Hasiera > Informatika Zerbitzua > Zerbitzuen Katalogoa > Beste talde batzuk
Deskargatu getEduroam aplikazioa konektatuta egoteko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Informatika Zerbitzuaren bidez, datu-sarerako hari gabeko konektibitatea jartzen du unibertsitate-komunitateko kideen eskura, bitarteko horren bidez eskaintzen diren zerbitzuetara sarbidea errazteko helburuarekin: ikasgela birtuala, web-ataria, posta elektronikoa, Internetera sarbidea eta abar.
Hari gabeko sarea ohiko kable bidezko sarearen luzapen edo osagarri bat da, eta sare horretan zabalduta dago.
Gailu eramangarri edo mugikorretan erabiltzen da, hari bidezko sarea erabiltzea horren ohikoa ez den lekuetan: liburutegietan, ikasgeletan, biltzar-aretoetan, bilera-geletan eta abarretan.
Iruñeko Campuseko eraikin guztietan (Arrosadian eta Osasun Zentroan) hari gabeko estaldura dago, baita Tuterako Campusean ere.
Erabilera gehien aurreikusten den guneetan estaldura hobea emateko irizpideari jarraitu zaio: liburutegietan, ikasgeletan, ekitaldi- eta bilera-aretoetan, eta abarretan. Sarearen estaldura ona bermatuta dagoen lekuetan behar bezala seinaleztatuko da hari gabeko sarearen identifikadorea.
- Sare ireki ez-segurua (UPNA).
Hari gabeko sareko euskarria duen edozein gailu konektatu eta sareko konfigurazio-parametroak lortu daitezke automatikoki.
Erabiltzaileak Interneteko zerbitzuren bat erabili aurretik, bere erabiltzailea eta sarbide-gakoa eskatuko zaizkio sartzeko orri baten bidez.
Unibertsitateko komunitateko edozein erabiltzailek erabil dezake konexio mota hori.
Konektatzeko modu horren SSID sareko identifikadorea UPNA da; hura da lehenetsitako sarea, sarrerako gailuek iragartzen dutena. Internetera eta Unibertsitatearen sareko zerbitzu publikoetara sartzeko aukera ematen du.
Unibertsitate-komunitateko kideek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren datu-sarera sarbidea izango dute, datu horiek ikerketarekin, irakaskuntzarekin, kudeaketarekin edo Unibertsitatearen beraren xede eta helburuekin lotuta dauden jardueretan erabili ahal izateko.
Datu-sarea erabili edo datu-sare horretara sarbidea izateko (beste edozein helburutarako), Unibertsitatearen berariazko baimena beharko da.
Berariaz debekatuta dago datu-sarea legez kanpoko edozein jarduketarako erabiltzea.
Erabiltzaile guztiek eskura dituzten datuen konfidentzialtasuna errespetatu beharko dute.
Erabiltzaileek ez diete datu-sarera sartzen utziko Unibertsitatetik kanpoko beste pertsona edo erakunde batzuei, horiek Unibertsitatearen berariazko baimenik ez badute.
Datu-sarea modu eraginkorrean eta seguruan erabiliko da, ahal izanez gero, sarea ito gabe edo sarearen bidez birus edo har informatikoak hedatu gabe.
Sarera edo beste zerbitzu batzuetara sartzeko orduan unibertsitate-komunitateko kideak identifikatzen dituzten egiaztatze-datuak (erabiltzaile-izena eta pasahitza) pertsonalak eta besterenezinak izango dira.
Ezin izango da erabili hari gabeko sareko gailu aktiborik (sarbide-puntuak, routerrak eta abar); era berean, ezin izango da ad hoc hari gabeko sarerik sortu edo konfiguratu Informatika Zerbitzuaren berariazko adostasun edo baimenik gabe.
Eduroam RedIRIS proiektuaren baitan dagoen ekimen bat da eta nazioan hainbat erakunderen ekimenak koordinatzeaz arduratzen da, mugikortasun-eremu bakar bat lortzeko helburuarekin. Mugikortasun-eremu bakar hori nazioko eta nazioarteko hainbat erakunde akademikok osatzen dute eta horiek, erabilera-politika batean eta eskakizun teknologiko eta funtzional jakin batzuetan oinarrituz, batetik bestera mugitzeko aukera ematen diete beren erabiltzaileei; horrela, erabiltzaileek une oro erabil ditzakete behar izan ditzaketen zerbitzu mugikorrak. Erabiltzaile horiek, beste erakunde batera iristean, lan-inguru birtual bat erabili ahal izatea izango litzateke xede nagusia, ahalik eta modurik gardenenean. Horrela, lan-inguru birtual horretan erabiltzaileek Internetera konexioa, jatorrizko unibertsitateko zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea, eta une horretan dauden erakundearen zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea izango lukete.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko erabiltzaileentzako jarraibideak
Unibertsitate honetako erabiltzaile guztiak eduroam-ekin konekta daitezke, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren hari gabeko sarean nahiz ekimenaren barruan dagoen beste edozein erakunderen sareetan.
Unibertsitatearen sarera konektatzeko modalitate hori erabiliz, erabiltzaileak hark zifratuta dituen zerbitzuak erabili ahal izango ditu, web-autentifikazio bidez konektatzeko moduarekiko segurtasuna hobetuz.
Era berean, bisitatzen den beste unibertsitate baten sarea erabili ahal izango da, unibertsitate hori eduroam ekimenaren baitan badago. Kontsulta itzazu eduroam.es eta eduroam.org orriak, proiektuari atxikitako erakundeak zein diren jakiteko.
Eduroam konexioa konfiguratzeko, kontsulta ezazu konfigurazio-orria. Kontuan izan behar da konfigurazioa aldatu egin daitekeela beste unibertsitate batzuetan. SSID eta konfiguratu beharreko zifratze-mota konektatzen den erakundearen araberakoak dira
Galdera ohikoenak
Zein estandar onartzen ditu Unibertsitateko hari gabeko sareak?
Honako hauek dira hari gabeko gune guztietan onartzen diren estandarrak: 802.11b (2,4 GHz-ko maiztasun-bandan eta 11 Mbps-eko abiaduran), 802.11g (2,4 GHz-ko maiztasun-bandan eta 54 Mbps-eko abiaduran), 802.11a (5 GHz-ko maiztasun-bandan eta 11 Mbps-eko abiaduran) eta 802.11n (bi bandetan).
Zein sistema eragilerekin sar naiteke?
Sistema eragileak hari gabe sartzeko hardwarea onartzen badu, ez luke konexio-arazorik egon behar sarera modu irekian sartzeko. Sarrera mugatuaren kasuan, hari gabeko gailuaren kontrolagailuak WPA2 eta 802.1x-eko PEAP-GTC onartu beharko lituzke. Edonola ere, egiaztatu da Windows XP, Windows 7, Linux eta MacOS bateragarriak direla bi sarbide motetan.
Nola lor ditzaket nire erabiltzailea eta pasahitza sarean sartzeko?
Hasiera batean, irakasleek eta ikertzaileek, eta Administrazioko eta Zerbitzuetako langileek zerbitzura sartzeko erabiltzailea kontsultatu eta pasahitza alda dezakete TPSetan (unibertsitateko kutxazainak); horretarako, Unibertsitate Txartela behar dute.
Era berean, Unibertsitate Txartela duten ikasleek beren egiaztatze-datuak kontsulta ditzakete DATU PERTSONALAK atalean, campuseko edozein TPStan.
Zein da hari gabeko sarera konektatzeko modurik seguruena?
WPA2 (AES) zifratu bidezko eduroam erabiltzea da hari gabeko sarera konektatzeko modurik seguruena. Komunikazioen pribatutasunaren aurkako eraso ezagunak saihesten ditu. Zifratu gabeko sareen bidez konektatzeak (UPNA) ez du inolako segurtasunik ematen. Kasu horietan, aplikazioek (gmail, Facebook eta abar) eman behar dizkiete segurtasun-mekanismoak erabiltzaileei.
Gertakariak konpontzeko edo ekipamenduak konfiguratzeko, eta hari gabeko sarera konektatu ahal izateko, jarri harremanetan Informatika Zerbitzuko Erabiltzaileari Laguntzeko Atalarekin, 9090 luzapenean, edo apoyo.usuario@unavarra.es helbide elektronikoaren bidez.