, eta LIGOn nola aplikatzen den grabitazio-uhinak detektatzeko. Eta modu praktikoan egingo da, martxan dagoen interferometro bat erakutsiz.
- “Grabitazio-unibertsoa, espaziotik behatua: ESAren proiektuak (Europako Espazio Agentzia)” - César García Marirrodriga, Europako Espazio Agentziaren LISA Pathfinder misioaren proiektu-zuzendaria. Hitzaldian zientzia berri baterako pausoak aurkeztuko dira, hots, espaziotik aztertutako grabitazio-astronomiarako. Hala, laburpen bat egingo da grabitazio-teleskopio handien bidez espaziotik behatzen ahal den unibertsoari eta Europako Espazio Agentzia (ESA) ematen ari den pausoei buruz. Horretarako, LISA Pathfinder misio espaziala aurkeztuko da, 2015eko abenduan espaziora bidali zena. Horretaz gainera, etorkizuneko LISA misiorako planak ere aurkeztuko dira. Misio hori 2030eko hamarkadan bidaliko da espaziora.
- Argibide gehiago: http://bit.ly/2NVBwFa
- Eguna: azaroaren 9a, ostirala
- Ordutegia: 17:00etatik 20:00etara
- Tokia: Nafarroako Museoko konferentzia-aretoa (San Domingo kalea, 47, Iruñea)
- Norentzat: jende guztiarentzat
- Iraupena: hiru ordu
- Oharra: sarrera doan aretoa bete arte
- Antolatzailea: NUPeko Irrati-teleskopio Proiektua (NUPeko 2018rako Kultura Proiektuen deialdian aukeratutako jarduera)
- Laguntzaileak: Nafarroako Museoa, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala
Zientziaren Lagunen Elkartearen web orrialdean dago ikusgai 2018ko Zientziaren Astea dela-eta Nafarroan antolatu diren jardueren programa osoa.
Volver